Lankide:Saramantxola/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umezurtza da Kim (Kimball O’Hara)[1]. Bere gurasoak irlandarrak ziren, eta txiro hil ziren. Aita (Kimball O’Hara senior) sarjentua zen eta, beranduago, Indiako trenbide konpainia bateko langilea. Amak, berriz, koronel baten etxeko umezain gisa egiten zuen lan.

XIX. mende amaieran, India Britania Handiaren agintepean dago, eta Kimek Lahoreko kaleetan eskean ibiliz eta mandatu txikiak eginez lortzen du jatekoa. Noizean behin Mahbub Ali paxtunarentzat egiten du lan. Mahbub Ali zaldi saltzailea eta britaniar zerbitzu sekretuko agentea da. Kim hain dago Indiako kulturan murgildurik, non pertsona gutxi konturatzen baita ume zuria dela. Dena den, beti berarekin darama aitarena zen dokumentu sorta bat, txikia zenean zaintzen zuen emakume indiarrak emandakoa.

Kimek lama tibetar adindu batekin harreman estua egingo du. Lama Geziaren Ibai («River of the Arrow») legendazkoa aurkitu nahian dabil, Gauzen Gurpiletik («Samsara») askatu ahal izateko. Kim haren chela edo ikasle bihurtuko da, eta elkarrekin egingo dute bidaia. Ibilbidean, Kimek oharkabean Joko Handiari buruz ikasiko du, eta Mahbub Alik mandatu bat emango dio: Umballako inteligentzia zerbitzu britaniarreko buruari mezu bat igortzea. Kimek eta lamak Grand Trunk Road errepidean zehar egindako bidea da eleberriko lehen abentura handia.

Kasualitatez, Kimen aitaren erregimentuko kapilauak Kim identifikatuko du lepoan daraman ziurtagiria dela-eta, zeinak masoneria erakundeko parte-hartzailea dela erakusten baitu. Ondorioz, Kim eta lama indarrez banatuko dituzte. Lama kapilauaren planarekin bat etorriko da, Kimentzat onena dela uste baitu, eta gaztea Lucknow hiriko izen handiko St Xavier’s Schoolera (ingeles eskola bat) bidaliko dute. Lamak, abade ohia denak, haren heziketa ordainduko du. Buruhauste handia izango du Kimek: asko maite du lama, baina agente sekretu bilakatzeko sekulako grina du; are gehiago, bera harrapatzeagatik ordainsari bat egotea nahi du. Hala ere, jatorriz espiritu librea da, eta independentzia behar du.

Eskolan igarotako urteetan zehar, Kim eta bere lama maitea harremanetan egongo dira. Lamarekin ez ezik, zerbitzu sekretuarekin ere harremanetan egongo da. Kimek eskolan oporrak dituenean, Britania Handiarentzat topografo (pundit) bilakatzeko asmotan, Lurgan Sahibek espioitzan entrenatuko du, Simla hirian dagoen haren bitxi-dendan. Gizona Oliver Twist eleberriko Fagin pertsonaiaren antzekoa da, baina borondate onekoa. Haren prestakuntzaren ariketa gisa, objektu ezberdinez betetako erretilu bati begiratu beharko dio gazteak, eta zein objektu kendu edo gehitu diren adierazi. Gaur egun, denbora-pasa horri Kimen jolasa («Kim’s Game») edo Bitxien jolasa («Jewel Game») deitzen zaio oraindik. Horretaz gain, sekretuan aritu ahal izateko eta isilean dabiltzan horiek aurkitzeko, prestakuntzaren beste atal batzuk mozorrotzea eta Indiako biztanleria aztertzea izango dira: haien jantzi bereizgarriak, portaerak eta baita nola tu egiten duten ere ezagutu beharko du xeheki.

Eskolan hiru urte egin ondoren, Joko Handian parte hartzen hasteko gobernuaren izendapen bat jasoko du Kimek, baina, misio horri ekin baino lehen, merezitako atsedena hartu ahal izango du. Kim lamarekin elkartuko da berriz ere, eta bere nagusi Hurree Chunder Mookherjeeren aginduari jarraiki, Himalaiara joango dira. Bertan, Errusiako inteligentzia zerbitzuko agenteak zer egiten ari ote diren ikertu beharko du.

Britaniarrek eskualdean duten kontrola ahultzeko lanean ari diren errusiarren mapak, dokumentuak eta beste hainbat gauza garrantzitsu eskuratuko ditu gure protagonistak. Mookherjee nagusiak, egiatan nor den ezkutatuta, gidari plantak egin eta errusiarren lagun bilakatuko da, eta Kimek lortutako gauza horiek guztiak berreskuratzen ez dituztela ziurtutako du. Mutilak, morroi eta herritar batzuen laguntzarekin, lama erreskatatzea lortuko du.

Galdu egin dela ohartuko da lama: lautadetan egon beharko luke Geziaren Ibaiaren bila, eta ez mendietan. Hori dela eta, lamak morroiei Kim eta bera berriz bueltan eraman ditzaten eskatuko die. Itzuli ostean, izandako bidaia neketsuaren ondoren, biak zaindu eta sendatuko dituzte. Kimek Errusian eskuratutako dokumentuak Mookherjee nagusiari bidaliko dizkio, eta Mahbub Ali, kezkatuta, mutila nola dagoen ikustera joango da.

Lamak bere Geziaren Ibaia aurkituko du azkenean: argiztapena lortu duen ustea izango du, eta Kimekin partekatu nahiko du. Alabaina, ez da jarraian zer gertatzen den kontatzen.

  1. (Ingelesez) Kim (novel). 2021-04-23 (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).