Himalaia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Himalaia
Everest North Face toward Base Camp Tibet Luca Galuzzi 2006 edit 1.jpg
Datu orokorrak
Mendirik altuenaEverest
Garaiera8.848,86 m
Luzera2.400 km
Zabalera250 km
Azalera600.000 km²
Geografia
Map
Koordenatuak29°N 84°E / 29°N 84°E / 29; 8429°N 84°E / 29°N 84°E / 29; 84
Honen parte daAlpetar gerrikoa
Geologia
GaraiaEozeno

Himalaia[1] Asia hego-erdialdeko mendikatea da, Indiako azpikontinentea Tibeteko goi-lautadatik bereizten duena. 2.800 kilometro luze eta 250-500 kilometro zabal da, eta Pakistan, India, Tibet, Nepal, Sikkim eta Bhutanen zehar hedatzen da, arku bat eratuz. Munduko mendigunerik garaiena da, eta 8.000 metrotik gorako 14 gailur ditu. Everest (8.844 metro) altuena da, baita mundu osoko gailurrik gorena ere.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena sanskritotik datorː hima (“elur”) + ālaya (“bizileku”), hitzez hitz, “elurraren bizilekua”.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioz, Karakorum mendikatea, Tibeteko Transhimalayako mendiak, eta Himalaia Indiako lautadetatik banatzen dituzten Siwaliks muinoak Himalaiaren barnean sartzen dira. Zorrotzagoak izanez gero, egungo geografoek Himalaia eta Karakorum desberdintzen dituzte: Karakorum Himalaiako ipar-mendebaldean dago eta berezko ezaugarri geologikoak dituen mendikatea da.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Himalaiako orografia guztiz malkartsua da. Hiru mendi lerro paraleloz osatuta dago:

  • Himalaia Handia, batez beste 7.000 metro baino garaiera handiagoko mendiak, munduko mendirik garaienak biltzen dituena (haietatik hamalau 8.000 metroz goitikoak);
  • Himalaia Txikia, 2.000 eta 5.000 m bitartekoa;
  • Kanpoaldeko Himalaia, 700 eta 1.700 m bitartekoa.

Mendi sailak Nepalen eta Indian Siwaliks deituriko muinoetatik bat-batean gora egiten du; Tibet aldean, berriz, 5.000 metro inguru gora diren goi-ordokietan zabaltzen da.

Langtang mendigunea, Nepal

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai askoren iturburua da Himalaia: besteak beste, Indus, Ganges, Yamuna eta Brahmaputrarena.

Klima, landaredia eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Himalaiak Erdialdeko Asiako hotzetik babesten ditu India eta Pakistan. Bestalde, klimari, landarediari eta faunari dagokienez, alde handiak dira leku batetik bestera, oso mendi multzo zabala baita. Ekialdeko Himalaian, 1.800 metrorainoko mendiek Tropikoko basoen itxura dute udako montzoiari esker, eta ugaztun handiak bizi dira han, tigreak, panterak eta elefanteak; baso sarria, 1.800 eta 3.600 metro bitartean dago, eta handik goiti larrea; elur iraunkorraren eremua, berriz, 4.500 metro inguruan hasten da. Himalaiako gainerako lurraldeetan pinu basoak dira nagusi 4.000 metrotik behera, eta basurde, katamotz, zakur eta asto basatiak bizi dira bertan. Mendebaldeko Himalaia lehorragoa da, eta elur iraunkorraren eremuak 5.500 eta 6.000 metro bitartean du muga. Himalaia osoa munduko lurralderik oparoenetakoa da, eta hegazti mota asko bizi da bertan.

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Himalaia duela 5 milioi urte hasi zen sortzen, aro tertziarioan, eta plaken tektonikaren teoriaren arabera, antzinako Gondwana eta Eurasia kontinenteen arteko talkaren ondorioz eratu zen.

Banaketa politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Himalaietako mapa.

Himalaian hainbat herrialde daude. Karakorumaren iparraldeko isurialdea Txinako Xinjiang eskualdeari dagokio. Hegoaldekoa, berriz Pakistani. Ekialdeko ertzean Kaxmir eskualdea dago, 1947. urtetik Pakistanen eta Indiaren arteko liskarrak sortu dituena. Zentzu hertsian Himalaia denaren iparraldeko isurialdea Tibeti dagokio, Txinak okupatutako lurraldea, eta hegoaldea Pakistan, India, Nepal eta Bhutanen artean banatzen da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paro Taktsang monasterio budista, Bhutan

Iparraldeko etniak nagusiki mongoloideak dira, budistak erlijioz. Hegoaldean, ostera, etnia eta kultura ugari daude; Nepalen bertan 19 etnia nagusitik gora daude. Nagusiki musulmanak dira mendebaldean eta hinduistak erdialde eta ekialdean.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendate gutxi dagoenez (Sikkimen eta Kaxmirren gehienak), komunikazioak zailak dira. Nekazaritza egonkorrik ere gutxi dago; haran hondoak eta mendi mazeletako terraza zabalak lantzen dituzte (Kaxmirren eta Nepalen bereziki). Arroza, garia, garagarra, artatxikia eta patata biltzen dira, eta baita zenbait fruitu ere: laranja eta banana (Katmandu), mahatsa eta arbeletxekoa (Kaxmir). 1.800 metro ingurutik gora, ahuntzak, jakak eta ardiak hazten dira.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]