Larratxoko gizarte-mugimendua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Larratxo 1977ko abendua. Haurtzaindegia eskatzeko manifestazioa

Larratxoko gizarte-mugimendua 1970ko hamarkadaren amaieran sortu zen, auzoaren sortzearekin batera. 1970. eta 1980. hamarkadetako gizarte mugimendua askoren antzera, hirietan sortutako auzo berrien gabeziak eta administrazioak haiekiko zuen utzikeria salatzeko sortu zen. 1960. eta 1970. hamarkadetan hirigintza eredu antolatugabearen gizarte-erantzuna ere izan zen.

Larratxo auzunearen sorkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larratxoko kalea 1970. hamarkadan.

Larratxo auzunea 1970eko hamarkadan eraiki zen Donostiako Altza auzoan. Auzune berriaren eraikuntzaren arrazoi nagusia Pasaiako portuaren inguruan biltzen ari zen immigrante kopuru handiari leku egitea zen, izatez, ez baitzegoen behar adinako etxebizitza kopururik kanpotik etorritako etorkin guztiak jasotzeko. Konstruktoreek eraikin altu eta trinkoak egin zituzten, dentsitate handikoak, auzunean inongo ekipamendu publikorik utzi gabe: haurtzaindegia, haur eskola, argiztapen publikoa iraunkorra, espazio berdeak eta jolastokiak, jubilatuentzako eta gazteentzako lokalak, anbulatorioa, estolderia egokia, zakarrontziak, garraio publikoak...Auzuneko kale bakarrean espazioa partekatu behar zuten bereizketarik gabe pertsonek, ume-kotxeek eta autoek. Auzoak zuen zerbitzu komun bakarra eliza zen.

Gizarte-mugimenduen sorkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzo Elkartearen sorkuntzarekin, eta hainbat batzordeen lanaren ondorioz, hainbat lorpen erdietsi ziren: haur eskolaren eta eskola baten eraikuntza; argiztapen publikoa jartzea; autobusa Larratxo pasealekuraino iristea; etxe-dorre berrien eraikuntza gelditzea eta hirigintza plangintza bat abiaraztea udaletxean gutxieneko antolamendua izateko. Oinezkoentzako pasabideak egin ziren, anbulategia egiteko lursailak eman ziren eta helduentzako euskara ikastaroak antolatu ziren ere. Halere, estolderia, garbiketa zerbitzua eta abar oso eskasak ziren, eta hiri plangintza proiektua bera ere politika eraikitzailearen joerara berriro lerratzeko arriskua zegoen.

Artean, Donostian berrezarpen demokratikoa ez zen gertatu oraindik eta Barne Ministerioak jarritako gestora batek agintzen zuen hirian.

Larratxoko Haurtzaindegia, gizarte borroka baten eredu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Romualdo de Toledo ikastetxe zaharra 1977an

Hezkuntza Batzordearen lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larratxoko haurtzaindegia 1978an sortu zen Auzo Elkarteko Hezkuntza Batzordearen bitartez. Batzordearen lanak 1977an hasi ziren eta abiapuntu nagusia auzoaren populazioaren inguruko azterketa izan zen. Lehen eraikuntzak egin zirenean, auzuneak 11.000 biztanle zituen, eta bi urte beranduago, 16.000 biztanle; populazioaren %90a etorkina zen eta %80ak ez zituen 30 urteak gainditzen.

Atez ateko galdeketa baten ondorioz, agerian geratu zen auzoko behar nagusienetakoa eta larrienetakoa haurtzaindegi baten eraikuntza zela.

Aldarrikapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaletxeari lokal bat eskatu zitzaion Haurtzaindegia egiteko baina erantzunik ez zen lortu. Horren aurrean, presio kanpaina bat hasi zen auzoan: maindireak jarri ziren balkoietan, udalbatzetara joan ziren protesta egitera, eta hainbat bateratze eta manifestazio antolatu ziren haurtzaindegia aldarrikatzeko. Escrache moduko bat ere egin zitzaion Fernando de Otazuri, orduko Donostiako Alkatearen etxearen aurrealdean. Ekintza horiek emaitzarik ematen ez zutela ikusita, 200 pertsonatik gora parte hartu zuten biltzar batean Auzo Elkarteak Romulado de Toledo ikastetxeko atezainaren etxea okupatzea erabaki zuen.[1] Etxebizitza horretan sute bat gertatu zen eta ordutik hutsik zegoen. Etxebizitzako atea behera bota eta sartu aurreko gauean, Hezkuntza Ordezkaritzako batek espazioaren lagapena adosten zuen dokumentu bat eskaini zion elkarteari, txukunketa lanak egiteko 400.000 pezetarekin batera.[2] Lan horiek auzotarrek egin zituzten oso-osorik. Handik hilabetera haurtzaindegiak ateak ireki zituen 35 plazak dagoeneko beteak zituela 0-4 haurrentzako. Ordutegia 06:30-19:00 bitartekoa zen, larunbata goizak barne, eta horrela lanean zebiltzan familiei aukera zabala eskaini zitzaien.

Eredu pedagogikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaindegiaren kudeaketa eredu nagusia autogestioa izan zen. Erabakiak hartzeko erakunde gorena gurasoen eta langileen arteko biltzarra zen. Kuota batzuk ezarri ziren eta horrekin 6 langileren soldata betetzen zen.

Ordurako nahiko berritzaileak ziren zenbait irizpide ezarri ziren. Rosa Sensat eskolaren, eta geroago, UNESCOren jarraibideak aplikatu ziren. Horien artean, exterogestazioa aintzat hartzea zegoen. Garai hartan ez zen ohikoa 0-10 hilabete bitarteko bizialdiari berariazko garrantzia eskaintzea; haatik, uste zen haurra haurtzaindegira ahalik eta lehenago joatea hobeagoa zela, aldaketa konturatu gabe egiten baitzuen. Era berean, haurrari titia hark eskatu ahala ematea ez zen gomendatzen eta sei hilabeteetara etetea gomendatzen zen. Larratxoko haurtzaindegian aldiz ordurako berritzailetzat hartzen ziren zenbati irizpide pedagogiko erabiltzen hasi ziren: haurrak 8 hilabetetatik aurrea sartzea gomendatzen zen horretarako amei lanean ahal ziren lizentzia guztiak erabiltzeko eskatuz; erritmo indibidualen errespetua; haurren nahien asebetetzea; mugimendu askatasuna, marruen aurreko bat-bateko atentzioa, naturarekin harremana eta autoerregulazioan konfiantza.

Gurasoen inplikazioa oso garrantzitsua zen eredu honetan. Hezkuntzaren inguruko hitzaldiak eta lantegiak antolatu ziren gurasoentzat, pedagogiaren inguruko liburuen irakurketa bultzatu zen. Horrez gain, gurasoek haurtzaindegiko egunerokotasunean parte hartzen zuten. Adibidez, astero astero, guraso langabeturen batek haur handienak autoan hartu eta Garberako zelaietara eramaten zituen.

Emakume langileentzako arnasbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaindegiak auzoko amentzat lanean aritzeko aukera emateaz gain, bertako langileentzat ere kontziliatzeko aukerak irekitzen zituen, izan ere, zaintzaileek eurek beren haurrak eramaten baitzituzten haurtzaindegira. Txandak antolatzeko garaian, haur txikiena zuenak txanda erabakitzeko lehentasuna zuen

Munizipalizazioa eta lokal berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larratxo haurrak eraikuntza tresneriarekin jolasean (1977).

1979an haurtzaindegiaren munizipalizazioren auzia sortu zen. Batetik, haurtzaindegia txiki geratu zen eta instalakuntza zabalagoak behar zituen. Bestetik, ordaintzen ziren kuotak ez ziren aski sei zaintzaileen soldatak ordaintzeko, eta beraz, defizita gorantz egiten ari zen. Horren aurrean berriro bildu zen auzo elkartea eta munizipalizazioa eskatzeko mobilizazioak hasi zituzten: kontzentrazioak, udalbatzara joatea... Azkenik munizipalizazioa onartua izan zen EAJren, HBren, EEren eta PSOEren aldeko botoekin eta UCDko kontrako botoarekin. [3]

Hala ere, haurtzaindegiaren munizipalizazioak alboko kalteak izan zituen, batez ere antolakuntza eta kudeaketa alorrean:

  • Lanaren banaketa funtzionala ezarri zen.
  • Langileen soldatak jaitsi egin ziren.
  • Gurasoen iritziek pisua galdu zuten.
  • Seaska eta koltxoneta indibidualak ezarri ziren eta menuak arruntagoak bihurtu ziren.
  • Irteerak, segurtasuna arrazoi, galarazi ziren.
  • Sarrera ordua atzeratu eta irteera ordua aurreratu egin ziren, Donostiako gainerako udal haurtzaindegien ordutegiarekin bat egiteko.
Langileen erregularizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanean ziharduten sei langileen erregularizazioak auzi berezia piztu zuen. Udalak kontratazio berri bat egin nahi zuen eta horretarako oposizio irekia deitu zuen. Langileak eta guraso elkarteak ez zeuden ados honekin ez baitzen aintzat hartzen haiek egindako lana eta eskarmentua. Haserrea hain izan zen latza ezen sei hezitzaileak eta gurasoen ordezkaritza batek astebeteko itxialdia egin zuten udalbatza aretoan. Are gehiago, udalbatza aretoan bertan antolatu zuten haurtzaindegia.[4] [5]

Haurtzaindegiaren itxiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993an haurtzaindegia itxi egin zen. Udalaren arabera, eskari nahikorik ez zegoen haurtzaindegia mantentzeko. Bestalde, kontuan hartu behar da ere urteko kuota 20.000 pezetatik 30.000 pezetara pasa zela urte betean, eta garai hartan soldata minimoa 58.530,00 pezetakoa (351,77 euro) zela.[6][7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Larratxo y Roteta esperna un año más. Hacen falta también guarderías. La Voz de España. 1977ko urria.
  2. Larratxo pide a gritos una guardería. Egin, 1997-10-13.
  3. Un solar para la guardería de Larratxo. La Voz de España. 1979-10-30.
  4. Encerrona de la educadoras de la Guardería de Larratxo". Diario Vasco. 1980-3-22.
  5. Las trabajadoras de la guarderia de Larratxo continuarán encerradas. Egin. 1980-3-26.
  6. Tablas anuales del salario mínimo interprofesional
  7. Larratxo se ha quedado sin guardería". "Los padres culpan al Ayuntamiento por buscar su cierre subiendo cuotas. Egin. 1993-8-5.