Latinxua Sin Wenz
Hemengo testu batzuk txineraz daude. Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera ikurrak ikusiko dituzu txinera ikurren ordez. |
Latinxua Sin Wenz (txineraz: 拉丁化新文字, pinyinez: lādīnghuà xīn wénzì, hitzez hitz, "latindartutako idazkera berria") mandarin txineraren erromatartze (latindar alfabetorako transkribatze) sistema bat da, hasiera batean Sobietar Batasunean garatua, 1929an. Latinxua Sin Wenzak ondoren Hanyu Pinyin sistemak (gaur egun erabiltzen dena) hartutako hainbat ezaugarri ditu. Esaterako, c eta z hizkien edota ch eta zh digrafoen erabilera gaur egun Hanyu Pinyinak darabilen bera da. Zentzu horretan, latinxua sin wenza Hanyu Pinyinaren aurrekaria da.
Txinera erromatartzeko beste sistema batzuk ez bezala (Wade-Gilesa, adibidez), Latinxua Sin Wenza txineraren idazketa sistema estandar gisa sortu zen. Wade-Gilesa eta antzekoak, aldiz, txineraren hotsak latindar alfabetoaren bidez adierazteko sortu ziren, txinerazko izen nahiz termino zehatzak Europako hizkuntzetara itzuli ahal izateko. Horrela, Latinxua Sin Wenza txinatar idazketa sistema gainditu nahi zuten Txinako hainbat intelektual erreformistak bultzatu zuten, txinera sistema fonetiko baten bidez idatzi ahal izateko.