Legarralde baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Legarralde
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Zizurkil
Legarralde baserria hemen kokatua: Gipuzkoa
Legarralde baserria
Legarralde baserria
Legarralde baserria (Gipuzkoa)
Ezaugarriak
Garaia XVI-XVIII. mendeak
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2006ko abenduaren 11a

Legarralde Zizurkilen (Gipuzkoan) dagoen baserria da, XVI. mendeko lehen laurdenean eraikia. Garai hartakoak dira, hain zuzen, harlanduzko hormak eta egurrezko egitura. XVIII. mendean, eraikina zaharberritu egin zuten; fatxada nagusia aurrera eraman zen eta gainerako harlandu-hormak eraiki ziren garai hartan.

2006ko abenduaren 11an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legarralde baserriak oinplano laukizuzena —22 x 16 metrokoa—, bi solairu eta ganbara ditu.

Legarralde baserria, ekialdetik

Kanpo-perimetroko horma gehienak harlangaitzezkoak dira. Baserriaren zenbait zati harlanduxka gotikokoak dira, kanpoaldetik ikusten ez direnak; halaber, kareharri landuz egindako eskantzuak ditu (baserriko harri-horma gehienak kareharrizkoak dira), eta bi isurialdeko estalkia, eskuz landutako hodi-teila mekanikozkoa. Estalkia gailurduna du, eta gailur hori elkarzuta da ekialderantz jotzen duen fatxada nagusiarekiko. Fatxada horrek, hegoaldean, arku handi bat du, eta arku hori igarota arkupe edo karrera batera sartzen da; arkupeak ekialdeko fatxada guztia hartzen eta estaltzen du alde horretatik. Arkupe horren estalkiak eraikinaren estalkiko hormatalari jarraitzen dio. Arkupe horrek, hegoaldeko fatxadan, sarrera handi bat du, harlanduz egindako bi zutaberen artean. Zutabe horietako baten erdian gurutze bat dago zizelkatuta, eta hauxe irakur daiteke bertan: "Alonso de Eizmendi. Año 1725"; izan ere, urte horretan eraiki zen arkupea. Arkupetik sartzen da, egun, baserrira, eta beheko solairuan bi etxebizitza daude, sarrera-ate bana dutela. Ekialdeko fatxada nagusia zarpiatuta eta zuriz margotuta dago. Fatxada horrek, erdialdean, bi orriko atea du, zurezkoa, eta hortik sartzen da alde horretako ukuilura. Lehen solairuan, erdian, bi leiho daude, zurezko laukidunak, gune horretako egitura erabat estalia da eta han daude bi leihoak. Horien ezkerrean, harlanduzko ezpadura duen leiho txiki bat dago.

Ganbara irekita dago, eta ohol batzuk baino ez ditu horma pikoan. Mendebaldeko fatxadak, iparraldean, egitura erantsi bat du, beheko solairuan. Fatxada hori oso sendoa da, eta harlanduxkoz egina da beheko aldean, eta harlanduz goikoan. Beheko solairuan, zurezko eta bi orriko ate bat igarota, baserriko bigarren ukuilura joaten da. Fatxada horren lehen solairuko eta ganbarako baoek harlanduzko ezpadura dute. Mendebaldeko fatxada ere zarpiatuta eta zuriz margotuta dago. Lurraren desnibela dela-eta, ezin da baserriaren iparraldea ikusi, baina bertatik iristen da baserriko lehen solairura, bi isurialdeko teilatu txiki batez babestutako zurezko atetzar batetik.

Baserri honen jatorrizko oinplanoa karratua da, 16 x 16 metrokoa.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sukaldeak baserriaren beheko solairuan daude, lehen aipatutako arkupe edo karrerara irekiak. Beheko solairuan atal bateko lau zutabe handi goititzen dira, ordena erregularrez kokatutako harrizko zapata handien gainean jarriak. Angelu sarkorretan mihiztatutako habez eta besoz mihiztatzen dira zutabe horiek. Erdian, habe-dolare handi bat du, lau bernia dituena. Alde horretan ditugu, halaber, baserriak duen dolare gotikoa eta dolareko sobigainuak eta azpileko oholtza. Lehen solairuaren aurrealdean, sobigainuen gainean, dolareko azpila dago, kantalera eta guzti, eta lehen adierazitako berniak agirian. Horien artean, baserriak gerora izan zuen dolare barrokoaren ainguraketak ikusten dira. Lehen solairu horretako alde bat osorik dago, eta bertan daude gelak eta bestelako aretoak, morteroz eta harriz betetako zur-bilbedun trenkadaz banatuak.

Dolarearen gainean dago ekialdeko ganbara, oholtza batez estalia. Mendebaldeko ganbara ere oholtza batez estalia dago, eta bertara sartzeko atea mihiztatutako oholtzaz egina du. Ganbarek lodiera handiko petralak dituzte, zurezko urkilek eta besoek eutsiak; urkila-besoek, berriz, arotz-markak eta zenbaki erromatarrak. Gapirio gehienak atal bakarrekoak dira.

Legarralde baserriaren barne-egitura eta horma batzuk XVI. mendekoak dira. XVIII. mendean, kanpo-perimetroko hormak eta estalkia aldatu zitzaizkion baserriari; halaber, arkupea edo karrera erantsi zitzaion.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]