Les Mecaniciens

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Les Mecaniciens
Datuak
Jatorria Irun (Gipuzkoa)
Musika mota Pop
Jazz
Urteak 1990 - 1993
Produkzioa
Diskoetxea(k) Elkar Diskoetxea
Esan Ozenki
Taldekideak
Jabier Muguruza
Ane Irazu
Treku Armendariz
Informazio gehigarria
MusicBrainz fc919e8f-6b53-47d8-9271-bc570e3bc089
http://www.jabiermuguruza.net
(Jabier Muguruzaren Webgunea, taldearen sortzailea)

Les Mecaniciens Euskal Herriko musika talde bat izan zen, 1993. urtetik desagertua, pop eta jazz musika-estiloekin egindako nahasteen bitartez bere lana oinarritzen zuena. 1990. urtean sortu zen egungo Jabier Muguruza musikariaren eskutik, umeei zuzendutako "Ja, ja" (IZ, 1989) bere lehen lanaren grabaketa eta gero, lan antzekoren bat egiteko helduentzat.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irun aldean (Gipuzkoa) sortu zen Les Mecaniciens, 90eko hamarkadaren hastapenetan. Jabier Muguruzak (akordeoia eta koruak) haurrentzako disko bat kaleratu zuen hilabete batzuk lehenago, Ja, ja (IZ, 1989), baina ordurako beste estilo bateko kantuak eginda zituen, musikalki erritmo beroetara emanak eta hitzetan satiratik gertu zeudenak. Hain zuzen, «zirikatzeko» sortu zuen Les Mecaniciens, epe luzeko proiektua izateko asmoarekin. Hainbat musikariz inguratu zen, horietako batzuk Ja, ja-n parte hartutakoak zirenak: Satur Babon, Jean-Louis Hargous eta Carlos Hipolitok osatutako haize atala, Ane Irazu abeslaria, Iban Zugarramurdi bateria jotzailea (Su Ta Gar, Baldin Bada, ...) eta Gorka Orrantia baxu jotzailea. Euskaraz 'mekanikoak' hitza esan beharrean beti frantsesezko mecaniciens erabiltzen zuen Ipar Euskal Herriko lagun bati hartu zioten talderako izena.

Berehala eman zuten argitara lehen diskoa, Erabakia (Elkar, 1991). Satira eta umorea erabiliz, Euskal Herriaren egoeraren «kritika ironikoa» egin nahi zuen Les Mecaniciensek. «Esango nuke ez direla idiotentzat eginiko hitzak. Une honetan musikan entzuten diren hitz asko eta asko lotsagarriak dira. Gure asmoa izan da alor hau bereziki zaintzea», azaldu zuen Muguruzak (1). Musikalki ere bere aire bat ekarri zion euskarazko kantagintzari, Afrikako eta Hego Amerikako erritmoak, rocka, jazza eta pop musika nahastuz.

Hurrengo urtean kaleratu zuen bigarren lana, Ia xoragarria (Elkar, 1992). Oraingo honetan taldearen txantxarako gogoa izenburutik bertatik antzeman zitekeen, Euskal Herriaz ari baitzen. «Satira eta umorea landuz beste ikuspegi bat ematen saiatzen gara, orain arte eman den ikuspegi dramatikotik kanpo» (2). Juanjo Falcon (baxua), Jose Luis Aristi (tronboia) eta Iñaki Sebastian (bateria) batu ziren taldera disko horren grabazioan. Berriz ere Jabier Muguruzak sortu zuen musika gehiena, baina hitzetan beste idazle batzuen ekarpen handia jaso zuten: Iñaki Irazu, Joxemari Iturralde, Xabier Lete... Ja, ja diskotik kantu bat berreskuratu zuen Muguruzak lan horretarako, "Gure aitona", baina oraingoan Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren hitzak erabilita.

Epe luzeko proiektua zena, ordea, hirugarren diskoarekin ahitu zen, kontzertu eskasiak eta bakarkako bidea ibiltzen hasteko Jabier Muguruzaren erabakiak eraginda. Horrela, Euskadi, jende gutxi-k (Esan Ozenki, 1993) taldearen agurra ekarri zuen. Berriz ere ironia ageri da izenburuan, eta alderdi musikalean, jazzaren eragin handiagoa dago disko honetan, Lester Bowie tronpetista handia zenaren bertsio bat barne, "Lester reggae". Halaber, hitz gehienak Iñaki Irazuk eta Bernardo Atxagak idatzitakoak dira. Geroztik, Irazuk hainbat kantu idatzi ditu Jabier Muguruzarentzat.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. Erabakia (1991)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Erabakia" Les Mecaniciens taldeko lehen lana izan zen, Elkar Argitaletxea-k argitaratuta. Taldearen sorketaren hurrengo urtean atera zen kalera, LP formatuan soilik eta taldearen zortzi abestidun disko bakarra izanez, lau alde bakoitzeko. Argitalpenaren ondoren eta bere sustapenerako, taldeak Les Mecaniciens izeneko single bat kaleratu zuen "Bizitza bi" eta "Asmakizuna" abestiekin. Diskoaren abesti guztiak hauek dira:

  1. Gure turista.
  2. Bizitza bi.
  3. Erabakia.
  4. Hi bezala.
  5. Ez dago fiatzerik.
  6. Asmakizuna.
  7. Etxe eskubidea.
  8. Siga rusga.


2. Ia xoragarria (1992)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldearen bigarren diskoa "Ia xoragarria" du izena, Elkar Argitaletxea-k ere argitaratua eta CD-DA formatuan grabatutako lehena. Bederatzi abestidun disko honek Jabier Muguruzaren "Ja, ja" diskotik ateratako abesti bat dakartzan taldeko bakarra da ("Gure aitona"), entzule helduentzat egokituta. Gainera, bi abesti instrumental zekartzan lehena izan zen ("Frichti" eta "Bezugo"). Gehien entzun izan zen abestia "Ia xoragarria" bera izan zen eta diskoak hurrengo guztiak dauzka:

  1. Mutiko arrotzaren kanta.
  2. Harria bezain mutu.
  3. Haize idiota.
  4. Ene printzesa ttipi.
  5. Frichti.
  6. Ia xoragarria.
  7. Gure aitona.
  8. Bezugo.
  9. Haurrak haunditzen doaz.


3. Euskadi, jende gutxi (1993)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993. urtean izan zen taldearen banaketa, baina horren aurretik "Euskadi, jende gutxi" deitutako azken lana grabatu zuten Esan Ozenki Records-en sartu ondoren. Lan honetan Les Mecaniciens-ek nabaritu arazi egin zuen jazz musikaren bereizgarri gehien, eta bere azken abestia "Sagarrondo ttipi bati" izena duen sehaska kanta da, taldeak egindako lan guztia agurtzen duena. Bere bederatzi abestitan aurkitu daitezke, "Ia xoragarria"-n bezala, bi instrumental ("Lester reggae" eta "Agirre"), eta diskoetxeak bere bi errekopilatorio ospetsuetan erabilitako bi abestiak: "Soomaaliya" Independentzia 5 urtez diskoan eta "Ene jaka zaharra" Independentzia 10 urtez diskoan. Pista zerrenda hurrengoa da:

  1. Euskadi, jende gutxi.
  2. Ene jaka zaharra.
  3. Soomaaliya.
  4. Lester reggae.
  5. Kontestadore alua.
  6. Desioren zapatak.
  7. Kabinako aitona.
  8. Agirre.
  9. Sehaska kanta (Sagarrondo ttipi bati).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]