Lesakako ezpata-dantza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lesakako ezpatadantzariak makil-gurutze pausuaz mugitzen.

Lesakako ezpata-dantza Euskal Herriko dantza ziklo ezagunenetariko bat da, bere baitan egiten delako Zubigaineko dantza famatua. San Fermin egunez, uztailaren 7an, egin ohi da ospakizuna eta bereziki egun handia da lesakarrentzat, zeinak Lesakako herri nortasunaren sinbolo oso garrantzitsutzat baitituzte ezpatadantzariak.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lesakako ezpatadantzarien jantzia

Lesakako ezpata-dantza Nafarroan etenik gabe biziraun duen mota honetako dantza bakarra da. Lesaka Nafarroan egonik ere, errituaren ezaugarri nagusiei erreparatuz gero argi dago Lesakako dantza-zikloa Gipuzkoako ezpata-dantzaren tradizioari lotzen zaiola, bertako hainbat herritan mantendu diren jite bereko dantzekin elementu komunak elkarbanatzen baititu. Erritu luzea da eta momentu desberdinak bereizten dira egunean zehar. Dantza-taldea kapitain edo aintzinesku batek eta gazteen kopuru bikoitiak osatzen dute. Aintzineskua aurrean doa, eta gainontzeko gazteak bi ilaratan banatuta bere atzetik. Normalean hamabost dantzari izaten dira; dena dela, hamahiru zein hemeretzi ere izan daitezke. Ezpata-dantzetarako, elkarren lotzeko makilak erabiltzen dira, garai bateko ezpaten ordezko direnak. Dantzariak zuriz jantzita doaz, txapela gorriaz, bularraldean eskapularioak eta gurutzatutako kolorezko xingolak eramanez, bai eta oinetan espartinak eta txorkatiletan kaskabiloak ere.[1]

Goiza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren 7an, goizeko 08:00etan, txistulariak eta ezpata-dantzariak Plaza Zaharrean elkartu eta beraientzat propio egiten den meza isilera joan ohi dira Martin Tourskoaren elizara. Meza hau amaituta herriko plazara jaisten dira bueltan, eta bertako Kasino ostatuan gosaltzen dute. Elizarako joan-etorria makil-gurutze delako ibileraz egiten dute ezpatadantzariek, txistularien kalejira doinuez lagundurik. Makil-gurutzeak ez du berezko doinurik gorde eta, joan den mendetik, Santiago Irigoien txistulari lesakarrak konposatutako biribilketak jotzen dira, herrian ezagun eta estimatuena "Iria" izenekoa delarik.

Goizeko 10:30etan, berriz ekiten diote dantzariek elizarako bideari, San Fermin eguneko meza nagusira. Bigarren igoera honen izaera askoz ere solemneagoa da, dantzarien egitekoa herriko bandera eta udal korporazioa meza nagusira laguntzea baita. Igoera honetan, dantzariek berriz ere makilekin elkartuta, makil-gurutzearen pausua egiten dute, baina oraingo honetan Lesakako Musika Bandaren laguntzaz egiten da bidea. Igoera honetan, musika bandak "Napoleones" delako martxa jotzen du. Behin meza nagusia amaituta, elizaren atari nagusian herriko bandera dantzatzen da txistulariek "Bandera Arbola" jotzen duten bitartean, herriko autoritateen eta San Fermin santuaren irudiaren aurrean. Ondoren, prozesioa izaten da herriko kaleetan zehar, txistulariek eta bandak lagundurik. Ezpatadantzariak prozesioaren buru izaten dira. Plaza Zaharrean eta Albistur kalean prozesioa gelditu egiten da eta ezpatadantzariek "Zeharkakoa" izeneko dantza egiten diote santuari. Dantza hau makilak askatu gabe egiten dute, aldez-aldez mugituz. Bizia eta urduria da oso. Prozesioa elizan amaitzen da, eta santuaren irudia bertan lagatzen da.

Ondoren, uneoro bezala makil-gurutzeak eginez eta bandaren laguntzaz, ezpatadantzariak Beheko Plazara jaisten dira, Onin errekaren bazterretara, Eskol Ttikiraino. Bertan, erreka kanalizatzen duten hormen gainean, ziklo erritualeko dantza ezagunena egiten dute: zubigainekoa.

Sakontzeko, irakurri: «Lesakako Zubigaineko dantza»

Zubigainekoaren ondoren, herriko banderaren dantza egiten da bigarren aldiz, zubiaren gainean.[1]. Behin banderaren dantza amaituta, segizioa Plaza Zaharrera abiatzen da, non bandera hirugarren aldiz dantzatzen den. Ondoren, ezpatadantzariek eguneko azken "Zeharkakoa" dantzatzen diote, azken kasu honetan, herriko banderari. Behin dantza amaituta, herriko bandera udaletxeko balkoira igotzen da (kanpotik) eta balkoi nagusian jarri. Bertan emango ditu jaietako egun guztiak. Modu honetan amaitzen da goizeko errituala. Ezpatadantzariek eta arratsaldez haiekin arituko diren hamabost plaza-dantzariek elkarrekin bazkaltzen dute Kasino ostatuan.

Arratsaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arratsaldean, berriz ere bandaren laguntzaz eta udal korporazioarekin, ezpatadantzariek elizarako azken igoera bat egiten dute, bertan ospatzen diren bezperetara. Ondoren Plaza Zaharrera jaisten dira. Bertan, solemnitate gutxiagoz, eguneko bigarren dantza-sorta egiten da. Bigarren dantza sorta hau ez da ezpata-dantza motakoa, izaera sozialeko plaza-dantza baizik, denboraren poderioz erritualizatutakoa. Arratsaldeko saio honetan, 15 emakume plaza-dantzari aritzen dira ezpatadantzariekin batera. Honakoak dantzatzen dira: zantzamonona (mutil-dantza estilokoa), esku-dantza (soka-dantza bat da), aurreskua (hau aintzineskuak bakarrik dantzatzen du, Lesakako pausu propioekin), jota eta porrusalda. Arratsaldea azken esku-dantza batekin amaitzen da, Kasino ostatuan amaitzen dena. Ondoren, ezpatadantzari eta txistulariek merienda jaten dute bertan.

Emakumeen presentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazte gaztetatik transmititzen zaie ohitura txikiei.

2019ko San Fermin egunean, historian lehen aldiz, 3 emakume ezpatadantzari gisa aritu ziren zenbait urte entseguetan eman ondoren.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]