Lurraldetasun (biologia)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Otso batek bere lurraldearen mugak gernuz markatuz.


Etologian, lurraldetasuna animalia batek bere espezie bereko animalien aurka defendatzen duen lurralde edo eremu fisikoari dagokion kontzeptua da. Animalia batek lurralde bat beretzat hartzen duenean lurraldetasun-senak garatzen du; hortik aurrera bere lurraldearen mugak sutsuki defendatuko ditu espezie bereko edozein inbaditzaileren aurrean.

Lurralde baten neurriak oso aldakorrak dira espezien arabera, eta zer ikusi handia dute janarien eskuragarritasunarekin: esaterako, ugaztun haragijaleek esparru zabalak behar dituzte ehizarako; jana eskura dutenek, aldiz, (landaretza ugari eskura duten belarjaleek, kasu) lurralde txikiagoak dituzte. Muturreko kasua arranoa bezalako hegazti haragijaleena da, kilometro askoren lurraldeak berenganatzen baitituzte (90 km. karratuaren ingurukoak).

Lurralde baten mugak argi markatzen ditu bere jabeak. Marka horiek ikusezinak dira sarritan: ugaztunek, adibidez, arrasto usaintsuak erabiltzen dituzte helburu horrekin (gernuz edo gorotzez adierazi ohi baitute haien jabetzako lurra; batzuetan haien guruinek jariatzen dituzten substantziak dira funtzio hori betetzen dutenak). Arra da lurraldea markatu eta defendatzen duena kasu gehienetan.

Lurralde baten jabeak portaera erasokorra hartuko du espezie bereko animaliaren bat bere lurraldean sartzean, baina ez du erasoko inbaditzailea beste espezie batekoa bada. Arrazoia argia da: beste espezie bateko animaliek ez dituzte jabearen zaletasun nutritibo edo sexualak, eta ez diote ez jana ezta emeak ere kenduko.

Azpimarratu behar da bere lurraldean animalia asko indartsu eta erasokorrak direla, baina portaera hori desagertzen dela bere lurraldetik at daudenean, askoz otzanagoak bihurtzen baitira orduan.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lurraldetasun (biologia) Aldatu lotura Wikidatan