MacConkey agar
MacConkey agarra mikrobiologiako laborategietan erabiltzen den hazkuntza-ingurune solidoa da, eskakizun nutritibo apalak dituzten bakterio Gram negatiboak (enterobakterioak, batez ere) hazteko erabiltzen dena.
Alfred Theodore MacConkey mikrobiologo britainiarrak 1905ean erabili zuen estreinakoz bere izena daraman hazkuntza-ingurunea.
Hazkuntza-ingurune hautakorra eta bereizgarria da hau. Hautakorra, kristal morea koloratzailea eta behazun-gatzak dituelako, bakterio Gram positiboen hazkuntza galarazten dutenak. Eta bereizgarria, gorri neutro koloratzaileari esker laktosa hartziten duten eta ez dutenen arteko bakterio enterikoen bereizketa egiten duelako (hartzitzaileek kolonia arrosak eratzen dituzte, eta besteek kolorerik gabeko koloniak) [1].
MacConkey hazkuntza-ingurunearen elikagaien iturri nagusia peptonak dira.
Osaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]MacConkey hazkuntza-ingurunearen osagarriak hauek dira [2]:
- Gelatinazko peptona - 17 gr.
- Haragi-peptona - 1,5 gr.
- Laktosa - 10 gr.
- Behazun-gatzak - 1,5 gr.
- Sodio kloruroa - 5 gr.
- Gorri neutroa - 0.03 gr.
- More kristala - 0,01 gr.
- Agarra - 13,5 gr.
Laktosaren hartzidura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Laktosa hartzitzen duten enterobakterioak (Lac+): Laktosa hartzitzerakoan, bakterio hauek ingurunea azidotzen dute, Ondorioz, gorri neutro koloratzaileak kolore arrosa-gorria hartzen du (kolonia arrosak). Talde honetan Escherichia coli, Enterobacter, Klebsiella, Citrobacter....daude.
- Laktosa hartzitzen ez duten enterobakterioak (Lac-): Inguruneko pHa ez da aldatzen, beraz koloratzaileak ez du aldaketarik ere (kolorerik gabeko koloniak). Talde honetan Salmonella, Shigella, Proteus eta Yersinia, besteak beste, daude [3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Forbes, B, Sahm, D.F., Weissfeld, A.: Diagnóstico Microbiológico Ed. Panamericana (2004), 15 orr. ISBN: 950-06-0796-4
- ↑ MacConkey Agar Britania Lab
- ↑ Forbes, B, Sahm, D.F., Weissfeld, A.: Diagnóstico Microbiológico Ed. Panamericana (2004), 140-143 orr. ISBN: 950-06-0796-4