Juan Garate Alkorta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maltzeta» orritik birbideratua)
Juan Garate Alkorta
Bizitza
JaiotzaAzkoitia1924ko ekainaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaHondarribia2006ko irailaren 10a (82 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakakordeoi-jotzailea

Juan Garate Alkorta 'Maltzeta' (Azkoitia, 1924ko ekainaren 6a - Hondarribia, 2006ko irailaren 10a) gipuzkoar trikitilaria izan zen, arrakasta handikoa, hainbat urtetan herriz herri ibilia bazterrak alaitzen soinuarekin. Trikitiaren munduko hainbat doinu ezagun hark sortuak dira, Hamabost-hamasei urte izenekoa esaterako.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkoitiko Urrategi bailarako Maltzeta-Etxetxo baserrian jaio zen Juan Garate Alkorta Maltzeta. Musika txikitatik ezagutu zuen etxean, aita eta osaba dultzaineroak zituelako. Gaztetxo zela trikitia ezagutu zuen, inguruan egiten ziren erromerietan, Irurkurutzeta eta Pol-Polekoetan batez ere. Manuel Sodupe Gelatxo-k liluratu zuen batez ere gaztetan. Ikazkintzako laguntzaile gisa lan eginez irabazitako diruarekin erosi zuen lehen soinua, Donostian, 17 urterekin.

Joxe Mari Aranbarri Madarixa Txikixe eta Kandido Beristain Norberta-rekin izan zituen lehen soinu irakasleak. Gero, soldaduskako lagun baten ahokuari jarraituz, Jazinto Rivas Elgeta hartu zuen denboraldi batez irakasle.

Eugenio Alberdi Zabaleta auzokidearekin batera hasi zen inguruko erromerietan jotzen. Elosuan erromeria berpiztu zutenean han jotzeko eskatu zioten, eta gero Aizpurutxokoan ere bai. Faustino Azpiazu Sakabi-rekin adiskidetasun handia izan zuen, eta hark ezin egin zituen plazak Maltzetari uzten zizkion askotan, hutsik egin gabe. Maltzetaren ospeak gora egin zuen denbora gutxian.

Pandero jotzaile askorekin aritu zen, baina garai batean Luis Alberdi Zabale izan zuen laguntzaile nagusi, eta geroago haren lehengusua, Ramon Zubizarreta Landakanda.

Soinua ondo jotzeaz gain, jendearen gustua egiten eta festa giroan atsegina izaten zekien Maltzetak. Gazte zelarik lana utzi zuen bizibidetzat trikitia hartzeko. Mari Karmen Jauregi bedaiotarrarekin ezkondutakoan, 1966an, Forjas enpresak Azkoitiko Altzibar auzoan zuen Zubillagako fundizioan hasi zen lanean, baina istripu batek lanerako ezinduta utzi zuen. Hortik aurrera nahi adina denbora izan zuen trikitilariaren zereginetan aritzeko, dela etxean musika sortzen eta entsuegauk egiten, dela kanpora jotzera joaten.

Bere alaba Mameni (Mari Karmen Garate Jauregi, Azkoitian 1969an sortua) panderoa jotzen irakatsi zion, eta artean umea zelarik —lehenengoz 1977an, artean zortzi urte bete gabe— alaba aitaren ondoan oholtzara igotzen hasi zen, panderoa eskuarekin jo eta hanka eta buru egitera, panderoa eskuekin ez ezik buruaren eta hanken kontra ere astinduz bizi-bizi. Hasieran, txikia zenez, alabak ez zuen saio osoa egiten, tarte labur bat baino ez. Saio osoa egiteko beste pandero jotzaile bat izaten zuen Maltzetak; garai hartan Joxe Mari Astiasaranekin aritu zen batez ere, herriz herri arrakasta eta estimazio handia bereganatuz.

1982an Azkoititik Hondarribira aldatu zen, emaztearekin eta alabarekin. Hasieran halako asmorik ez zuen arren, soinua irakasten hasi zen, alabarekin batera, eta ikasle asko izan zituen. Plazak uzten joan zen pixkanaka-pixkanaka.

2006ko irailaren 10ean hil zen, biriketako gaitz baten ondorioz.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakarkakoak:

  • Maltzeta aita-alabak: Maltzeta aita-alabak (IZ, 1981)
  • Maltzeta aita-alabak: Eman neri eskua (Elkar, 1996)
  • Juanito Maltzeta: Negarrez abesten dut (Elkar, 2001)

Kolektiboak:

  • Euskadiko Trikitixa Txapelketa Azpeitian (IZ, 1980)
  • Euskadiko Trikitixa Txapelketa Donostian (IZ, 1980)
  • Betiko trikitixa (Elkar,1994)

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Juan Luis Zabala: Maltzeta, soinu bete bihotz disko liburua (Trikitixa Elkartea, 2012)