Edukira joan

Mapa geologiko

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mapa-geologiko» orritik birbideratua)

Estatu Batuetako mapa geologiko partziala.

Mapa geologiko bat da elementu geologikoen eta lurraren azalaren arteko ebakiduraren irudikapena bi dimentsiotan. Beraz, mapa geologiko batek bi informazio mota irudikatu behar ditu: informazio topografikoa eta informazio geologikoa.

Informazio topografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mapa geologiko baten oinarriak mapa topografiko bat izan behar dute beti. Beraz, mapa geologikoetan erabilitako proiekzioak, eskalak eta koordenatuak mapa topografikoetan erabiltzen diren berak izan behar dute. Mapa geologiko oso batek egitura geologikoaren interpretazio zuzena egiteko beharrezkoak diren informazio altimetrikoa, informazio planimetrikoa eta informazio toponimikoa izan behar dute.

Informazio geologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatu dugun bezala, mapa geologiko batean elementu geologikoen eta Lurraren azalaren arterko ebakidura irudikatzen da. Elementu geologiko horiek, gehienetan, bolumenak (estratu edo geruza) edo planoak (material arteko ukipenak, failak) izaten dira. Elementu horien ebakidura plano batean irudikatzean (gainazal topografikoa), elementuak definituak geratzen dira bai gainzalen bidez (geruzak) edo bai lerroen bidez (adibidez failak).

Mapa bateko informazio geologikoak balio behar digu egitura geologikoa espazioan irudikatzeko (zehar-ebaki geologikoak), bai eta denboran ere (historia geologikoa berreraikitzea). Horregatik guztiagatik, mapa geologiko batek izan behar duen informazioa hiru elementu motatan egituratzen da:

  • Litologia
  • Adina
  • Egitura

Bestalde, mapa geologikoetan beti jarri behar da erabilitako ikurren, bilbeen koloreen eta haien bidez adierazi diren elementu geologikoen arteko baliokidetasuna definitzen duen legenda.

Maiz, mapa geologikoak zutabe kronoestratigrafiko bat du, litologiak, adinak eta definitutako unitate litoestratigrafikoen kokatze-erlazioak irudikatzeko.

Gehienetan, mapa geologikoak zehar-ebaki geologiko batzuk ere izaten ditu, eta, horiei esker, egitura azkar interpreta daiteke.

Litologiak irudikatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geruzak edo estratuak gainazal gisa ageri dira mapa geologikoetan. Litologiak bereizteko, gainazal horiek bilbez betetzen dira. Litologia batzuk beti bilbe berarekin irudikatzen dira, baina bilbe horiek aldatu egin daitezke mapa batetik bestera; hori dela eta, beti ageri dira legenda. Askotan, adina adierazten duten koloreekin batera ageri dira.

Adina irudikatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Materialen adinak kolore-tonu ezberdinez irudikatu ohi dira. Hitzarmenez, kolore jakin batzuk erabiltzen dira garai geologiko jakinetarako.

Sistema bakoitzaren barnean denbora-tarteak bereizteko, kolore bereko tonuekin jokatzen da. Esaterako, Kuaternarioko materialak irudikatzeko, tonu grisak erabiltzen dira; horiak, material neogenoentzat; laranjak, material paleogenoentzat; berdeak, Kretazikokoentzat; urdinak, Jurasikokoentzat; moreak, Triasikokoentzat, etab. Kolore-gama horiek erabiltzeari esker, mapen interpretazio azkarra egin daiteke.

Hala ere, aldaketa nabarmenak egon daitezke adin jakin bat adierazteko erabilitako kolorean edo tonuan, segida kartografikoaren, maparen antzinatasunaren, egin zen herrialdearen, irudikatutako egituraren konplexutasunaren eta abarren arabera. Horrenbestez, aipatu dugun bezala, mapa geologiko batek beti izan behar du alboan mapa interpretatzem lagunduko digun legenda bat.

Elementu estrukturalak eta geometrikoak irudikatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaera geologikoko elementu estrukturalak eta geometrikoak adierazteko mapa geologikoetan erabiltzen den sinbologiaren forma eta ezaugarriak azaldu aurretik, garrantzitsua da mapa topografikoen blokearen informazioa osatzea norabide kontzeptuari dagokionez.[1]

Aurkikuntza proiektuetarako eta gas, mineral eta uraren bezalako hidrokarburoen ekoizpenerako tresna garrantzitsuak dira. Landa-lanetan geologiaren ikaspenerako dira sortuak. Hau da, lurraldearen izaera nolakoa den jendarteratzeko.

Lurraldearen erabilera jasangarrirako ezinbestekoak dira, bai lurraldea berarena zein eremu horretako baliabide naturalena, mineralak esaterako.

Ura, erregai fosilak, kobre edo burdina bezalako baliabide naturalak aurkitzeko eta identifikatzeko lagungarriak dira mapa geologikoak. Izan ere, material guzti hauek oso erabiliak baitira gizakion ohiko bizitzan: eraikuntzako materialak, baliabide energetikoak, ur edangarriaren hornikuntzan, teknologia, etab.

Erabilera horiez gain, obra zibilean ere garrantzia dute. Egiten den eraikuntza edo azpiegitura bakoitzak bere egokipena izan behar baitu. Adibidez, errepide, tunel edo urtegi bat, dagoen ingurunera egokituta egon behar baita. Alderdi honi kasurik ez egiteak hainbat arazo ekar ditzake eraikitako azpiegituretan. Horregatik, eraikitzen den egitura orok, eraikitzen den eremuan dagoen geologiaren araberako diseinua eta ezaugarriak izango dituzte.

Mapa geologiko bat osatzea prozesu luze eta konplikatua da, eta mapa bat interpretatzeko oinarrizko arauak ez dira pertsona guztientzako begien bistakoak; izan ere, ikuspegi-espaziala beharrezkoa da, eta baita erlazio geometrikoak eta ordenaturiko gertaera-geologikoak uztartzeko gaitasuna ere.

Kasu batzuetan, egitura-plano batek mapa geologiko batean duen orientazioa zehazteko, dagoen sinbologia interpretatu behar da; edo, bestela, geruzen trazen gainean hainbat analisi geometriko ezarri behar dira, haiek lagunduko baitigute orientazioa zehazten.

Mapa geologikoetan, egitura-planoak (geruza baten gaina edo oina, faila, etab.) lerro gisa irudikatzen dira (egitura-planoaren eta lurraren azalaren arteko ebakidura).

Mapa geologiko batetik abiaturik egitura-plano baten orientazioa zehazteko erabiltzen diren metodoologiak dezente sinplifikatzen dira geruza horizontalean (β=0°) eta geruza bertikalean (β=90°) kasuan. Hori dela eta, azaldutako metodologiak egitura-planoek dituzten hainbat okerdura adierazten dituzte: 1) β≠90°, 0° ; 2) β≠90°; eta 3) β≠0°.

Egitura-plano baten orientazioa zehazteko, lehendabizi haren okerdura-norabidea edo -noranzkoa finkatu behar ditugu, eta ondoren, haren okerdura

Mapak egiteko teknikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landa mapak eta airetiko argazkiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helikopteroz edo hegazkinez ateratako argazkiak. Hainbat argazki egiten dira, eta horrela gero argazkiak batuz, behatu daitezke lurraldean dauden gorabeherak, deformazioak, baita egituren arteko distantziak. Hauek ere bai norberaren kokapena egiteko erabiltzen dira.

Landa apunteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landa irteeretan hartutako apunteekin lortutako informazioa, gehien bat litologiari buruzko informazioa, mapa osatzeko baliagarria izaten dena. Horretarako, geologoak aztertu beharreko eremuan azaleramenduak aurkitzen ahalegintzen dira. Azaleramendu bat aurkitzean, mapa topografikoan edo airetiko argazkian kokatzen du. Ondoren, arroka identifikatzen du eta fosilak baldin badaude, berauek identifikatu. Baita, iparrorratzarekin orientazio datuak hartu ere. Azkenik, aipatutako datu eta ohar guzti hauek idazten dituzte.

Landa-lanetan, lurzoruan azaleratzen diren arroken laginak jasotzen dituzte geologoek. Lehenik, begirada orokor bat bota eta ondoren, laginen konposizio minerala aztertzen duten lanekin osatzen dute. Helburua mapan adieraziko diren formazio litologikoak behar den bezala bereiztea delarik.

Argazki bilketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki bilketa tresna edo baliabide oso garrantzitsua da mapa geologikoak osatzeko. Izan ere, lana egin behar den eremua nolakoa den ulertzen laguntzen baitute. Argazkiak lurretik ateratakoak zein airetikoak izan daitezke.

Mapako sinbologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mapa geologikoek legenda izaten dute interpretaziorako. Legenda horretan ikurrak eta koloreak deskribatzen dira, azalpen txiki batzuekin lagunduta. Hainbatetan, zehar-ebakiak eta zutabe estratigrafikoak ere izaten dituzte mapek.

Mantendu den mapa geologiko zaharrena Kristo Aurretik 1150 urtekoa da, eta Egipton aurkitu zen. Hau bertako zonalde baten arrokak eta hauen ezaugarri litologikoak adierazten zituen.

Ondoren 1809 Estatu Batuetako mapa geologiko bat egin zuen bertako geologo botaniko batek, Wiiliam Mc Lure deiturikoak.

6 urtetara Bretainia Handiko mapa geologikoa egin zuen Wiiliam Smith-ek 1815ean.

William Smith, lehen mapa geologikoaren egilea izateaz gain, estratigrafiaren aitzindari bezala ere ezagutzen da. Lehen mapa hau, Ingalaterra eta Gales ingurukoa zen eta hainbat kolorez osaturik zegoen. Mapa horretan, hamarkadetan zehar bildutako ohar lokal eta erregional ugari bildu zituen, eta horiek oinarritzat hartuz gai izan zen Ingalaterrako hegoaldean eta Galesen dauden hainbat arroka mota ondo berreraikitzeko eta beren ordena erregularra deskribatzeko.

Mapan argi utzi zituen arroka horietako fosil ugariak (hainbat hamarkada geroago Charles Darwinen "Espezieen Eboluzioaren Teoria" osatzeko beharrezkoak izango zirenak) eta diseinuari esker, posible izan zen arroka sendo eta ez hain sendoen espresio topografikoa ezagutzea. Arroka sendoek normalean mendiak, muinoak eta irtenguneak osatzen dituzte, hauskorrenek ez bezala. Tresna berri horrekin William Smithek interpretazio eta iragarpen zuzenak egin ahal izan zituen toki iritsiezinetako arroken distribuzioari buruz (lurpea, adibidez), arrokarik gabeko zonaldeei buruz (landareek edo urak betetako eremuak) eta baita erosioagatik arrokak desagertuta zeuden zonaldeei buruz ere. Horrek guztiak meatze-ustiapenak eta komunikaziorako ibai-sareak ondo planifikatzeko balio izan zuen, eta baita lurgorriak laborantzarako eremu bihurtzeko ere.

1907an Hego Amerikako mapa geologikoa marraztu zen, Argentinan petrolioa aurkitzearen eraginez.

Espainiar estatuari dagokionez, XIX. mendera arte ez zen ia ikerkuntzarik egin mapa geologikoak osatze aldera. 1849. urtean batzorde bat sortu zen Madril probintziako mapa geologiko bat osatzeko eta ondoren, lan horiekin estatu mailako mapa geologiko bat burutzea helburu zelarik. Mapa honek, kartografia geologikoaz gain, mapa geografiko eta errekurtso botaniko zein faunistikoa ere barne izan behar zituen. Baina, 1859an batzorde hau desagertu eta ez ziren helburu hauek bete. 1870an berriz ere proiektua martxan jarri zen Espainiako Mapa Geologikoaren batzordea izenez eta helburuak 1889.urtean bete ziren, nazioko lehen mapa geologikoaren argitarapenarekin.

Espainiak koloniak galtzearekin eta lurpeko baliabide eta aberasgarritasun iturriak ezagutzeko beharrarekin, XX. mende hasieran batzordean hainbat berritasun burutu ziren. Horren ondorioz, instituzioa berritu eta “Instituto Geológico de España” izatera pasatu zen. 1927. urtean, berriz ere izena aldatu eta “Instituto Geológico y Minero de España” izendatu zelarik.

Euskal Herrian, badaude 1878.urteko mapa geologikoak. Mapa hauek Ramón Adán de Yarza eta D.Francisco Ariasek eginak dira. Hauetan Bizkaiko meatzaritza zonari garrantzitsuenak agertzen dira, hiriak zirkunferentzia txiki batzuez adierazita, errekak eta komunikazio sareak marratuta daudelarik.

  • http://www.icgc.cat/es/Ciudadano/Informate/Sobre-la-geologia-y-la-geofisica-aplicada/Geologia/Aprende-a-interpretar-un-mapa-geologico/Que-es-un-mapa-geologico
  • http://webs2002.uab.es/_c_gr_geocamp/geocamp/esp/preparem/mapa_geo.htm
  • http://www.icgc.cat/es/Ciudadano/Explora-Cataluna/Atlas2/Atlas-geologico-de-Cataluna/Elementos-de-los-mapas-geologicos
  • https://www.ehu.eus/eu/web/geologia/importancia-de-los-mapas-geologicos
  • https://geoinnova.org/blog-territorio/el-valor-de-los-mapas-geologicos-nacionales-o-cartografia-magna/
  • http://igmepublicaciones.blogspot.com/2015/09/historia-de-la-geologia-en-espana.html
  • https://www.ign.es/web/catalogo-cartoteca/resources/html/003750.html

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Pozo Rodríguez, Manuel.. (D.L. 2008). Geologia praktikoa : materialak ezagutzea eta mapen analisia, hastapenak. Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua = Universidad del País Vasco, Servicio Editorial ISBN 9788498601602. PMC 863181077. (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]