Maria Mendozakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Mendozakoa
Bizitza
Jaiotza 1390(e)ko hamarkada
Herrialdea  Gaztelako Koroa
Heriotza 1472 (72/82 urte)
Leinua Mendoza
Jarduerak
Jarduerak aristokrata

Maria Mendozakoa (c. 1390 - 1472), Erdi Aroko Arabako andre boteretsua izan zen, Otogoien, Otobarren eta Martiodako jaurerri eta jaurgoen jabea, besteak beste.

Gurasoak zituen Rui Diaz Mendozakoa (Joan Hurtado Mendozakoa Garbia edo Gaztea eta Maria Tellez Gaztelakoaren semea) eta Maior Aiarakoa (Pero Lopez Aiarakoa Gaztelako kantzilerraren eta Leonor de Guzmanen laugarren alaba) eta ahizpa bat zeukan Leonor Mendozakoa.[1]

Aita oso gazterik hiltzean (1404ko abuztuaren 25ean), nerabeak ziren ahizpek haren jaurerriak jaso zituzten oinordetzan: Otogoien eta Otobarrengo jaurerriak; Urrialdoko jaurerria eta errentak; eta Oto eta Martiodako dorretxeak, jaurgoa eta menpekoak.[2] Hasieran, aitaren aldeko aitonaren tutoretza pean geratu ziren, baina hau urtea baino lehen hil egin zenez, amaren eta amaren aldeko aiton-amonaren tutoretza pean geratu ziren, 1409an Maria Mendozakoa ezkontzeko konpromezu gutunean esaten den moduan.[1] Maria ezkondu aurreko urte haietan sarritan bizi izan zen Leonor de Guzman amona bizi zen Morillasko dorrean eta, hain zen lotura estua, biak Gasteizko San Frantzisko komentuan lurperatuak izan zirela. Dena den, 1406rako banatu egin zuten oinordetza bi ahizpen artean: Estavillo eta Rivabellosa Leonorren ezkontza sari bihurtzen baitira eta bestea guztia Mariaren esku geratu baitzen.[1]

1404ko urrian Joan Hurtado Mendozako Garbia aitonak Mariaren ezkontza prestatu zuen Juan Fernández de Rojas, Poza de la Saleko jaunarekin, baina ez zen gauzatu eta 1409an amaren aldeko Pero Lopez Aiarakoa eta Leonor Guzman aiton-amonak izan ziren ezkontza prestatu ziotenak Diego García de Toledorekin. Maria eta Diego senideak zirenez, ezkotza kontratua egin zuten, baina arazorik ez izateko ez zuten zeremonia elijiosorik ez eta kontsumaziorik egin, badaezpada, Aita Santuaren baimena lortu arte. Aita Santuak ez zuelako baimendu edo senargaia hil zelako, ez zuten ezkontza guztiz osatu. Azkenik, 1417an ezkondu zen Maria Diego Pérez de Sarmientorekin, alarguna zen Gesaltza Añanako jaunarekin. Kasu honetan ere senideak zirenez eta ez zutenez baimenik eskatu, eskomikatuak izan ziren hasieran, baina 1418an Martin V.a Aita Santuaren bedeinkapena lortu zuten. Ez zuten umerik izan eta María 1433rako alargun zegoen eta bere dotea Arreo eta Berganzo ondoko Portillaren gaineko jaurgoa ere gehitu zituen bere ondarera, senarraren aurreko ezkontzako seme-alabekin akordio batera iritsita.[1]

Horri gehitzen badiogu, errege mesedea zuela Gasteizko eta Ebroz haraindiko lurren gaineko errenta batzuena, ondo bizi izan zen Gasteizen Margolari kalearen lehen auzoan (vecindad deituak zirenak) zuen jauregian eta Martiodako dorretxean bere errentekin. Gainera, emakume boteretsua zen eta, ohikoa ez izan arren, emakumeek debekaturik zutelako: 1448an arbitraia lanak egin zituen Bizkaiko prestameroa zen bere lehengusu Joan Hurtadoren eta haren suin Pedro Abendañokoaren artean.[1]

1433 eta 1440 artean, ezkontzaz kanpo, semea izan zuen Mariak: Joan Mendozakoa, seguruena bere konfesore zen Antso Aiarako frantziskotarrarekin. Ondorioz, semea jaun bezala hezteko eta, seme naturala izanagatik, hari bere ondarea ziurtatzeko ardura hartu zuen: horretarako ezkondu egin zen (bere osaba zela esan zuen Joan Mendozakoa Urrialdoko jauna izeneko beste batekin); 1463ko otsailaren 13an Gasteizko San Bizente eilzan bere jaurgoaren menpekoak bildu zituen Joan Mendozakoa semea jauntzat onar zezaten bera hiltzen zenean; Henrike IV.a Gaztelako erregeari seme gisa legeztatzeko eskatu zion (eta aitatzat Joan Ortiz Urbinakoa, Martioda dorreko alkaidea, aurkeztu zuen, elizgizonen umeek ezin baitzuten ondarerik jaso) eta baita lortu ere 1464ko azaroan (1476an Joan Mendozakoa, Gasteizko San Bizente gazteluko alkaidea zen eta Fernando Katolikoari legeztatzearen onespena eskatu zion); testamentua egin zuen 1470ko urrian; eta, azkenik, Leonor ahizparen famliarekin hitzarmena egin zuen eta diruz lagundu zituen behar izan zutenean, oinordetza erreklama ez zezaten (nahiz eta uneren batean saiatu ziren).[1]

1463tik gaixo egon arren, 1472an hil zen eta, esan bezala, Gasteizko San Frantzisko komentuan hilobiratu zen (bere hilobian epitafioz idatzarazi zuen biografia txiki batekin, non bere senarren eta semearen izenak ageri ziren).[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g PAZ MORO, Agurtzane et al. (2019). "Por merçed e mandado de mi sennora": el señorío de María de Mendoza a fines de la Edad Media: nuevos textos para el estudio de la sociedad alavesa (1332-1511).. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 978-84-1319-032-7..
  2. DACOSTA, Arsenio. (2007). El Libro del linaje de los Señores de Ayala y otros textos genealógicos. Materiales para el estudio de la conciencia del linaje en la Baja Edad Media. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.