Masa kritiko
- Artikulu hau fenomeno fisikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Masa kritiko (argipena)».
Fisikan, masa kritikoa kate-erreakzio nuklearra sortzeko behar den material fisionagarriaren kantitate minimoa da. Material fisionagarriaren masa kritikoan hainbat faktorek eragiten dute: bere propietate fisikoek (batez ere bere dentsitatea), bere propietate nuklearrek (isotopoen aberastasunak eta fisiorako zeharkako sekzioak), bere formak eta bere purutasunak, eta neutroien islagailu batez inguraturik dagoen ala ez.
Kritikotasunaren azalpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kritiko terminoak orekan dagoen fisio-erreakzio bat (kate-erreakzio iraunkorra) adierazten du; egoera horretan, ez dago aldaketarik potentzian, tenperaturan edo neutroien kontzentrazioan.
Masa kritikoaren zenbakizko neurketa ondoko formularen bidez adieraz daiteke:
- k = f − l
non k neutroien biderkatze-faktorea den, f fisio-gertakizun bakoitzak askatzen duen neutroi-kopurua den, eta l galdutako batez besteko neutroi-kopurua den. Azken parametro hau neutroiak sistematik irten daitezkeelako edo fisiorik gabeko gertakizun batek harrapa ditzakeelako hartzen da kontuan. k = 1 denean, masa kritikoa da.
Masa subkritikoa fisio-erreakzio bat mantentzeko gai ez den material fisionagarriaren kantitatea da. Material-kantitate subkritikoan neutroien multzo bat sartzen bada, bere kopurua jaitsi egingo da denboran zehar modu esponentzialean. Kasu honetan, k < 1 da. Fisio espontaneoaren tasa egonkor batek neutroi-jardueraren maila egonkorra sortzen du. Proportzionaltasun-konstantea igo egiten da k igotzen den neurrian.
Masa superkritikoa fisio-tasa hazkorra duen masa-kantitatea da. Materiala orekara eraman daiteke berriro (alegia, masa kritiko bihur daiteke berriro) tenperatura edo potentzia gehitzen bada edo masa suntsitzen bada. Superkritikotasunean k > 1 da.
Esfera biluzi baten masa kritikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Masa kritiko eta dimentsio fisiko txikienak dituen forma esfera da.
Ondoko taulan, zenbait isotopok esfera biluziaren forman eta dentsitate normalean daukaten masa kritikoak adierazten dira.
Isotopoa | Masa kritikoa | Diametroa | Lotura |
---|---|---|---|
protaktinio-231 | 750±180 kg | 45±3 cm | |
uranio-233 | 15 kg | 11 cm | [1] |
uranio-235 | 52 kg | 17 cm | [2] |
neptunio-236 | 7 kg | 8.7 cm | [3] |
neptunio-237 | 60 kg | 18 cm | [4],[5] |
plutonio-238 | 9.04–10.07 kg | 9.5-9.9 cm | [6] |
plutonio-239 | 10 kg | 9.9 cm | [7],[8] |
plutonio-240 | 40 kg | 15 cm | [9] |
plutonio-241 | 12 kg | 10.5 cm | [10] |
plutonio-242 | 75–100 kg | 19-21 cm | [11] |
amerizio-241 | 55–77 kg | 20-23 cm | Dias et. al. |
amerizio-242m | 9–14 kg | 11-13 cm | ibid. |
amerizio-243 | 180–280 kg | 30-35 cm | ibid. |
kurio-243 | 7.34–10 kg | 10-11 cm | [12] |
kurio-244 | (13.5)–30 kg | (12.4)–16 cm | [13] |
kurio-245 | 9.41–12.3 kg | 11-12 cm | [14] |
kurio-246 | 39–70.1 kg | 18-21 cm | [15] |
kurio-247 | 6.94–7.06 kg | 9.9 cm | [16] |
kalifornio-249 | 6 kg | 9 cm | [17] |
kalifornio-251 | 5 kg | 8.5 cm | [18] |