Melchior Ndadaye
| Melchior Ndadaye | |||||
|---|---|---|---|---|---|
(1993) | |||||
1993ko uztailaren 10a - 1993ko urriaren 21a ← Pierre Buyoya - François Ngeze →
| |||||
| Bizitza | |||||
| Jaiotza | Mwaro eta Burundi, 1953ko martxoaren 28a | ||||
| Herrialdea | |||||
| Heriotza | Bujumbura, 1993ko urriaren 21a (40 urte) | ||||
| Hobiratze lekua | Bujumbura | ||||
| Heriotza modua | : erailketa | ||||
| Hezkuntza | |||||
| Heziketa | National University of Rwanda (en) Conservatoire National des Arts et Métiers | ||||
| Hizkuntzak | frantsesa kirundia | ||||
| Jarduerak | |||||
| Jarduerak | politikaria eta bankaria | ||||
| Jasotako sariak | ikusi
| ||||
| Ideologia eta sinesmenak | |||||
| Erlijioa | katolizismoa | ||||
| Alderdi politikoa | Burundi Workers' Party (en) | ||||
Melchior Ndadaye (Murama, Ruanda-Urundi, 1953ko martxoaren 28a - Bujumbura, 1993ko urriaren 21a) Burundiko presidentea izan zen 1993an.
Burundi demokratikoki aukeratutako lehen presidentea izan zen, 1993ko uztailean, eta hutu etniako lehena. Handik hiru hilabetera, urrian eraila izan zen, militar tutsien estatu kolpe saio batean.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hutu etniako kidea, artean kolonia belgikarra zen Ruanda-Urundin jaioa, 1953an, gaur egungo Burundiko erdialdeko Mwaro probintzian, hamar haurridetatik nagusia. Gitegan ikasten ari zela, Ruandara ihes egin zuen 1972ko sarraskietan [1], non hutu eskolatu eta intelektualak izan ziren jomuga nagusietako bat.
Butaren bukatu zuen Bigarren Hezkuntza eta pedagogia ikasi zuen Ruandako Unibertsitate Nazionalean. 1980an graduatu eta gero Save hiriko lizeoan irakatsi zuen, Butaretik hurbil, 1983 arte.
1984an ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituen.
Ibilbide politikoaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetatik jardun zuen politikan, 1976an sortu zuen BEMPERE (Mouvement des Étudiants Progressistes Barundi au Rwanda), ikasle hutu erbesteratuen mugimendua. Eta 1979an, erbesteratu burundiarren talde batekin, Burundiko Langileen Alderdia (Umugambwe wa'Bakozi Uburundi,UBU), 1982an bi fakziotan bananduko zena.
1983an Burundira itzuli zen. UBU alderdiko beste kide batzuekin Burundiko Demokraziarako Frontea (FRODEBU, Front pour la Démocratie au Burundi) alderdia sortu zuen.
1992an legeztatua izan eta 1993ko hauteskundeak irabazi zituen, alde handiz. Pierre Buyoyak antolatu zituen, tentsio etnikoak baretu eta hutuei Burundiko politikan eta instituzioetan lekua egiteko prozesu baten barruan.
Presidentetza eta hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1993ko uztailaren 10ean presidente kargua hartu zuen. Neurri moderatuak ezarri zituen, tutsiei kontzesioak emanez. Buyoyaren UPRONA alderdikoei sei aulki utzi zien gobernuan, haien artean Sylvie Kinigi lehen ministroa, Burundiko lehen emakumezkoa karguan.
Baina hutuen aldeko neurriek tentsioak eragina zituzten, batez ere armadan eta polizian egin nahi izan zituen erreformek, tutsien kontrolpean baitzeuden. 1993ko urriaren 21ean estatu-kolpe militarra izan zen eta Ndadaye militarrek erail zuten. Burundiko Gerra Zibilaren hasiera izan zen [2].
2020ko urrian, Ndadayeren hilketagatik Pierre Buyoya in absentia auzipetu eta biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten [3], handik gutxira eritu eta Parisen hilko bazen ere.
Melchior Ndadaye demokraziaren martiri eta heroi nazional gisa gogoratzen dute [4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Biographie du Président Melchior NDADAYE – L’Homme et son Destin » de Raphaël NTIBAZONKIZA» burundi-forum.org (kontsulta data: 2026-05-27).
- ↑ (Frantsesez) Braeckman, Colette. (1993-12-01). «Écroulement de l'espérance démocratique au Burundi» Le Monde diplomatique (kontsulta data: 2026-05-27).
- ↑ (Ingelesez) «Burundi's Buyoya gets life term for murder of ex-president» dw.com (kontsulta data: 2026-05-27).
- ↑ (Frantsesez) «32ème commémoration de l’assassinat du Président Melchior Ndadaye, des hommages fragmentés» IWACU 2025-10-22 (kontsulta data: 2026-05-27).