Mendaroko txokolatea (eleberria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Mendaroko txokolatea
Datuak
Argitaratze-data 2005
Generoa Eleberri beltza
Hizkuntza Euskara
Herrialdea  EH
Orrialdeak 167
ISBN 9788497832342

Mendaroko txokolatea 2005 urtean Iñaki Irasizabal idazleak argitaratutako nobela beltza da.

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Lehenengo kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitor bere jatetxeko sukaldaria da. Berarekin bizi den Irantzu bere neskalagunarekin haserretuta abiatzen da Aitorren arrebaren eta koinatuaren hirugarren umearen bataioaren ospakizunera. Haserrea aste batzuk lehenago hasi zen, Aitorren urtebetetzean, Irantzuk pisu bateko giltzak oparitzen dizkionean, Irantzuk biona den zerbait eduki nahi duelako berarekin; Aitorrek bikote harremana garatzeko pisu batekin lotzearen aurkakoa delako haserretzen da. Bataioaren ondoren, Miren Urresti alargunaren eskakizun bat jasotzen du: berarekin lanean ibili zen Mateo semea berriz ere bere jatetxeko sukaldean hartzean langile moduan. Aitorrekin sukaldean lanean ari zelarik, Mateo drogak hartzen hasi eta lagun bat hiltzen du. Burutik dagoela frogatzean eta horrela, kartzeleratu beharrean, eroetxe batean sartzen dute. Urrestitarrak herriko familia ospetsua izan dira herrian, aita hil eta semearena gertatu zitzaionera arte.

Hiru urte lehenago, beste alde batetik, Larraitz Azua neska gaztea haurdun geratu zen, Gorka izeneko mutil batekin harremana izan ondoren. Gorkarena dela jakitean izango duen erreakzioaren beldurrez, umea Fernandorena dela esaten dio, herriko gazte atzeratu bat, eta bortxatu egin diola esaten dio gezurretan.

Bigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irantzurekin gauzak ez dabiltza ongi. Irantzuk bere kabuz etxe berria erosi zuenez geroztik ez diote elkarri hitzik esaten. Aitorri gogorra egiten zaio, gainera, berarekin bizitzea, mota guztietako animaliak gustatzen zaizkiolako. Aldiz, Mateok jatetxean egiten duen lanarekin gustura dago eta jatetxean jarraitzea proposatzen dio. Mateok pozik onartzen du eskaintza, Itziar zerbitzariarekin gustatuta berarekin ateratzen hasi delako. Bitartean, egun batean Aitorrek Ander koinatuaren bisita jasotzen du, bere arazoen berri emateko baina ezer zehaztu gabe. Mendaroko txokolatetara (Anderrek gustuko duen Mendaroko txokolate denda batera) geratzen dira biharamunerako, baina azkenean ez dira joango.

Azuatarren harira itzuliz, Ander koinatuak herrian jarri zuen aseguru-bulegoa Larraitzen aitarengandik nola eskuratu zuen kontatzen hasten da Aitor, Larraitz eta bere aita Londresa joan ziren bidaia bat dela eta, itxura guztien arabera Larraitzek han abortatzeko.

Hirugarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irantzuk etxetik alde egin eta hautsi egiten du Aitorrekin, Kodak txakurra berari utzita. Aitorrek haserrea eta, aldi berean, atsekabea sentitzen du hausturaren ondoren. Babesa bete jatetxean eta tabernetan bilatzen du. Bitartean, Mateo harremana estutzen du Itziarrekin. Egun batean, Aitorrek Mateoren amaren bisita jaso eta semea bertan lanean edukitzeagatik eskertzen dio; hala ere, Aitorrek ez dio amari Itziarrena aipatzen. Arratsalde trumoitsu batean, Ander bere aseguru-bulegoko lanetik atera baina ez da etxera itzultzen. Emaztea, Aitorren ahizpa alegia, zai dago gau guztian bere hiru haurrekin. Biharamunean, Anderren gorpua aurkitzen dute Bizkaiko kostaldeko itsaslabar batean, itxuraz bere buruaz beste eginda. Berri tamalgarria jakin bezain laster, Aitor bere ahizparen etxera abiatzen da. Ahizpa lur jota dago. Polizia bat heltzen da etxera eta Anderrek etxera berandu heltzeko ohitura zuen eta azken boladan depresioa ote zuen galdetzen du. Autopsia egin behar dutela eta, familiak izendatutako pertsona bat bertan egoterik baduela ere aipatzen du. Aitorri bertaratzeko eskatu eta, gogoz kontra bada ere, onartu egiten du.

Laugarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autopsia zorrotza egiten diote Anderren gorpuari, alderik alde ebakiz eta bihotza, hesteak, gibela eta abar aztertuz. Burua ere ebaki egiten diote. Aitorri jasanezina egiten zaio bertan egotea eta azkenean atera egiten da gelatik. Autopsiak ez du ezer susmagarririk azaltzen. Irantzu Anderren hiletara bertaratzen da, emakume ezezagun batekin batera. Irantzuri berarekin itzuli nahi duen galdetzen dio Aitorrek, baina hark ezetz erantzuten dio. Bere laguntzailea lesbiana dela adierazten duen iruzkina ere egiten du. Aitor mindu egiten da. Mateo ere hiletara doa. Arrebarekin bildu eta Ander erail egin dutela sinetsita dagoela adierazten dio. Aurrerago, andre zahar batekin biltzen dira Aitor eta bere arreba. Ander zenak hil baino lehen Fernando bere seme atzeratu eta duela urte t'erdi desagertuari buruz zerbait kontatu nahi izan ziola esaten die andreak. Aitor eta bere arreba Fernando Anderren hilketaren gakoa dela sinistuta daude.

Bostgarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitor eta Mateo jatetxean bakarrik dauden gau batean atrakoa egiten diete bi gizonezkok, baina Mateok aurre egin eta kolpatu ondoren, jatetxetik bidaltzen ditu. Bilbora abiatzen dira biak gertatutakoari buruz hitz egiteko. Handik bueltatzean, Aitorrek bihotz bat aurkitzen du bere etxeko atean. Poliziari ohartarazi eta ordu batzuetara behi baten bihotza edo dela esaten diote; bide batez, beraiek ere Ander erail zutela sinetsita daudela azaltzen dio, bereziki erorketaren moduagatik. Ander Lopez berarekin zuen harremanaz eta etsairik ba ote zuen galdetzen dio poliziak. Azkenik, Mateok Urresti jauna ezagutzen ote zuen ere galdetzen dio. Bitartean, Kodak txakurra Irantzuren laztanen falta gainditu eta Aitorrekin bakarrik moldatzen hasten da.

Seigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatetxean dagoela, Aitorrek Anderren heriotza, bere etxeko atean jarritako bihotzarena eta lapurreta saioa lotuta egon behar dutela bururatzen zaio eta ahala adierazten dio Mateori. Beste egun batean, gurasoen bisita jasotzen du jatetxean barazkiak ekartzeko aitzakiarekin. Arrebaren berri ematearekin batera, Irantzu beste batekin bizi dela, neska batekin hain zuzen, kontatzen diote. Neska hori Anderren hiletan ikusi zuena bide da. Irantzu lesbiana batekin ari dela jakiteak amorrarazten du eta etxera iristean, Kodaki ostiko bat ematen dio ernegatuta.

Bizi den herri txikian bisitatzen du arreba. Arrebak Anderrekin aseguru-etxea nola jarri zuten azaltzen dio, lokala kreditu batez erosi zutela, baina kontuak aztertuta, kredituaren arroastorik aurkitzen ez duela ere kontatzen dio. Aitor paperetan miatzen hasten da eta faktura arraroak aurkitzen ditu. Arrebari deitu eta duela sei hilabete bere buruaz beste egindako Anderren lagun baten oroigarri batena eta furgoneta baten konponketarena direla adierazten dio. Bide batez, arrebak autopsiaz galdetzen dio baina Aitorrek ez du gogoratu nahi.

Zazpigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatetxean lana ugaltzen doan bitartean, Aitor oroigarriaren fakturan agertzen den Iñigo haren helbidera doa, Bilboko auzo txiro batera, Anderren txikitako eta gaztetako auzoa ere izan zena, Iñigoren arrebarekin elkarrizketatzera. Anderren heriotzaren berri eman eta gero, Iñigotaz galdetzen dio. Arrebak Iñigo droga kontutan ibiltzeagatik kartzelan egona zela eta handik irtetean izandako arazoengatik suizidatu zela kontatzen dio. Iñigo eta Ander txikitatik lagunak izan zirela ere azaltzen dio. Aitorrek Iñigoren autoaz galdetu eta arrebak furgoneta gorri bat zuela erantzuten dio. Aitorrek auzo txiro horretako istorioa nola kontatu zion gogoratzen du: gaztetan Sara izena due neska batekin ateratzen hasi zela baina azkenean utzi zutela, nola neska drogarekin eta prostituzioan hasia zela eta azkenean ume bat ere izan zuela.

Etxera iristen den gau batean, pistolaz apuntatzen dion gizon bat eta berarekin hitz egin nahi duen beste gizon bat topatzen ditu. Bihotza atean jarri zutenak direla aitortzen dute eta Aitorri paper bat eskatzen diote. Aitorrek eskatutako hogei mila euro ordaintzeko prest daude paperaren truke. Aitorrek hamabost eguneko epea eskatzen du papera eskuratzeko.

Zortzigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisita egin dion bikoteak etxea hankaz gora utzi dio papera bilatzeko. Jatetxeko plater garbitzaileari deitzen dio etxea garbitzeko. Bitartean, Mateorekin elkartu eta korapiloari buruz osatu duen bertsioa kontatzen dio: Ander eta Iñigori X jaunak legez kanpoko zerbait egitea proposatzen die diruaren truke; onartu egiten dute baina Ander badaezpada ere X jaunaren aurkako froga bat, paper bat alegia, gordetzen du. Paper horren bila ibili dira bere etxea Aitorren ustez, aurretik Anderren bulegoa eta etxea miatu ondoren. Aitorrek bere etxeko giltzak eskatzen dizkio bere arrebari aitzaki bat baliatuz. Bazter guztiak miatu ondoren, Larraitz izeneko neska batek Fernandori idatziriko gutun bat aurkitzen du, non berarekin egin nahi duen zita baten berri ematen dion. Gutunaren kanpoaldean FAZILENAEZTA hizkiak topatzen ditu. Hitz horren esanahia ulertu nahian dabilela, arrebaren deia jasotzen du non Mateo eta Itziar kolpatu dituztelako berria ematen dion. Ospitalean, Mateoren ama topatzen du, Itziar ezagutu berri duena eta Itziarrena ez kontatzeagatik Aitorri begiratuak botatzen dizkiona. Itziarrek gertatutakoaren xehetasunak kontatzen ditu, nola kolpatu dituzten eta. Itziarrek Ander eta abarren kontuetaz ezer ez dakienez, ez du zergatik kolpatu duten ulertzen. Itziar ospitaletik ateratzen da buelta bat ematera eta Mateo ospitaleko kontsultatik atera bezain pronto berataz galdetzen du.

Bederatzigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bajan dagoen Mateorekin elkartzen da Ander. Mateok ama denbora guztian galdezka ari zaiola eta Itziarrek oraingoz berarekin ez duela hitz egin nahi esaten dio. Aitorrek X jaunaren laguntzaileek bilatzen duten papera erakusten dio. Mateok ez du ezer ulertzen, baina Aitorrek azaltzen dio: X jauna Azua jauna da, Larraitzen aita, eta pertsona bat erailtzearen trukean lokala eman zion Anderri. Pertsona hori Fernando da, Larraitzekin ustez haurra izan zuen gizona. Anderrek Iñigoren laguntzarekin erail zuen Fernando. Horrela, Ander eta pertsona horren artean inongo loturarik ez zegoenez, poliziek ezingo zuten ikerketan aurre egin. Elkarrizketa horren ondoren, arratsalde batean Aitor etxera joan eta Kodak kamioi bateko zakuen gainean ikusten du hilik. Txoferrak kamioi azpitik sartu zitzaiola esaten dio. Malkotan, Kodak lurperatzen du. Berriz ere txakurrik ez duela izango hitz ematen dio bere buruari. Hurrengo egun batean, triste oraindik, jatetxeko lana utzi eta Irantzuren etxera doa. Atea jo eta ezustean gizon batek irekitzen dio, Irantzuren mutil lagun berri bat antza. Irantzu ateratzen denean, Kodak nola hil den kontatzen dio. Irantzuk sentitzen duela esan ondoren, elkar agurtzen dute. Aitorrek Irantzuk etxe hori ordaindu ezin zuela gogoratuta, mutil laguna bera utzi aurretik ezagutzen zuela eta harekin batera etxea ordaintzea erabakita zuela ondorioztatzen du. Banantzearena, beraz, ez zen bere errua izan. Jatetxean, Itziar eta Mateo daude elkarrekin berriz ere, baina ez lehengo amodio-grinarekin. Elkarrizketa batean, Mateok beste neska batekin gustatuta dagoela aitortzen dio. Gutuna entregatzeko hamasbot eguneko epea agortzen ari da eta Aitor gaizkileak gutunarekin soilik konformatuko ote diren beldur da. Mateorekin batera bere burua armaz defendatzea eta guzti pentsatzen du. Gau batean, Anderren auzoko haur guztiek elkar ezagutzen zutela eta horietako batek agian zerbait jakin dezakeela bururatzen zaio.

Hamargarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitor Olga Iñigoren arreba elkarrizketatzera doa berriz ere Bilbora. Fazilenaezta jartzen duen papera erakusten dio. Olgak letra horiek mezu ezkutu bat osatzen zutela eta alderantziz irakurriz F eliza atzean esan nahi dutela adierazten dio berehala. Aitorrek garbi ikusten du orain: Fernando Anderrek hil zuen Iñigoren laguntzaz Azua jaunaren enkarguz eta Fernando eliza baten atzean lurperaturik dago. Olgak eliza hori txikitako eliza bat dela izan daitekeela esaten dio. Aitor zalantzan dago poliziari istorioa kontatu edo ez kontatu zalantzan dago. Arrebari kontatzen dio dena, papera berak duela ezik. Elizan dagoela, poliziaren mezu bat jasotzen du, non berarekin harremanetan jartzeko eskatzen zaion. Komisaldegira joanda, arrebak poliziari dena kontatu diolako berria ematen diote. Froga nahikorik ez dagoela eta, Azua libre eta garbi aterako den beldurrez, papera gordetzen du. Jatetxean Itziar eta Mateo elkarrengandik aldenduta daude guztiz. Jatetxera gizon heldu burusoil arraro bat hurbiltzen da, plater arraroak eskatzen dituena. Aitor eta Mateo bakarrik geratzen direnerako, gizona bere lekuan ez dagoela eta bazkaria ordaindu duela koturatzen da. Mateorengana itzultzerakoan, pistolaz apuntatzen topatzen du burusoila. Papera nahi du. Aitorrek papera entregatzeko epea betetzeko oraindik bi egun falta direla adierazten dio. Burusoilak mehatxu egiten die.

Hamaikagarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itziar jatetxeko gela horretara bat-bataean sartu eta ezuste horrek Mateok burusoilari aure egiteko aprobetxatzen du. Pistola Mateok hartzen du. Burusoilak Ramon izena duela adierazten du eta, Carlos eta Samuel ez bezala, ez da Azuak bidalitako gizona, Anderren laguna baizik, Fernando erailtzen lagundu zuena. Iñigo eta bera hilketan dirua eskuratzeko egin zutela aitortzen du. Papera eskuratu nahi du, bertan hilketan parte hartu zuela frogatzen delako. Fernando gaztea furgonetara engainatuta sartzea lortu zuten eta kolpatzen hasi zirenean, Larraitzen itxurazko bortxaketa leporatuz, bera Larraitzen laguna zela esaten zuela kontatzen die. Azkenik, Fernandori tiro egin ziona Ander izan zela aitortzen du, Iñigok azken unean atzera egin nai izan zuela esatearekin batera. Erail ondoren, lurperatu egin zuten. Hori dena esan ondoren, mahetxu egiten dei berriz Ramonek, papera nola edo hala eskuratu nahi duelako eta horretarako Itziarri egiten dio mehatxu. Orduan Mateo bere aurka oldartzen da. Borrokan, Ramon lurrera erori eta buruan kolpea hartuta hiltzen da. Poliziari abisatu baino lehen, Aitorrek poliziei bertsio berdina eman behar diotela esaten dio Mateori, Ramonek pistola eskuetan zuela alegia. Poliziaren aurrean, deklarazio hori berresten dute, dena Larraitzen gezurraren erruz gertatu dela gaineratuz.

Hamabigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitorrek deklaratzen bukatzen duenean, Mateo betiko tabernan aurkitzen du neska zerbitzariarekin. Itziarrek gertatutakoaz ezer ez duela oroitzen kontatzen dio. Berarekin zuen harremana guztiz hautsi da gainera. Mateo kezkatuta dago, beste hilketa batean nahastuta egon zelako eta emandako bertsioa sinetsiko ez dutelako. Gauzak horrela, Mateok toki ezezagun batera ihes egiten du azkenean. Aitor bere arrebarekin doa hilerrira Anderri hilarria jartzera. Hilarrian bere arrebaren izena ere agertzen da, Estoniako ohitura bati jarraiki eta hilketa barkatu egiten diola erakutsiz, azkenean beragatik eta haurrengatik egin zuela aitortuz. Anderrek Larraitzek idatzitako gutuna entregatzen dio poliziari, baina honek txantxetan egin zuela argudiatzen du. Azua eta bere alaba garbi aterako direla dirudi. Gutuna poliziari entregatu diona bera izan arren, poliziak aferaren berri baduenez, Azuak bakean uzten du Aitor. Jatetxea martxa onean doa eta arreba Anderren aseguru-etxea kudeatzen du. Irantzuren berririk ez du, hondartzako etxean jarraintzen duela kenduta.

Epilogoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mateorekin elkartzen zen tabernara inguratzen da egun batean eta zerbitzari berria dagoela ikusten du. Mateorekin zebilen zerbitzariak egun batean alde egin zuela kontatzen dio. Jatetxeko langile bizia den Monikarekin (eleberrian han eta hemen azaldu dena, beti lanean jatetxean), Mateo eta zerbitzaria hondartza-toki batean irudikatzen dituzte, zoriontsu, janariak prestatzeko negozio batean.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakurtzeko nobela erraza da, asmo handirik gabekoa. Laburra, entretenigarria, deskribapen gutxiz, hariak elkarriketen bidez egiten du aurrera. Euskara batuaz idatzia dago eta egituren aldetik ez du zailtasun handirik erakusten. Hori guztia dela eta, nobela hau ikastetxetan eta euskaltegietan oso liburu erabilia da. Kritikoen ustez, bestetik, nahiz eta nobela beltzaren alorrean kokatuta, istorioak ez du intriga handirik erakusten, hasieratik baitakigu hiltzaile nagusiaren izena [1]. Aldi berean, nobelan zehar tartekatzen diren pasadizo laburragoak eta egunerokotasunaren bigarren mailako gertaerak interesgarriak gertatzen dira eta horrek nobelari balore berezia ematen dio.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mendaroko txokolatea, kritikak.armiarma.com, 2013-03-16an kontsultatua.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]