Mihigorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Mihigorri Iruñeko Arrosadia auzoko pertsonaia da. Euskara sustatu nahi du auzoan, denon eskubide linguistikoak bermatuak izan daitezen. Gainera, Mihigorri ahuldu egiten da jendeak euskara erabiltzeari uzten diolarik eta horregatik auzoa euskaldundu nahi du. Urtean zehar Arrosadian egiten diren ekimenetan parte hartu ohi du, baina bestak dira berak gehien maite dituenak. Normalean besten hasierako egunean (ostirala) Arrosadiako karriketan barna ibiltzen da haurrak zirikatzen eta erdaraz mintzo direnei pegatinak jartzen. 2010. urtean berari egokitu zitzaion txupinazoa botatzea.

Mihigorriren Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aunitz dira pertsonaia mitologiko honen inguruan eraiki diren istorioak. Askotarikoak dira Mihigorriren jatorriaz kontatzen direnak. Batzuk zuzen dabiltza, oker beste batzuk, eta badira ere berau kaltetu nahian berari buruzko istorio faltsuak asmatzen dituztenak. Hortaz, izaki miresgarri honen istorioa kontatuko dizuet inork ez dezan dudarik izan Mihigorri nor den galdetzen diotenean. Ni sahats zahar bat naiz, arrosadian jaio nintzen eta hil aurretik Mihigorri nor den azalduko dizuet.

Gure laguntxoa inguruetan sortu zen lehen euskalduna dugu. Oraindik gogoan dut Mihigorri jaio zen udaberriko gau epel hura. Zerua oskarbi zegoen eta izarrek inoiz ez bezala egiten zuten dir-dir. Haize gozo batek hazi berri ziren arrosen petaloak askatu eta niregana ekarri zituen. Nire sustraiak petaloekin elkartu ziren orduan eta ezustean Mihigorri sortu zen. Azkar ohitu zen bere sorterrian zehar ibiltzera eta han eta hemen euskara hedatuz joan zen. Gizakiei, hizkuntzarekin, mintzatzeko dohaina eman zien eta behin bere lana gauzaturik zuela, niregana itzuli zen, Arrosadiara itzuli zen. Mihigorri inoiz baino indartsuago zegoen, inguruko jendeak euskara erabiltzeak ematen baitzion indarra.

Gure laguntxoak mozolo bat zuen gidari. Mihigorrik laguntza behar zuen eta hegazti hau aukeratu zuen adiskide leial gisa. Mozoloak Arrosadiako zeruak zeharkatzen zituen euskaldunak ez zirenak aurkitzeko, hartara Mihigorrik gure mintzaira preziatua erakutsiko zien. Heien hizkuntza erabiltzen zuten euskaldunei mihia gorri uzten zien, erdaraz mintzatzen zirenei beste kolore batez margotzen zielarik. Arrosadiako bizilagunak pozik bizi ziren eta denek miresten zuten Mihigorri. Baina, egun batean, gure izaki mitologikoari sekulako inbidia zion sorgintzar bat agertu zen auzoan: Mari Puzker. Bera ez zen euskalduna eta Mihigorrirekin akabatu nahi zuen. Bere xedea lortzeko oilar zantar baten eta zezentzar kankailu baten laguntza izan zuen.

Behin, Mozoloa auzoko teilatuen gainetik zebilela usai goxo-goxo bat antzeman zuen. Etxerako bidean zenez, bazka goxo horren usaia nondik zetorren egiaztatzeari ekin zion. Usaia geroz eta handiagoa zen, azkenik zezentzar beltz-beltz bat ikusi zuen arte. Zezenari galdetu zion ea zer zen prestatzen ari zen bazkari goxo hura eta honek paella bat egiten ari zela erantzun zion. “Nahi duzu nirekin bazkaldu? Nire lagun Oilarkorekin geratua naiz eta badugu bertze batendako adina jaki”. Mozoloa hagitz sineskorra zen, bera biziki ona zenez ez baitzuen uste pertsona zitalik izanen zenik munduan. Beraz, zezentzarrarekin geratu zen oilarraren zain. Hamar minuturen buruan Oilarra agertu zen champagne botila batekin. Mozoloa bapo geratu zen eta txanpan koparen bat ere hartu zuen, baina berak ez zekien jaki eta edari horiek magikoak zirenik. Honela ba, Mihigorriren laguntzailea berehala loak hartu zuen, eta orduan bi animalia zitalek bahitu egin zuten. Hura izan zen gure pertsonaiaren galburua. Mozoloaren laguntzarik gabe, Mihigorrik ezin zuen bere lana gauzatu.

Urte baten buruan Arrosadiako bizilagunak erdara erabiltzen hasi ziren. Mihigorri inoiz baino ahulago hasi zen sentitzen eta nik Olentzerorengana joateko gomendatu nion, bera euskararen eta euskal herritarren zaintzaile izaki, lagunduko zuelakoan. Esan eta bete. Mihigorri mendira abiatu zen Olentzeroren bila. Itzultzerakoan esan zidan ez nenbilela oker, Olentzerok jakin baitzekien Mozoloa basoan zela ezkutaturik eta Basajauni laguntza eskatzeko esan omen zion. Honela ba, gure laguntxoak basorantz jo zuen. Baina arras ahul zegoen, geroz eta jende gutxiagok erabiltzen baitzuen euskara bere inguruan. Basajaun aurkitu zuenerako ia ezin zen zutik mantendu. Bidean aurkitu zuen makila luze eta sendo batek eusten zuen bere gorputza. Laguntza behar zuen berehala, edo bestenaz betiko desagertuko zen. Basajaunek basoko bazter guztiak ezagutzen zituenez pozik lagunduko ziola esan zion Mihigorriri, baina Mozoloaren bila hasi aitzinetik, hobe zuela atseden hartzea. Hala egin zuen eta biharamunean ekin zioten bahituriko laguna bilatzeari. Galtzagorri bihurriek esan zieten gezurren erruz egun osoa alferrik eman zuten Mozoloa ez zegoen lekuetan bila. Mihigorri hiltzeko tenorea iritsi zitzaiolakoan zegoen, orain pauso erdi bat ibiltzeko gai ez baitzen. Basajaunek gure laguntxoaren ahulezia ikusirik, bere kabuz jarraitu zuen bilaketa. Bidean emakume eder bat aurkitu zuen. Bere ile luze eta leunak hegan egiten zuen airean eta bere kantuak belarriak urtzen zizkion edonori. Mari zen eta laguntzeko prest azaldu zen. Bien artean lortu zuten Sorgina ezkutaturik zegoen kobazuloa aurkitzea. Zezentzar kankailua paretik kentzea erreza izan zen, baina oilarra desagerraraztea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Zezentzarra lotan zegoela, basajaunek hankak lotu zizkion eta animalia esnatu zenerako ezin zen mugitu. Basoko izaki mitologikoak bere indarra erabili zuen zezena bizkarrean hartu eta kobazulotik at bidaltzeko. Oilarrarekin, berriz, indarrak ez zuen balio, bere moko zorrotzaz babesten baitzuen bere burua. Basajaun nekaturik zegoen eta lurrera erori zen. Oilarrak pertsonaia mitologikoa garaitu zuela uste zuen, baina orduan Mari abesten hasi zen eta doinu eder horrekin oilarra liluratu egin zuen, champagne magikoa edan izan balu bezala. Behin bi animaliak bidetik kendu zituztela, sorginarengana joan ziren, baina konturatzerako Mari Puzkerrek alde egin zuen. Hala ere, Mozoloa bertan utzi zuen herdoildutako kaiola batean sarturik.

Honen ostean, helburua lortu zutenez, Basajaunen etxera itzuli ziren non Mihigorri aurkitzen baitzen. Iristean ez zuten Mihigorri ohatzean aurkitu; Betiko desagertuko ote zen? Mozoloaren begietatik ur ttanttak jauzi egiten ziren abiadura handiz lurrean jotzen zuten arte. Ezin zitekeen egia izan, euskara galdua zen. Baina, egoera ezin okerragoa zirudienean, han agertu zen Mihigorri jauzika, eskutan marrubiz beteriko otarre bat zeramala. “Bizirik hago!” oihukatu zion Mozoloak eta bere besoetara egin zuen hegan. Mihigorrik eskerrak eman zizkien Mari eta Basajauni emandako laguntzarengatik eta eskuaz agurtzen zuela etxerako bidea hartu zuen Mozolo lagun zuela.

Orain, ni moztu eginen naute. Antza enbarazu egiten dut hemen. Nik, bizi osoa hemen daraman sahatsak, traba egiten omen dut eta betiko desagertuko naiz. Hala ere, Mihigorrik bizirik dirau eta bera nirekin batera desagertu ez dadin euskaraz mintzatu beharko zarete. Euskararik gabe gure laguntxoa desagertuko litzateke eta berarekin batera, gure nortasuna. Beraz, indarberri dezagun Mihigorri, eman diezaiogun gure energia eta erabili dezagun, beraz, euskara.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kultura Artikulu hau kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.