Munduko libururik handiena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Birmaniako erregearen aginduz eraikitako liburu eskergaren “azala”; marmolezko orrialde bakoitza horrelako eraikin txuri banaz estalita dago

Munduko libururik handiena zutik eta harrizkoa da, Kuthodaw pagodan dago; zehazki, Mandalay hirian, Myanmar (Burma).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birmanian, (egungo Myanmar), 1860ko urriaren 14an Mindom Min Birmaniako azkenaurreko erregearen aginduz munduko libururik handiena eta astunena idazten edo, hobe esanda, eraikitzen hasi ziren Mandalayko errege jauregitik hurbil. Mendebaldera hainbat bidaia egin eta gero, Mindon Minek erresuma modernizatu zuten teknologiak eta metodoak eraman zituen eta, hala, biztanleen bizi kalitatea hobetzea lortu zuen. Horrez gain, Kuthodawko urrezko pagoda Theravada budismoaren ohorezko obra monumental batez osatu nahi izan zuen. Budismoaren adar horretako printzipioak Paliko Kanon edo Tripitaka izeneko lanak jasotzen zituen, baina ordura arte printzipio horien transmisioa ahozko tradizioaren eta idatzi bakan batzuen bidez egin zen. Erregeak marmolezko harlauzetan bilduko zuen obra osoa[1].

Tripitakaren egungo paperezko edizioek 12.000 orrialde inguru izan ohi dituzte, 40 liburukitan banatuta. Mindon Minen edizioa, aldiz, 152 zentimetro luze, 106 zentimetro zabal eta hamabi zentimetro lodi diren marmolezko harlauzek osatzen dute. Harlauza bakoitza alde bietatik dago idatzita eta, hala, lanak 730 harlauza eta 1.460 orrialde ditu[1].

Marmola Zagyin muinoko harrobitik erauzi zuten eta Irrawaddy ibaian behera ontzi txikietan garraiatu zuten Mandalayraino. Idazlariek testuak arreta handiz kopiatzen zituzten harrian. Ondoren eskultoreek letrak banan-banan zizelkatzen zituzten eta, azkenik, ildoak urrezko tintaz betetzen zituzten. Idazlari bakoitzak hiru egun behar zituen orrialde bat kopiatzeko eta zizelkatzaileek aldiz eguneko hamasei lerro besterik ezin zuten egin. Harlauza bakoitza gordetzeko tenplu txiki zuri bana eraiki zuten, guztira 730. Liburuaren orrialdeak eraztunetan antolatuta daude, erlojuaren orratzen zentzuan[1].

Ia zortzi urte behar izan zituzten lanak burutzeko eta, azkenean, 1868ko maiatzaren 4an, liburu monumentala publikoari aurkeztu zioten. Mindon Minen esanetan, Theravada budismoaren printzipioei bizirik eusteko liburuak gutxienez 5.000 urte iraun behar zuen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Nagore Irazustabarrena, «Munduko libururik handiena», Argia, 2010-11-28, CC-BY-SA lizentzia