N-po belaunaldia

Wikipedia, Entziklopedia askea

N-po belaunaldia (hangul: N포세대; RR: N-po sedae ) Hego Korean sortu den neologismo bat da, gauza askori uko egin dioten pertsonen belaunaldia izendatzeko asmatua. Lehenengo, Sampo belaunaldia bezala hasi zen, honek "hiru gauzari uko egin dion belaunaldia" esan nahi duelarik; eta pixkanaka zenbakia handitzen joan da N-po belaunaldia izatera iritsi arte, "n-gauzari uko egin dion belaunaldia", alegia[1][2].

Hego Koreako 20 eta 30 urte bitarteko gazte askok uko egiten diote gauza askori (bikotea izatea, ezkontzea, seme-alabak izatea, etxe baten jabe izatea, karrera bat garatzea...) gizarte-presioengatik eta arazo ekonomikoengatik, hala nola bizitza-kostuaren igoera, ikasketak ordaintzea, langabezia izugarria eta etxebizitzen prezioa. Guraso eta gizartearen presioak exijitutako guztia egin ondoren, esfortzu guztiak ordainik ez duela sentitzen dute gazte hauek[3].

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

N-po belaunaldia neologismoaren jatorrian Sampo belaunaldia [oharrak 1] terminoa dago eta "hiru gauzari uko egin dion belaunaldia" esan nahi du; bikote izateari, ezkontzeari eta seme-alabak izateari uko egiten dion belaunaldia. Honen ondoren Opo belaunaldia etorri zen, "bost gauzari uko egin dion belaunaldia", hauek aurreko hiruei beste bi gehitu zizkieten: lanpostu bat izatea eta etxe baten jabe izatea. Hurrengoa Chilpo belaunaldia izan zen, "zazpi gauzari uko egin dion belaunaldia"; kasu honetan gehitzen diren bi elementuak harreman pertsonalak eta esperantza lirateke. Ondoren, Gupo belaunaldia bezala izendatuak, "bederatzi gauzari uko egin dion belaunaldia", osasuna eta itxura fisikoa zaintzea gehituz albo batetara utzitako gauzen zerrendara. Eta, azkenik, Sippo belaunaldia, Wanpo belaunaldia edo Ilpo belaunaldia, hamar gauzari uko egin dion belaunaldia, denari uko egin dion belaunaldia, edo, laburbilduz gauza bakarrari (bizitzari) uko egin dion belaunaldia izango litzateke.

Eta, beraz, N-po belaunaldia guzti hau izendatzeko asmatutako beste termino bat litzateke[4][5][2].

Izena Itzulpena Zenbakia Uko egindakoa
Sampo sedae Hiru gauzari uko egin dion belaunaldia 1 Bikote harremanak
2 Ezkontza
3 Seme-alabak
Opo sedae Bost gauzari uko egin dion belaunaldia 4 Lanpostua
5 Etxebizitza propioa
Chilpo sedae Zazpi gauzari uko egin dion belaunaldia 6 Harreman pertsonalak
7 Esperantza
Gupo sedae Bederatzi gauzari uko egin dion belaunaldia 8 Osasuna
9 Itxura fisikoa
Sippo sedae/
Wanpo sedae/

Ilpo sedae

Hamar gauzari uko egin dion belaunaldia/
Guztiari uko egin dion belaunaldia/

Gauza bakarrari uko egin dion belaunaldia

10 Bizitza

Terminoaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Termino hau Kyunghyang Shinmun egunkariak erabili zuen 2011n, "Talking About the Welfare State" argitalpenean. Sampo belaunaldiko gazteak definitzeko ezaugarri hauek zehaztu zituzten: lan ezegonkorrak, ikasleentzako maileguen ordainketa altuak, enplegurako prestakuntza prekarioak, etab. dituztenak eta, ondorioz, maitasuna, ezkontza eta seme-alabak izatea atzeratzen dutenak, aurrera begirako planik izan gabe. Termino hori sortu zen erakusteko Estatuak bere gain hartu ez duen ongizatea beren gain hartu duten familia korearren zama puntu kritiko batera iritsi dela, eta, azkenean, familia-forma tradizionalaren desintegrazio-egoera batera iritsi dela[6]. Ikuspegi ekonomikotik, ekonomikoki deprimituta dagoen herrialdea da, eta, aldi berean, barne-merkatua atzeraka doa, Korea esportatzaile handien mende baitago neurri handi batean. Estanflazioa ohikoa den herrialde gisa defini daiteke, hazkunde ekonomiko txikiaren eta soldata oso baxuen eta goranzko prezioen ondorioz. Horren ondorioz, bizitzaren kostua handiagoa da diru-sarrera txikiekin alderatuta, eta horrek termino horiek sortzea dakar[7].

Antzekotasunak beste herrialdeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez aipatutako termino hauen sorrerak, besteak beste, zailtasun ekonomikoak ditu oinarrian, esan bezala. Eta zentzu horretan, neologismo berri hauen aurretik. "880,000 Won Generation" izeneko kontzeptua ere sortu zen, goi mailako ikasketak egin ondorean lanean egon arren soldata duina jasotzen ez dutenei buruz hitz egiteko[8]. Espainian (eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian) erabilia den Mileurista kontzeptuaren parekoa litzateke.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Termino hauek ulertzeko, hizkuntzari lotutako azalpen batzuk: 일 (il) = bat; 삼 (sam) = hiru; 오 (o) = bost; 칠 (chil) = zazpi; 구 (gu) = bederatzi; Po laburdura bat da, 포기하다 aditzarena (포 "Po" bezala irakurriko litzateke eta "amore eman" esan nahi du)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) N-Po Generation: 5 Reasons Why Young People Believe Giving Up on Everything Is the Ultimate Solution - Kworld Now. 2022-04-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  2. a b Hell Joseon: The Price Of Happiness In South Korea | Deciphering South Korea - Ep 3 | Documentary. (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  3. (Koreeraz) 기자, 글 유정인·박은하 기자 사진 김영민·강윤중. (2011-05-11). «[복지국가를 말한다(1부)② 과부하 걸린 한국의 가족»] 경향신문 (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  4. «The Politics of Loneliness in South Korea : Leeds Human Rights Journal» hrj.leeds.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  5. (Gaztelaniaz) GARCÍA, EDUARDO. (2021-07-06). «Lo que nunca te habían contado del k-pop y los k-dramas» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  6. (Koreeraz) 세계일보. (2013-06-19). «취업준비생 이별 이유 1위…삼포세대의 비극» 세계일보 (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  7. (Koreeraz) «20~30대 10명중 4명 "나는 삼포세대"» 아시아경제 2012-02-01 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  8. «Young South Koreans become the \'880,000 Won Generation\' - Taipei Times» www.taipeitimes.com 2009-04-12 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]