Edukira joan

Suizidio

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Edouard Maneten suizidioa

Suizidioa, norberak bere buruaz beste egitea, edo norberaren buru-hiltzea nork bere burua nahita hiltzean datza[1]. Ekintza hori egin duenak bere buruaz beste egin duela esan ohi da. Norberaren suizidiorako arrazoiak askotarikoak dira, hala nola depresioa, mina (fisikoa zein psikikoa), edota arazo ekonomikoak[2]. Erlijio askok bekatutzat jotzen dute, eta, legedi askoren arabera, delitua ere bada. Bestalde, zenbait kulturatan, umiliazioari edo egoera mingarriei irtenbidea emateko modu ohoretsutzat dute suizidioa.[3]

Suizidiotzat hartzeko, hilketa horrek nork bere buruari nahita egindakoa izan behar du. Beraz, martiriak ez dira suizidiotzat hartzen, izan ere, sinesmen batengatik egiten baitute. Horregatik, sakrifizioak, guduak eta beste norbaiten bizitza salbatzeko egoeratan ematen diren hilketak ez dira suizidio gisa sailkatzen. Norberak bere buruaz beste egiteak ondorio legalak izateko, frogak egon behar dute hildakoak bere buruaz beste egin nahi zuela baieztatuko dutenak. Bestalde, hildakoak bere buruaz beste egiteko laguntza jaso badu, laguntzailea hilketaren konplizetzat hartzen da, eta, hori, delitua izaten da lege kodeetan.

Gaixotasun horiek patologia psikiatriko bati forma ematera irits daitezke, eta zenbait buru-nahasmendu izan ditzakete, hala nola depresioa, desoreka bipolarra, eskizofrenia, mugako nortasunaren nahasmendua[4], alkoholismoa eta drogen erabilera[5]. ​Adierazle ezagun «garrantzitsuena» eta norbanakoaren arrisku-faktore nagusia da suizidio saiakera burutu gabearen aurrekari bat izatea[6].

Norberaren burua hiltzeko metodoak herrialdearen arabera aldatzen dira, eta, neurri batean, haien erabilgarritasunarekin lotuta daude. Ohikoenak dira: urkatzea, plagizidekin pozoitzea eta su-armak manipulatzea. Hori izan zen, oro har, 2016an 817.000 pertsona hiltzeko arrazoia[7]; hau da​, handiagotze bat 1990ean izandako 712.000 heriotzen aldean[8].​ Suizidioa munduko bederatzigarren heriotza-zergatia da[5][9], eta bigarren heriotza-zergatia 10-29 urteko gazteen artean[10]. Arruntagoa da gizonezkoetan emakumezkoetan baino; lehenengoek hiruzpalau aldiz probabilitate gehiago dute beren buruaz beste egiteko bigarrenek baino[11][12][13].​​​ Kalkuluen arabera, urtero, hamar eta hogei milioi arteko suizidio saiakera izaten dira[14], eta, hilgarriak ez direnean, lesioak eta ezintasunak ekar ditzakete epe luzera. Bestalde, helburua lortu gabeko saiakerak ohikoagoak dira gizon gazteetan eta, oro har, emakumeetan[15].

Suizidioa saihesteko, eraginkorra da arrazoiak eta egoerak psikoterapiaren bidez aztertzea. Suizidio-ekintzaren aurre-aurreko unea mugatzen duten neurri batzuk dira metodoetarako sarbidea mugatzea –su-armak, drogak eta pozoiak, esaterako–, edo substantzien abusua mugatzea. Komunikabideek gaiari behar bezala erantzuteak saiakerak mugatzen dituela uste da. Suizidioaren sustraiei eta arrazoiei heltzeko, besteak beste, baldintza ekonomikoak hobetzeko lan egin behar da[16][17]. Jokabide suiziden konplexutasunari ekiteko, lehenik eta behin, arrisku- eta babes-faktoreak identifikatu behar dira. Funtsezko arrisku-faktoreak doaz osasun-sistema eta gizartetik maila komunitario, erlazional eta indibidualeraino. Horien artean daude: osasun-arreta eskuratzeko oztopoak, hondamendiak, gerrak eta gatazkak, aurreko suizidio saiakerak eta abar. Faktore horiek modu metagarrian jokatu ohi dute jokabide suizidarekiko zaurgarritasuna handitzeko. Suizidioaren eta nahasmendu mentalen arteko harremana ondo ezarria badago ere, krisi uneetan, suizidio asko modu inpultsiboan ere gerta daitezke, hala nola galera ekonomikoak. Babes-faktore batzuk dira: harreman pertsonal sendoak, sinesmen erlijioso edo espiritualak eta aurre egiteko estrategiak eta ongizate-praktika positiboak[18].​ Laguntza-telefonoak arruntak badira ere, ez dago horien eraginkortasunari buruzko ebidentziarik[19].​ Gaur egun, algoritmoekin lan egiten duten hizkuntzalaritza konputazionaleko hainbat ikerketa daude martxan bere buruaz beste egitea planeatzen duen pertsonaren hizkuntzan patroiak detektatzeko[20].

Suizidioaren ikuspegian, eragina dute erlijioak, ohoreak eta bizitzaren zentzuak. Tradizioz, erlijio abrahamdarretan bekatutzat hartzen da bizitzaren santutasunean duten sinesmenagatik. Japoniako samuraien aroan, harakiria porrot bat edo protesta modutzat hartzen eta errespetatzen zen. Sati izeneko erritu hinduista (Raj britainiarrean debekatua) zekarren alarguna hil berri zen senarraren hileta-suharrean immolatzea, bere borondatez zein familiaren edo gizartearen presioagatik[21] .

Hainbat herrialdetan suizidioa edo bere saiakera delitutzat hartzen diren arren, mendebaldeko nazio gehienetan ez dira zigorgarriak. XX. eta XXI. mendeetan, immolazio bidezko suizidioa batzuetan protesta gisa erabili izan da, eta eraso suizidak, kamikazea kasu, teknika militar gisa erabili izan dira[22].

Antzinako Greziako hiri-estatu gehienetan, suizidioa zigortua zegoen[23]. Atenas zaharrean, estatuaren onespenik gabe beren buruaz beste egiten zuten pertsonek ezin zituzten hileta arrunt baten ohoreak jaso. Suizida laguntzarik gabe lurperatzen zuten hiriaren inguruetan, hilarririk edo markagailurik gabe[24].​ Hala ere, suizidioa ohorea mantentzeko edo umiliazioa saihesteko modutzat hartzen zen[25].

Antzinako Erroman, egoera lotsagarri edo zoritxarrekoetarako irtenbide ohoragarritzat onartu eta hartu izan zen mendeetan[26][27].​​ Hala ere, praktika hori debekatuta zegoen esklaboentzat, esklaboak beste pertsona batenak izanik jabearen interesari kalte egiten ziolako eta, legez, Estatuaren aurkako krimentzat jotzen zelako zuen kostu ekonomikoak zirela eta[28].​ Era berean, soldaduak traidoretzat edo desertoretzat jotzen zituzten, eta beren ondasunak konfiskatzen, agindutako eginbeharra amaitu baino lehen bere buruaz beste egiten bazuten. Azken legedi honek denboran zehar iraun du inperioaren ekialdean[29].

Europa kristauan, bekatutzat hartu zen, eta Arlesko 452ko Kontzilioan Satanasen obratzat kondenatu zuten. Gainera, bere buruaz beste egiten zutenak eskumikatuak ziren[25].

Frantzian, 1670. urtean, suizidioari buruzko ordenantza kriminala aldarrikatu zen (eta 1791ra arte iraun zuen), non esaten zen: «suizidaren gorpua kaleetatik arrastaka eraman behar zela, buruz behera, eta, gero, zabor pilo batera bota edo zintzilikatu»[30].​ Era berean, hildakoaren ondareak konfiskatu egiten zituzten[31].

William Blackstone-ren Ingalaterrako legeei buruzko iruzkinak (1765-1769) ohiturazko zuzenbide anglo-saxoiaren interpretazio laburpenean azaltzen denez, suizidioa hilketaren pareko krimena zen, delitu larrienetakotzat jotzen zena. Felo de se izeneko krimen mota partikularra zen, eta ez zuten deskriminalizatu 1961eko suizidioari buruzko legea onartu zen arte[32][33].​

Pizkundean, suizidioaren aurkako jarrera aldatzen hasi zen. John Donneren Biathanatos obrak suizidioaren lehen defentsa modernoak zeuden. Bere obran, Donnek iradokitzen du suizidioa «ez dela naturaren, arrazoiaren edo Jainkoaren legeen aurkakoa». Gainera, figura biblikoen suizidioen kondenarik eza adierazten du, eta, zenbait inguruabarretan, «arrazoiak suizidioa gomendatzen du»[34].

Gizartearen sekularizazioa Argien Garaian hasi zen, non suizidioaren aurkako jarrera erlijioso tradizionalak zalantzan jarri eta auziaren ikuspegi modernoagoa aurkeztu baitzen. David Humek ukatu egin zuen suizidioa krimena zenik, ez baitio inori eragiten eta, potentzialki, norbanakoaren mesederako zelako. 1777ko Suizidioa eta arimaren hilezkortasunari buruzko saiakerak obran, Hume-k dio: «Bizitzatik erretiratzen den pertsonak ez dio gizarteari inolako kalterik egiten; on egiteari utzi besterik ez du egiten. Eta hori iraina bada, benetan, espezie xumeenekoa da»[35] .

XIX. menderako, Europan suizidioa bekatu batek eragindakotzat jotzetik eromenak eragindakoa izatera pasatu zen, eta, delitu izatetik, azterketa medikoko gai izatera ere igaro zen. Bestalde, komentario satirikoen helburu bihurtu zen, hala nola Gilbert eta Sullivanen The Mikado musikalarena, non bere buruaz beste egin zuen norbait exekutatzeko ideiari buruz ironia egiten baitzuen. 1879an, lege ingelesa suizidioaren eta hilketaren artean bereizten hasi zen, nahiz eta suizidioak jaraunspen-eskubideak galtzea ekarri[36]. 1882an, Erresuma Batuak argi-orduetan hileta jasotzeko baimena eman zion suizidari[37], eta XX. mendearen erdialderako, suizidioa deskriminalizatu egin zen Mendebaldeko herrialde gehienetan.

Ameriketatik, beste itxura bat eman zitzaion suizidio-arloari, hau da, suizidioari buruzko lehenengo legedi espezifikoak eta politika publikoen ekintzak eta arazo hori pairatzen duten pertsonen eta haien familien eskubideak zabaltzea planteatzen dituztenak, Argentinako 27130 Lege Nazionala, Suizidoa prebenitzekoa

Arazo etikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suizidioan, norberak bizitza kentzen dio bere buruari, eta, kristautasun sinesmenean, norbera ez da bere bizitzaren jabe. Ikuspegi orokor batetik erreparatuz, suizidio lagunduetan, arazo etikoak izaten dira. Egoera horretan, medikuak hilzorian dagoen gaixo batekin daude. Egun, suizidio lagunduaren gaian, bioetikari jartzen zaio arreta, eta halakotzat jotzen da gaixo batek, hiltzear dagoenean bere borondatez bere bizitzarekin bukatu nahi duenean eta, gainera, ekintza hori betetzeko medikuaren laguntza behar duenean. Laburbilduz, medikamendu hilgarri bat gaixoari ematea izango litzateke kontua. Horrelakoak suizidioak lirateke gaixoa kontziente dagoelako eta gaixoak berak amaiera hori hautatzen duelako.

Suizidio lagundua eta eutanasia desberdindu behar dira. Eutanasian, gaixoak ez du unean bertan erabakitzen bere bizitzarekin bukatu nahi duela, eta, aldiz, familiak parte hartzen du; hark erabakitzen du gaixoa hil behar dela ikusten dutelako gaixoa hil-hurren eta, erremediorik gabe, sufritzen ari dela. Mendebaldeko kulturako herrialde gehienetan, Zigor Kodeetan, eutanasia eta suizidio lagundua zigortuta daude.

Oro har, suizidioak dakarren arazo etiko nagusia da jakitea ea gizabanako bakoitza bere buruaren jabe den ala ez. Aipatu dugunez, kristautasun sinesmenaren arabera, bizitza Jainkoaren opari edo miraritzat hartu behar dugu, eta, beraz, ezin zaio Jainkoak oparitutako bizitzari uko egin. Hala ere, arazo etiko nagusia da ikustea ea pertsona batek daukan mina edota gaixotasuna arrazoi nahikoa den ala ez bere buruaz beste egiteko, ikustea ea min edo gaixotasun horrek ez ote daukan nolabaiteko konponbiderik. Iraganean, Eliza Katolikoak ez zituen onartzen beren buruaz beste egiten zutenak, eta, horregatik, ez zuen kanposantuan (katolikoan) haiek lurperatzeko baimenik ematen.

Suizidioa eta legea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko leku askotako lege kodeen arabera, Espainian esate baterako, norbaitek buru-hiltze bat saihestu ahal badu, saihesteko betebeharra du, legez. Bestela, laguntzaren hutsegitetzat har daiteke, eta, ondorioz, errudun bihurtzen ahal da laguntza eman ez duen pertsona.

Bestalde, legedi askotan, delitutzat hartzen da buru-hiltzea. Hala ere, hainbat legeditan, ekintza hori justifikatzen da subjektuak depresio handia badu edota eromen egoeran badago. Bestalde, legedi askotan, suizidio bat ikusiz gero, legeak ez du zigorrik jartzen ikusleak ez badu ezer egiten.

Gizaki askok, egunero, jarrera autosuntsitzaileak eramaten dituzte aurrera, esate baterako, zenbait sustantzia erretzea, alkoholdun edari gehiegi edatea, oso arriskutsuak diren kiroletan aritzea... Izan ere, horrelako ekintzak egiten dituzten gizakiek ez dute helburutzat bere buruaz beste egitea, baizik eta zenbait esperientzia bizitzea. Pertsona batek bere buruaz beste egin nahi duenean, berriz, bere helburu nagusi edo bakarra bere heriotza lortzea da.

Hainbat suizidio mota daude:

  • Burututako suizidioa: Pertsonaren jarrera autosuntsitzaileak direla eta, heriotzan bukatzen denean.
  • Zapuztutako suizidioa: Bere buruaz beste egitea pentsatuta zeukan pertsona prestatuta ez zeukan zerbait gertatzen denean eta horrek ez dionean bere ekintza suntsitzailearekin aurrera jarraitzen uzten.
  • Bere buruaz beste egiteko ahalegina: Pertsona bere buruaz beste egiten duenean eta intentzioaren graduak desberdinak direnean; alde batetik lesioak sortu baditu eta bestetik heriotza sortu badu.
  • Ekintza suizida: Ekintza autosuntsitzaile baten mehatxua dagoenean.
  • Mehatxu suizida: Aurrekoaren berdina baina ekintza bat izan ordez hitzak direnean.
  • Suizidio komuna: Jarrera autosuntsitzaile hori zenbait pertsonek aldi berean aurrera eramaten dutenean.
  • Suizidio arrazionala: Gaixotasun bat dela ondorio desgaituta geratzen denean; eta, hori dela eta, pertsona horrek erabaki duen jarrera autosuntsitzailea.
  • Talde suizidioa. Behin baino gehiagotan gertatu da talde jakin baten taldekide askok batera, beren buruen beste egitea. Euren sinismenak bultzatuta, ekintza horren bidez hil eta gero beste bizitza hobe bat lortuko zutela sinistuz[38]. Horrelako taldeei, sekta suntsitzaile deitu izan zaie.

Jakin behar da suizidioa eman baino lehenago, zenbait abisu edo ahalegin sortzen direla azkenengo helburua lortu arte.

Gaixotasun eragileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela zenbait urte esan zitekeen buru hilketa gehien 68 urtekoen artean gertatzen zirela; gaur egun, berriz, gaztaroan sortzeko arriskua asko handitu da.

Esan dezakegu depresioa, eskizofrenia eta substantzien gehiegizko erabilpena direla jendearen bizitzarekin akabatzera eramaten duten arrazoi nabarmenenak.

Arazo hau sozialtzat jotzen da. Hori ez da nahasi behar gaur egun «heriotza duina» deitzen denarekin. Horren esanahia honakoa hau da: gaixo batzuek hilzorian oso gaizki pasatzen dute, min handia sentitzen dute gorputzean, eta medikuek zerbait ematen diete mina baretzeko. Horretatik aparte desberdindu behar dugu eutanasia eta suizidio lagundua. Buru hiltze lagundua oinarritzen da gaixoari baliabideak ematean hark bere burua hiltzeko.

OMEk egindako ikerketaren arabera, ondorioak hauek izan ohi dira: zenbait lurraldeetan, suizidioa lortzeko hainbat metodoren bidez lortzen da, eta oso ezberdinak izan ohi dira kulturaren arabera. Adibidez, Asiako hainbat lurraldetan ikertu da landareei botatzeko balio duten substantziak suizidioa egiteko erabiltzen direla; bestetik, Ingalaterra gisako mendebaldeko herrialde askotan, medikamentuak intoxikatzeko ere balio dutela jakinda, horrelakoak erabili izan dira maiz suizidioa egiteko. Ekialdeko Europan, berriz, urkamendua zela ohiko metodoa ikusi zen, eta, Amerikako Estatu Batuetan, armak. Hong Kongen eta Txinan, ordea, leihotik salto egitea zen metodorik ohikoena. Hori guztia zela eta, metodo horietan banaketa bat egin ahal zela ondorioztatu zuten; alde batetik, tradizionalak zirenak (urkamendua eta leihotik salto egitea) eta bestetik tradizionalak ez zirenak (gainerakoak).

Garapena historian zehar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suizidioa eta heriotza beti lotuta egon izan dira gizonaren bizitzarekin. Historiak esaten duen moduan, maiek Ixtab jainkosa (suizidioaren jainkosa) gurtzen zuten, eta, ekialde urrunean, Japoniarrek harakiri egiten zuten desohorea garbitzeko. Beranduago (XIX. mendean), hildakoak gauza pribatua izatera heldu ziren.

Antzineko mendebaldean, suizidioa familiarentzako lotsagarria zen; hori ahultasunaren sinonimotzat hartuta zegoen, eta gaixotasun moduan zegoen kontsideratuta. Hori dela eta, ez zuten publikoki azaltzen.

Gaur egun, suizidioa gaixotasunaren sintomatzat hartzen da, eta, nolabait, errespetagarria da.

Frantzian, suizidio tasa 16,2 da 100.000 biztanleko[39].

KHEEko estatuen artean, suizidio tasa handienak Japonian eta Frantzian ematen dira (100.000 biztanleko 15-20), eta txikienak, Italian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan[40].

Suizidio kopurua, 100.000 biztanleko eta urteko:[41][42]
Maila Estatua Urtea Gizonak Emakumeak Bizt. batez bestekoa
1. Lituania 2005 68.1 12.9 38.6
2. Bielorrusia 2003 63.3 10.3 35.1
3. Errusia 2004 61.6 10.7 34.3
4. Kazakhstan 2003 51.0 8.9 29.2
5. Eslovenia 2003 45.0 12.0 28.1
6. Hungaria 2003 44.9 12.0 27.7
7. Letonia 2004 42.9 8.5 24.3
8. Japonia 2004 35.6 12.8 24.0
9. Ukraina 2004 43.0 7.3 23.8
10. Sri Lanka 1996 ? ? 21.6

Suizidio ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere buruaz beste egin duten pertsona ezagunak:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Suicidio y comportamiento suicida: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2025-04-10).
  2. (Ingelesez) Bottino, Sara Mota Borges; Bottino, Cássio M. C.; Regina, Caroline Gomez; Correia, Aline Villa Lobo; Ribeiro, Wagner Silva. (2015-03). «Cyberbullying and adolescent mental health: systematic review» Cadernos de Saúde Pública 31: 463–475.  doi:10.1590/0102-311X00036114. ISSN 0102-311X. (Noiz kontsultatua: 2025-04-10).
  3. Goikoetxea, Garikoitz. «Suizidioen «tabua» hausteko» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  4. Paris, Joel. (2002-06). «Chronic Suicidality Among Patients With Borderline Personality Disorder» Psychiatric Services 53 (6): 738–742.  doi:10.1176/appi.ps.53.6.738. ISSN 1075-2730. (Noiz kontsultatua: 2025-04-10).
  5. a b (Ingelesez) Hawton, Keith; van Heeringen, Kees. (2009). «Suicide» The Lancet 3739672: 1372-1381.  doi:10.1016/S0140-6736(09)60372-X. PMID 19376453. (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  6. «Suicidio» who.int/ (Organización Mundial de la Salud) 31 de enero de 2018 (Noiz kontsultatua: 12 de julio de 2018).
  7. GBD 2016 Causes of Death Collaborators. (2017). «Global, regional, and national age-sex specific mortality for 264 causes of death, 1980–2016: a systematic analysis for the Global Burden of Disease Study 2016» The Lancet 39010100: 1151-1210.  doi:10.1016/S0140-6736(17)32152-9. PMID 28919116. (Noiz kontsultatua: 12 de julio de 2018).. Consultado el 12 de julio de 2018
  8. GBD 2016 Causes of Death Collaborators. (2017). «Global, regional, and national age-sex specific mortality for 264 causes of death, 1980–2016: a systematic analysis for the Global Burden of Disease Study 2016» The Lancet 39010100: 1151-1210.  doi:10.1016/S0140-6736(17)32152-9. PMID 28919116. (Noiz kontsultatua: 12 de julio de 2018).. Consultado el 12 de julio de 2018
  9. (Ingelesez) Värnik, Peeter. (2012). «Suicide in the World» International Journal of Environmental Research and Public Health 93: 760-771.  doi:10.3390/ijerph9030760. PMID 22690161. PMC 3367275. (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).. Consultado el 17 de abril de 2015
  10. «Suicidio» www.who.int (Noiz kontsultatua: 20 de febrero de 2019).
  11. (Ingelesez) Powell, Jane. (23 de enero de 2013). «Suicide is a gender issue that can no longer be ignored» The Guardian (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  12. (Ingelesez) Hodgekiss, Anna. (19 de febrero de 2014). «Men are now Three times more likely to commit suicide than women - and is the recession to blame?» Daily Mail (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  13. (Ingelesez) Ríos, Pere. (18 de octubre de 2010). «Los hombres se suicidan, las mujeres lo intentan» El País (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  14. (Ingelesez) Bertolote, José Manoel; Fleischmann, Alexandra. (2002). «Suicide and psychiatric diagnosis: a worldwide perspective» World Psychiatry 13: 181-185. PMID 16946849. PMC 1489848. (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  15. Palacios Delgado, Jorge Raúl; Sánchez Torres, Berenise; Andrade Palos, Patricia. (2010). «Intento de suicidio y búsqueda de sensaciones en adolescentes» Revista Intercontinental de Psicología y Educación 121: 53-75. (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  16. «Suicidio» www.who.int (Noiz kontsultatua: 16 de febrero de 2020).
  17. «Un estudio apunta a que aumentar el salario mínimo 1 dólar puede prevenir miles de suicidios» Viento Sur (Noiz kontsultatua: 13 de mayo de 2020).
  18. «Prevención del suicidio - OPS/OMS | Organización Panamericana de la Salud» www.paho.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  19. Sakinofsky, Isaac. (2007-06). «The current evidence base for the clinical care of suicidal patients: strengths and weaknesses» Canadian Journal of Psychiatry. Revue Canadienne De Psychiatrie 526 Suppl 1: 7S–20S. ISSN 0706-7437. PMID 17824349. (Noiz kontsultatua: 16 de febrero de 2020).
  20. Morató, Yolanda. (2019-12). «Algoritmos para el suicidio» Jot Down 29.
  21. «India wife dies on husband's pyre» BBC News (BBC) 22 de agosto de 2006 (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  22. Aggarwal, Neil. (2009). «Rethinking suicide bombing» Crisis 302: 94-97.  doi:10.1027/0227-5910.30.2.94. PMID 19525169. (Noiz kontsultatua: 17 de abril de 2015).
  23. Cooper, John M.. (1989). Philosophy and Medicine. Springer Netherlands, 9–38 or. ISBN 978-90-481-4039-8. (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
  24. (Ingelesez) Stephen Szasz, Thomas. (1999). Fatal Freedom: The Ethics and Politics of Suicide. Greenwood Publishing Group, 11 or. ISBN 978-0-2759-6646-1. (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).. Consultado el 5 de septiembre de 2015
  25. a b Baena Zúñiga, Alma; Sandoval Villegas, Maurilia Araceli; Urbina Torres, Celia C.; Juárez, Norma Helen; Villaseñor Bayardo, Sergio J.. (2005). «Los trastornos del estado de ánimo» (pdf) Revista Digital Universitaria (Universidad Nacional Autónoma de México) 611: 1-14. (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).
  26. El suicidio de los romanos, Luis Reyes, Tiempo, ISSN 0213-1951, Nº. 1797, 2017, págs. 78-79
  27. Chesnut, Glenn F.. (1986). The First Christian Histories: Eusebius, Socrates, Sozomen, Theodoret, and Evagrius. Mercer University Press, 54 or. ISBN 0-86554-203-1. (Noiz kontsultatua: 29 de enero de 2022 en Google Libros).
  28. (Ingelesez) Leming, Michael; Dickinson, George. (2015). Understanding Dying, Death, and Bereavement. (8. ed.. argitaraldia) Cengage Learning, 306 or. ISBN 978-1-3055-3761-3. (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).. Consultado el 5 de septiembre de 2015
  29. De la penalización en Derecho Romano de la tentativa de suicidio de los militares y la permanencia histórica de su regulación, Roxa Mentxaka. Facultad de Derecho UPV/EHU, en Derecho Penal Romano X, pp 381-429
  30. (Ingelesez) Pickering, W. S. F.. (2000). «6. Reading the Conclusion. Suicide, morality and religion» Durkheim's Suicide: A Century of Research and Debate. Psychology Press, 69 or. ISBN 978-0-4152-0582-5. (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).. Consultado el 5 de septiembre de 2015
  31. (Ingelesez) Jobes, David A.; Luoma, Jason B.; T. Hustead, Lisa Anne; Mann, Rachel E.. (2000). «22. In the Wake of Suicide: Survivorship and Postvention» in Ronald W. Maris, Alan L. Berman, Morton M. Silverman Comprehensive Textbook of Suicidology. Guilford Press, 540 or. ISBN 978-1-5723-0541-0. (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).. Consultado el 5 de septiembre de 2015
  32. Critchley, Simon. (2016). Apuntes sobre el suicidio. (1ª ed. argitaraldia) Alpha Decay, 32 or. ISBN 978-84-944896-2-4. OCLC .957749337 (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
  33. Suicide act 1961. .
  34. (Ingelesez) Suicide. Stanford Encyclopedia of Philosophy 18 de mayo de 2004 (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).
  35. García-Huidobro, Rodolfo Figueroa. (2008). «Concepto de derecho a la vida» Ius et Praxis 141: 261-300. (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).
  36. (Ingelesez) Paperno, Irina. (1997). Suicide as a Cultural Institution in Dostoevsky's Russia. Cornell University Press, 60 or. ISBN 978-0-8014-8425-4. (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).. Consultado el 5 de septiembre de 2015
  37. Krishna Mehrotra, Palash. (27 de diciembre de 2014). «Finally the Government has recognised that suicide is not a crime» Daily Mail (Noiz kontsultatua: 5 de septiembre de 2015).
  38. (Gaztelaniaz) Clarín.com. (2018-11-13). «El suicidio colectivo más grande de la historia: 914 muertos» www.clarin.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  39. Claire Guélaud, « France : les paradoxes d'un pays en proie au doute », dans Le Monde 2008-04-23, artikulua
  40. "Death be not proud", The Economist, 2008-05-03, 64 or. economist.com
  41. (Ingelesez) [http://www.who.int/mental_health/prevention/suicide_rates/en/index.html OMEren taula (2005 abendua).
  42. (Ingelesez) OME estatistikak (2006-06-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian