Edukira joan

Nitrifikazio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nitrifikazioa amonio edo amoniakoaren oxidazio biologikoan datza, nitritoak eta gero nitratoak sortzeko. Nitrogenoaren zikloaren etapa bat da. Sergei Vinogradski mikrobiologo errusiarrak aipatu zuen estreinakoz 1888an.

Bakterio berezi batzuek –nitrifikatzaile deritzen– eta hainbat arkeobakteriok besterik ez dute nitrifikazioa egiten. Bakterio nitrifikatzaileak kimiolitotrofoak dira: amonioaren oxidazioan lortzen dute energia (ATP), eta haien karbono iturria CO2 da, Calvin zikloaren bidez finkatzen dutena, aurreko etapan lortutako ATP erabiliz.

Nitrifikazioa bi etapotan burutzen da:

NH3 + O2 → NO2 + 3H+ + 2e

NO2 + H2O → NO3 + 2H+ + 2e

Lehenengo etapan Nitrosomonas eta Nitrococcus izeneko bakterioek parte hartzen dute, baita hainbat arkeobakteriok ere. Bigarren etapa, batez ere, Nitrobacter generoko bakterioek osatzen dute, nitratoa agertuz.

Amoniakoa oxidatzen duen bakteriar generoak nitritoa oxidatzen duen bakterioari substratua ematen dio: gehienetan, genero biak elkarrekin bizi dira lurzoruan.

Bakterio nitrifikatzaileak autotrofo hertsiak dira eskuarki, eta materia organikoak haien hazkuntza murrizten du. Nitrifikazioa prozesu aerobioa da.

Bestalde, nitrifikazioa funtsezko prozesua da lurzoruen emankortasuna bermatzeko. Izan ere, landare gehienek ezin dute nitrogenoa haienganatu NH3 moduan, NO3 moduan baizik.

Horretaz gain, nitrifikazioak zeregin oso garrantzitsua egiten du ibai kutsatuetako NH3 mailak jaisteko. Ibai horietan isuri industrialek edota materia organikoaren pilaketak NH3 mailak igotzen dituzte, bakterio nitrifikatzaileek eraldatzen dutena. Era berean, NO3-ren pilaketak ibai edo lakuaren eutrofizazioa eragiten du: kaltegarria da, algen gehiegizko hazkundea eragiten baitu. Arazo hori saihesteko, hondakin-uren tratamenduan NO3 sortu ondoren desnitrifikazio prozesu bat burutzen da.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]