Osloko txostena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Osloko Bristol hotela.

Oslo txostena inteligentzia militarraren historiako informazio-filtrazio ikusgarrienetako bat izan zen. Hans Ferdinand Mayerrek idatzia 1939ko azaroaren 1etik 2ra, Oslora (Norvegia) egindako negozio-bidaia batean, garaiko eta etorkizuneko zenbait arma alemaniar deskribatzen zituen. Mayerrek modu anonimoan bidali zuen txostena Osloko enbaxada britainiarrera, eta handik Londreseko M16ra transferitu zuten, hobeto aztertzeko.

Britainiarrentzat oso iturri baliotsua zela frogatu zen, erantzuteko neurriak garatu ahal izan zituelako, batez ere erradiogoniometria sistemei eta radarrei dagokienez. Britainiarren garaipena lortzen lagundu zuen Ingalaterrako guduan.[1]

Naziek ez zuten inoiz Oslo Txostenaren berri izan, eta 1947an baino ez zen argitaratu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hans Ferdinand Mayerrek Fisikako doktoretza jaso zuen Heidelbergeko Unibertsitatean 1920an. Bere doktorego-aholkulariaren (Philipp Lenard) laborategian ikertzaile elkartu gisa bi urte eman ondoren, 1922an Siemens AG enpresan hasi zen lanean. Telekomunikazioez interesatu zen eta Siemenseko komunikazioen ikerketarako laborategiko kide izatera pasa zen, 1936an bertako zuzendari bihurtuz. Bere posizioa zela eta, harremanak zituen Europa osoan eta Estatu Batuetan, eta Alemaniako garapen elektronikoari buruzko informazio-maila zabala zuen eskura, batez ere sektore militarrean.

1939ko irailaren 1ean Hitlerrek Polonia inbaditu ondoren, erregimen nazia garaitzeko, Mayerrek britainiarrei sekretu militarrei buruzko informazioa ematea erabaki zuen. 1939ko urriaren amaieran Eskandinaviara egindako negozio-bidaia bat antolatu zuen. 1939ko urriaren 30ean iritsi zen programatutako lehen eskalara, Oslora, eta Bristol hotelean erregistratu zen.

Mayerrek idazteko makina bat eskatu zuen hotelean, eta, bi egunez, Oslo txostena mekanografiatu zuen, zazpi orrialdekoa, bi gutunen gisa. Azaroaren batean bidali zuen lehen gutuna postaz, eta, horren bidez, britainiar agregatu militarrari eskatu zion Txostena jaso nahi bazuen BBCren Munduko Zerbitzuarekin koordinatzea, bere programarako sarrera alemanez aldatzeko. Hori egin zen, eta Mayerrek Txostena bidali zuen hurbiltasuneko espoleta baten balbula termoionikoren prototipo batekin batera.

Era berean, Henry Cobden Turner britainiar lagun ohiari gutun bat idatzi zion, Niels Holmblad bere lankide daniarraren bitartez berarekin harremanetan jartzeko eskatuz. Zeharkako komunikazio hori beharrezkoa zen, Erresuma Batua eta Alemania gerran baitzeuden; une horretan, Danimarka neutrala zen. Mayerrek Danimarkara bidaiatzen jarraitu zuen Holmblad bisitatzeko, eta berari eta Turnerri informazioa helarazteko eskatu zion. Holmbladek gogo onez onartu zuen, baina behin Hitlerrek 1940ko apirilaren 9an Danimarka inbaditu zuenean, komunikazio ibilbide hau ez zen egingarria, eta Mayer Alemaniara itzuli zen.

Britainiarren erantzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939ko azaroaren 4an, Hector Boyes kapitainak, Osloko britainiar enbaxadakoak, gutun anonimo bat jaso zuen, Alemaniako azken aurrerapen teknikoen txosten sekretu bat eskaintzen ziona. Txostena jasotzeko, BBC World Serviceren ohiko iragarkia alemanezko emisioan "Hullo, hier ist London" (Kaixo, Londres hitz egiten) izatera aldatzea koordinatu behar zuen. Hori gauzatu zen, eta, horren ondorioz, pakete bat eman zen, astebete geroago. Pakete horrek dokumentu mekanografiatu bat eta balbula termoioniko mota bat zituen. Dokumentua ezaguna egin zen 1947an haren berri eman ondoren; "Osloko txostena" deitu zioten.

Boyesek berehala ebaluatu zuen txostenaren garrantzia eta enbaxadako taldeko kide bati itzulpen bat eskatu zion, jatorrizkoarekin batera M16 Londresera bidaliz.

Osloko txostena britainiar inteligentziak axolagabekeriaz hartu zuen, Reginald V. Jonesen salbuespen handiarekin, garai hartan Fisikan doktore gazte bat zena, berriki "Adimen zientifikoa" izeneko arlo berri baten ardura jaso zuena. Jonesek esan zuen zehaztasun falta batzuk gorabehera, xehetasun teknikoak zuzenak zirela eta bertan zabaldutako sistema elektroniko guztiak ikertu egin behar zirela. Jonesentzat zorionez, Churchillek berarengan sinetsi zuen eta bere ikerketetan babestu zuen.[2]

Sekretupean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mayer 1943an atxilotu zuen Gestapok, BBCk egindako entzuketa klandestinoengatik, eta kontzentrazio-esparru ezberdinetan espetxeratu zuten gerra amaitu arte. Han, Johannes Plendlek bere "ezagutza zientifikoak" zirela eta, haren presentzia eskatu zuen. Inoiz ez zen jakin Plendlen erreklamazioa egia izan zen ala Mayerri bizia salbatzeko aukera eman zion "gezur errukitsu" bat.

Naziek ez zuten inoiz izan Oslo txostenaren berri 1947ra arte Jonesen bitartez ezagutzera eman zenik. Hark, ordea, txostenaren egilearen nortasuna gorde zuen une oro, berarekiko edo haren familiarekiko errepresaliak saihesteko. Meyerren familiak berak 1977ra arte ez zuen ezer jakin. Testamentuan Meyerrek adierazi zuen informazio hori argitaratzeko bakarrik haren eta emaztearen heriotzaren ondoren. Jonesek akordio hori errespetatu zuen, 1989an egia publikoki azalduz, Meyer hil eta ia hamar urte ondoren.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Louis Brown, 1999. A Radar History of World War II: Technical and Military Imperatives, Bristol: Institute of Physics Publishing, ISBN 0-7503-0659-9.
  2. https://www.labrujulaverde.com/2017/06/informe-oslo-el-misterioso-documento-sobre-investigaciones-armamentisticas-nazis-remitido-a-los-britanicos-anonimamente-en-1939
  3. R.V. Jones. Air Scientific Intelligence Report No. 7, The Edda Revisited, 17 July 1940. Churchill Archives Centre, Cambridge University, Reginald Victor Jones Papers, RVJO B.24, 275.or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sterrenburg, Frithjof A.S. «The Oslo Report». Ordenance Technical Intelligence Museum.
  • Louis Brown, 1999. A Radar History of World War II: Technical and Military Imperatives, Bristol: Institute of Physics Publishing, ISBN 0-7503-0659-9.
  • Don H. Johnson. Scanning Our Past - Origins of the Equivalent Circuit Concept: The Current-Source Equivalent, Proc. IEEE, 91:817–821, May 2003.
  • Reginald V. Jones, 1978. Most Secret War: British Scientific Intelligence 1939–1945. London: Hamish-Hamilton, ISBN 0-241-89746-7. Published in the United States as The Wizard War: British Scientific Intelligence 1939–1945, New York: Coward, McCann & Geoghegan, ISBN 0-698-10896-5.
  • Reginald V. Jones, 1989. Reflections on Intelligence. London: Heinemann, ISBN 0-7493-0474-X.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]