Telekomunikazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Satelite bidezko komunikazioko Lur-estazioa; Raisting, Bavaria, Alemania
Egungo telekomunikazioen azalpena argiaren abiadurari lotuta (Teknopolis)
Gower telefonoa, Parisko Musée des Arts et Métiers museoa

Telekomunikazioa distantzia luzeko informazio-transmisioa da, komunikazioa sortzeko helburua duena. Korronte elektrikoa, uhin elektromagnetikoak edo prozedura optikoak erabiliz egiten da.[1] Telegrafia (mezuen eta irudien igorpena), telefonia (hots seinaleen igorpena) eta irratia (irrati uhinen bidezko mezu igorpena) dira telekomunikazioan erabiltzen diren komunikabide eta tresna usuenak.[2]

Komunikabide sarea da telekomunikazioaren funts eta oinarria, haren bidez igortzen eta bideratzen baitira bidali nahi diren mezuak. Komunikabide sareak mezuak igortzeko hainbat atal ditu: igorpen guneak, transmisio bideak eta gune hartzaileak. Gaur egun mezuak igortzeko gehien erabiltzen den teknika serieko transmisio digitala edo zenbakizkoa da, hau da, informazio kodetuak kode bitarrean igortzen dituena. Teknika horren bidez mezuak oso akats gutxirekin iristen dira tresna igortzailetik hartzailera. Kable ardazkideak, zuntz optikoak eta satelite artifizialak dira transmisio biderik erabilienak.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako garaietan ikus-seinaleak erabiltzen ziren, esaterako itsasargiak, kea, banderak eta heliografo optikoak, edo audio-mezuak, esaterako danbor-hotsak, turutak, txistuak edo oihu ozenak. Elektrizitatearen eta elektronikaren sasoi modernoan gailu elektrikoen erabilera arrunt bilakatu da telekomunikazioa erdiesteko: telegrafoa, telefonoa eta teletipoa, irratia, telebista eta mikrouhin bidezko komunikazioa, bai eta zuntz optiko bidezkoa, satelite bidezkoa eta abar.

Telekomunikazio elektrikoen lehen urrats nabarmena 1830. urtearen inguruan iritsi zen, telegrafoa garatu zenean. Komunikazio-mota hauek XIX. mendean hasi ziren modu masiboan erabiltzen, eta kontinenteak elkar komunikatzeko lehen azpiegiturak sortu ziren, itsaso azpiko komunikazio-hariak eraiki zirenean. Hari hauen bidez, hasierako hiru telekomunikazio-mota nagusiak hedatu ziren: telefonoa, telegrafoa eta teletipoa.

XX. mendearen lehen hamarkadan iraultza hasi zen haririk gabeko komunikazioan, Guglielmo Marconi italiarrak haririk gabeko irratiaren garapenean egin zituen aurrerapenei esker. Ondoren, beste ikertzaile batzuek beste hainbat esparru garatu zituzten: Samuel Morse (telegrafoa), Alexander Graham Bell (telefonoa), Nikola Tesla, Edwin Armstrong, eta Lee de Forest (irratia), eta John Logie Baird eta Philo Farnsworth (telebista).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Telekomunikazio, Telekomunikazio Hiztegia, telekomunikaziohiztegia.org
  2. a b Telekomunikabide, Lur Hiztegi Entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia, euskara.euskadi.eus

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]