Pantailak Euskaraz telebistan eta askotariko ikusizko plataformetan euskarazko eskaintza handitzearen aldeko Euskal Herriko mugimendu bat da. Euskal Autonomia Erkidegoa du ekintza eremu batez ere. 2021eko ekainean sortu zen, euskarak pantailetan bizi duen egoerarekin kezkaturik.[1] Alex Aginagalde eta Izaskun Rekalde agertu dira, besteak beste, mugimenduaren bultzagile eta ordezkari lanetan.[1][2]
Mugimendua beste talde txikiagoek osatu dute, hauexek: Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz, Game Erauntsia, Zinemak Euskaraz, Tinko euskara elkartea eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea.[1] 2021eko abenduan Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua plazaratu zuten, Durangon (Bizkaia), eta 40 eragileren babesa jaso zuten. 2022ko otsailean, Argia kazetaren Kanpaina Onenaren Saria jaso zuten[3] eta, 2022ko ekainaren 11n, elkarteari forma juridikoa emateko asmoa agertu zuten.[1]
Pantailak Euskaraz mugimenduaren elkarretaratzea Donostiako Zinemaldian (2022)
«
Egoera oso larria da. Horren erakusle ondorengo datua: CIESen arabera, 1990. urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurren %70ek ETB1eko marrazki bizidunak ikusten zituzten; gaur egun, ETB3k %0,3ko pantaila kuota du. Zinemetan bezala, streaming plataforma erraldoietan hutsaren pare tratatzen gaituzte eta txarrena da, egoerak ez duela inor ere harritzen.
Ikus-entzunezkoen arloan, solaskide izatea lortu dute, EITBko eta streaming plataformetako ordezkariekin bilduz, produktuen euskarazko eskaintza zabaltzeari begira. Kritiko agertu dira Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrarekin.[1] Besteak beste, kezka adierazi dute fikzio produktuen eskaintzak telebistan duen presentzia urriarekin. Erakunde arteko harremanetan aritu ez ezik, kale mobilizaziorik egin izan dute, hala nola 2022ko Donostiako Zinemaldiaren lehen egunean, Kursaal aurrean elkarretaratzea eginez.[4] Horren harira, 2023an, Elkarteko Alex Aginagaldek adierazi zuen 2023ko Zinemaldian hobekuntza nabarmenak izan zirela euskararen presentzian; izan ere, Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduradunaren arabera, Sail Ofizialeko film guztiek euskarazko azpidatziak izan zituzten, eta Zinemaldiko filmen herena euskaraz izan zen, euskara plan bati esker.[5]