Parte-hartze politiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Parte-hartze politikoa herritarrek prozesu politikoan eta prozesu horren emaitzetan eragiteko helburuz egiten dituzten ekintzen multzoari esaten zaio. Herritarren parte-hartzea hainbat modutara adieraz daiteke, hala nola hauteskundeetan bozkatzea, gizarte-mugimenduetan parte hartzea eta agintariei eskaerak aurkeztea.

XX. mendeko politologo garrantzitsuenek argudiatu dute parte-hartze politikoa funtsezkoa dela demokraziarako, eta demokraziaren kalitatea herritarren parte-hartzearen kantitatearen eta aniztasunaren araberakoa dela. Halaber, parte-hartze politikoan berdintasunak duen garrantzia nabarmentzen da, argudiatuz gizarteko zenbait talde parte-hartze politikotik kanpo uzteak demokrazia arriskuan jar dezakeela.

Teoria demokratikoaren esparruan ere ekarpen garrantzitsuak egin dira, argudiatuz demokrazia sistema politiko bat dela, non herritarrek eragiten dieten erabakien gaineko kontrol esanguratsua duten. Herritarren parte-hartzeak erabakiak hartzean duen garrantzia eta erakunde demokratikoak herritarren aurrean gardenak eta arduratsuak izateko beharra defendatu ditu.[1]

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) parte-hartze politikoa sakonki eraldatu dutela argudiatu da, herritarren parte-hartze handiagoa eta informazio politikorako sarbide handiagoa ahalbidetu dutelako. Sare sozialek eta lineako beste plataforma batzuek herritarrak modu eraginkorragoan antolatzea eta politikan modu berri eta berritzaileetan parte hartzea ahalbidetu dute. IKTen garaian parte-hartze politikoa horizontalagoa eta deszentralizatuagoa da, eta horrek esan nahi du herritarrek modu zuzenagoan eta eraginkorragoan parte har dezaketela erabaki politikoak hartzen. Komunikabideen eta teknologia berrien erabilera areagotzeak herritarren manipulazioa eta parte-hartze politikoa areagotzen ditu. Adibidez, albiste faltsuak zabaltzea eta iritzi publikoa manipulatzea arrisku garrantzitsuak dira, eta horiei aurre egin behar zaie parte-hartze politiko eraginkorra eta demokratikoa bermatzeko.[2]

Agenteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herritarren parte-hartzea ulertzea funtsezkoa da demokrazien funtzionamendua eta aldaketa politikoko prozesuak ulertzeko, eta ikuspegi zabala behar da, parte-hartze politikorako hainbat modu eta erakundeekiko harremana barne hartzen dituena.[3]

Norbanakoak: Dahlen arabera, norbanakoen parte-hartze politikoa funtsezkoa da demokraziarako, eta hainbat modutara ager daiteke, hala nola botoa, gizarte-mugimenduetan parte hartzea, agintariei eskaerak eta eskaerak aurkeztea, etab.[1]

Gizarte zibileko talde eta erakundeak: Gizarte zibileko talde eta erakundeak, hala nola sindikatuak, giza eskubideen aldeko taldeak, talde ekologistak, besteak beste, eragile garrantzitsuak dira parte-hartze politikoan, gizarteko talde espezifikoak ordezkatzen dituztelako eta agintariei presioa egin diezaieketelako beren eskaerak kontuan har ditzaten.[1]

Alderdi politikoak: Alderdi politikoak eragile garrantzitsuak dira parte-hartze politikoan, herritarrak ordezkatzen dituztelako eta botere politikoa lortzeko lehiatzen direlako. Hala ere, Dahlek nabarmendu du garrantzitsua dela alderdiak arduratsuak izatea eta herritarrekin harremanetan egotea, eta ez interes-taldeekin eta emaileekin bakarrik.[1]

Gobernuak eta agintariak: Gobernuek eta agintariek gizarte osoari eragiten dioten erabakiak hartzeko ardura dute, eta, beraz, arduratsuak izan behar dute, eta elkarrizketarako eta herritarren partaidetzarako irekita egon behar dute.[1]

Parte-hartze politikoaren faktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parte-hartze politikoaren zergatiak edo arrazoiak azaleratzeko garrantzitsua da Patrick Congek parte hartze politikoaren eta honen faktoreen inguruan egiten duen definizioa ezagutaraztea. Izan ere, autore honek seinalatzen du beste egile batzuen desadostasunak (parte hartzearen definizio orokor batekiko), gai edo puntu hauen inguruan planteatzen direla:[4][5]

- Jokabide edo sentimenduak ez dira parte-hartze politikoaren kontzeptuaren barruan sartu behar. Abertzaletasuna, apatia, alienazioa edo axolagabetasun politikoa bezalako forma pasiboak ez dira parte hartze politikoaren parte, kultura edo sozializazio politiko bezala ezagutzen denaren parte dira. Kontzientzia politiko izateaz ez du, zuzenean, parte-hartze politikoa izatea esan nahi; aurrebaldintza moduan kontsideratu daiteke.

- Portaera edo jarrera biolento edo bortitzak terminoaren barruan barneratu behar dira. Izan ere, orain konbentzionala edo “legala” dena, beste garai edo leku batean baliteke horrela ez izatea; greba edo desobedientzia zibila besteak beste. Baina, hala eta guztiz ere, parte hartzeko formak dira.

- Gobernua edo gobernu forma mantendu edo aldatzeko egindako ekintzak parte-hartze politikoaren barruan sartu beharko lirateke. Zentzu honetan, indarkeria maila ezberdinetako ekintzak hemen barruan sartuko lirateke, baita matxinada edo gerra zibilak ere.

- Gobernutik kanpo burutzen diren ekintzak ez lirateke parte-hartze politikoaren muinean sartu behar. Esate baterako, egitura, autoritate edo erabaki estataletara bideratuak ez dauden maila nazional edo lokaleko ekimen komunitarioak ez dira definizioaren parte; parte-hartze sozial moduan ulertu behar dira, ez politiko.

- Ondasun publikoei lotutako erabaki estatalei babesa eta oposizioa adierazteko ekintza oro parte-hartze politikoaren barruan ulertu behar da, izan gobernuak zuzendutakoa edo jendearen ekimenaren bidez garatua.

- Parte hartze politikoa parte hartzearen ekintza berara mugatu behar da, eta ez eduki ahal dituen ondorio edo bere parte hartzaileen asmoetara.

Aldagai hauetatik abiatuta, parte-hartze politikoa horrela definitu daiteke: Tokiko edo maila nazionaleko ekintza kolektibo edo indibiduala egituren, autoritateen eta ondasun publikoen banaketa edo esleipenekin erlazionatuta dauden erabakien alde edo aurka agertzen dena, eta hitzezkoa edo idatzizkoa, biolentoa edo bakezale edo pazifikoa eta intentsitate maila ezberdinekoa izan daitekeena[6].

Emilio Sanchez Barbarak eta Miguel Angel Garcia Martinezek (2001) [7] parte-hartze politikoa giza motibazioaren aldagaietatik azaltzen dute. Parte-hartze politikorako arrazoi hauen artean hasteko nabarmentzekoa da afiliaziorako giza beharrizana. Afiliazioa beste pertsona batzuekaz testuinguru edo kontestu sozial bat bilatzeko beharrizan bezala azalduko litzateke. Bere funtzioa ez da indibiduoaren biziraupena, baizik eta giza espeziearena. Bowly (1968)[8] bezalako autoreek planteatu dute premia biologiko bat existitzen dela beharrizan honetarako; altruismoa edo portaera soziala dena: edozein motatako portaera sozial positibo, lankidetzakoa edo besteekiko laguntza eskatzen duena, portaera hauek arrazoi altruista bat ez badute ere (Gomez eta Canto, 1995)[7]. Parte-hartze politikoan eragina duen beste faktore bat lorpenerako beharrizana da eta Murrayren arabera (1938), edozein zailtasun gainditzeko, ideiak, pertsonak edo objektu fisikoak dominatu, manipulatu eta antolatzeko, eta besteekin lehiatu eta gainditzeko eta autoestima lortzeko desio multzoa da[9]. Bestalde, botererako premia parte-hartze politikoa azaltzen duen beste arrazoi bat da. Beharrizan hau pertsonak besteen gainean eragitea bultzatzen duena da.

Beste alde batetik, parte-hartze politikoa bereziki soziala den fenomenoa da eta horregatik ezin da soilik “indibidualak” diren faktore edo aldagaietatik azaldu. M. Rodriguez, JM Sabucedo eta M. Costak herritarrek politikaren inguruan duten pertzepzio hori eraikitzen laguntzen duten aldagaiak aztertzen dituzte[10]. Haiek aipatzen dituzten aldagaiak protesta politikoaren oinarri, arrazoi eta motibazioan egon daitezkeenak dira hain zuzen ere: haien artean konfiantza politikoa, kanpo eraginkortasuna, igualitarismo edo berdinzaletasuna, balore postmaterialak, politikarekiko interesa, aldaketarekiko jarrera, kontzientziazioa, alienazioa, orientazio politikoa, klase soziala, sexua eta ikasketa maila daude.

Konfiantza politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfiantza politikoa edo konfiantza eza lider eta instituzio politikoetan aldagai garrantzitsua da sistema demokratikoaren dinamika, egonkortasun, biziraupen eta funtzionamendurako (Aberbach eta Walker, 1970) [11]. Duela gutxiko artikulu periodistiko batean adierazten da “gaur egun demokrazia arriskuan dagoelako pertzepzio bat dagoela herritarrek alderdi politikoekiko duten konfiantza urriaren ondorioz”[12]. Galera honen berri iritzi publikoko lanketa guztietan ematen da. Artikuluak seinalatzen du EAEn, esate baterako, Eusko Legebiltzarreko 2020ko hauteskundeetan, boto-emaileen %49,22k ez zuela bozkatu, abstentzio mailan 20 puntuko igoera bat suposatuz azken 15 urtetan.

Kanpo eraginkortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo eraginkortasuna herritarrek sistemaren sentsibilitatearen mailaren inguruan duten pertzepzioa da.

Berdinzaletasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igualitarismo edo berdinzaletasunari dagokionez, parte-hartze politikoaren motibaziorako alderdi inportantea da eta guztiontzako lege berdin bat eta aberastasunaren banaketa ekitatibo baten sinismenari egiten dio erreferentzia eta horiek pertsonak politikoki parte hartzera bultzatzea.

Balore postmaterialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balore postmaterialen harira, azken urtetan balore berriak garatu dira; haien artean, ingurunea, LGBT pertsonen eskubideak. Herritarrek balore postmaterial horiei garrantzia eman gura dien neurrian, parte-hartze politiko gehiago edukiko dute. Jada ez dira aurrerapen eta garapen ekonomikoko baloreak soilik parte-hartze politikoa sustatzen dutenak.[13]

Politikarekiko interesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politikarekiko interesa funtsezko aldagaia da politikoki hitz egiterakoan pertsona aktibo edo pasiboak ezberdintzeko.

Aldaketarekiko jarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazoi honek eragingo duena da indibiduo jakin batzuk politikan parte-hartze aktiboa izatea beraien “status-quoa” defendatzeko. Batzuk era gradual batean aldaketa sozial batzuk eman daitezan egingo dute; beste batzuek era iraultzaile batean parte hartuko dute aldaketa erradikalagoak emateko.[14]

Kontzientziazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzientziazioa pertsonak politikoki parte hartzera bultzatzen dituen beste zergati bat da. Sabucedok (1990) adierazten du subjektuen aldetik egoera batzuk negatibotzat jotzea edo interpretatzea eragiten edo ahalbidetzen dien kontzientzia bat egon behar dela eta hauek aldatzeko exigentzia batzuetara bideratzen diena.

Alienazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indibiduoaren alienazio edo alienazio ezak politika zehatz edo bizitza sozialeko alderdi batzuekiko, politikan gehiago parte hartzea edo politikan parte hartzeko beharrizanik ez edukitzea eragingo du. Honek deritzona da indibiduoak ze punturaino instituzio publikoengandik errespetua sentitzen duen eta bere eskubideak babestuta daudela sentitzen duen.

Orientazio politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indibiduo bakoitzak duen orientazio politikoak eta espektro politikoan bere burua kokatzen duen arabera, bere parte-hartze politikoa areagotu edo murriztu dezake edo bere parte-hartze politikoaren motibazioan eragin zuzena eta garbia duen aldagaia da.

Bestelako aldagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klase soziala, sexua edo maila kulturala bezalako aldagai edo arrazoiek parte hartze mailarekin harreman zuzena eduki dezakete.

Demokrazia eta mekanismoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demokrazia kontzeptuaren aurrean, bi arau-teoria eta bi ikuspegi desberdin aurkitzen ditugu, herritarrek demokraziarekin duten parte-hartzearen erlazioari erantzuten diotenak. Alde batetik, parte-hartze handiagoari dagokionez, demokrazia handiagoa egongo litzatekeela dioen bat aurkituko genuke, eta beste batek, berriz, kontrakoa esaten duena.

Joseph Schumpeter-ek demokraziaren ikuspegi «errealista» edo «elitista» deritzona azaltzen du. Autore horrentzat, demokrazia ordezkatzaile modernoaren erakunde bereizgarria hautaketa da, ez herri-borondatea adierazteko mekanismo gisa, baizik eta ordezkariak hautatzeko metodo gisa soilik pentsatua. Autorearen aburuz, hautespen-ekitaldiak ez du balio herritarrek sistema politikoari egiten dizkioten eskaerak komunikatzeko, baizik eta hautespen-karguen alde lehiatzen diren eliteen manipulazio estrategikorako prozesu gisa. Schumpeterrek dioenez, manipulazio-teknikak oso garrantzitsuak dira masen demokrazian, eta borroka politikoaren arma dira: «alderdikeriazko publizitatearen psikoteknika, sloganak, martxak ez dira osagarriak, politikaren funtsa bera baizik» (Schumpeter 1950: 283)

Schumpeteriar ereduan ordezkaritza-harremanaren funtsezko alderdia ordezkariena edo aginte-klaseena da: ordezkaritzaren arazoa, orduan, lidergo-arazo egoki batera murrizten da. Ekuazioaren beste aldea, ordezkatuak, masa pasibo eta irrazional baten terminoetan aurkezten da, eta masa hori ez da gai edozein portaera autonomo edo arrazionalerako. Gizarte garaikideetako demokraziak, Schumpeterrek dioenez, ez du zerikusi handirik herri borondatea edo herriaren gobernua ideiarekin. Besterik gabe esan nahi du hautesleek aukera dutela gobernatu behar dituzten gizonak aukeratzeko.[15]

Beste alde batetik, demokrazia parte-hartzaileraen defendatzaileak ditugu, hau da, Sergio Miccok honela definitzen du parte-hartze politikoa:  herritarrek beren ordezkariak aukeratzeko eta taldean hartutako erabakietan zuzenean edo zeharka eragiteko beren borondatez jardutea, erabakiok guztiei saihestezineko eran eragingo baitiete ( Sergio Micco: Comentario al texto Ciudadanía y Participación[16])

Demokrazia parte-hartzaileak, beraz, politika publikoen alderdiei buruzko informazioa, kontsulta, kontrola eta, baita ere, zuzeneko erkidegoaren erabakia dakar. Garrantzitsuena ez dira mekanismoak, proposamenaren funtsa baizik, gizarte zibilak gizarte politikoan duen benetako eragina.

Demokrazia parte hartzailearen barruan bi modelo nagusi azaltzen dira, demokrazia zuzena eta demokrazia ordezkatzailea.

Demokrazia zuzena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki lehenengo garatu zen eredua demokrazia zuzena izan zen. Eredu honen teoriko nagusia Rousseau izan zen. Rousseak demokrazia zuzena hurrengo moduan definitzen du: “herriak esleitzen zaizkion funtzio publikoak berehala eta zuzenean betetzen dituena”. [17]

Demokrazia mota hori adierazteko modu batzuk daude:

Erreferenduma: Mekanismo horrek herritarrak inplikatzen ditu, modu indibidualean, herritarrek politika publikoko gaietan beren iritziak adierazteko aukera izan dezaten (Ebdon, 2000; Kim eta Lauer, 2014:459). [17]

Herri ekimena: Legegintzako herri-ekimenaren arabera, herritar kopuru jakin batek (legez) ekimenak egin ditzake, legegintzako boterean eztabaida daitezen (Soto, 2012).[17]

Herritarren kontsulta: Kontsultaren zeregina legitimitatea lortzea da, komunitate osoaren baimenaren bidez. (Irwin eta Wynne, 1996. Cooken aipatua, 2011:69).[17]

Kabildoak: Bestela esanda, mekanismo hau bilera publikoei, herritarren elkarrizketei edo biltzarrei buruzkoa da, non herritarrek Estatuko agenteek entzuteko eta entzunak izateko aukera duten.

Aurrekontu parte-hartzaileak: Aurrekontu-prozesua baliabideak esleitzeko erabakiak hartzeko bide garrantzitsua da, eta, beraz, partaidetzako aurrekontuak aukera ematen die herritarrei esateko nola gastatzen duten zergadunen dirua gobernu-erakundeek (Guo eta Neshkova, 2012).

Herritarren parte-hartzearen elementua garatu nahi du ereduak, eta herritarren arteko berdintasunaren puntua nabarmentzen du.

Ordezkaritza eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordezkaritza-ereduak funtsezko interes gisa gordetzen du askatasun-printzipioa, García Pelayo doktorearen arabera, errepresentazioaren ideia nazioaren ideiatik sortzen da, hain zuzen ere, Esmein Nezard aipatuz, hau esaten baitu: Subiranotasuna bizi den nazioak, pertsona erreala ez denez, gizabanakoen kolektibitatea baizik, ez du bere kabuz borondaterik. Gauzatzeko ezinbestekoa den borondate horren baliokidea ezin da aurkitu, nazioaren gorputzetik harturiko zenbait gizabanakoren nahimen komunetan izan ezik. [18]

Garcia Pelayok berak lau ezaugarri aipatzen ditu ordezkapenaren doktrina demokratikoan.

  • Botere publikoaren ordezkariak legitimoak dira nazioa ordezkatzen duten heinean, eta hori, jabetzan, herri-hautespenaren bidez izendatu direnei aplikatzen zaie, halako moldez non ordezkarien aginteak handiagoak izango baitira hauteskundeak zenbat eta hurbilagoak izan.
  • Ordezkaria nazio osokoa da, eta ez aukeratu duen talde edo hauteskunde-zirkuitukoa.
  • Ez dago aginduzko aginduen menpe, beraz, ordezkaria ez da ez mandataria ez herriaren delegatua.
  • Norbanakoa erdi-erdian dauka, gizabanako bakoitza boto bat dela uste baitu. (Manuel García Pelayo: Derecho Constitucional Comparado. Op cit. p. 178 [18]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e (Gaztelaniaz) «Poliarquia,la (Ciencia Politica / Political Science) - Dahl,R.: 9788430917983 - IberLibro» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
  2. Flores Torres, José Luis. (2020-09-28). «La sociedad y la comunicación desde la perspectiva de Manuel Castells de sociedad red» Sintaxis 1 (5): 85–102.  doi:10.36105/stx.2020n5.05. ISSN 2594-1682. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  3. (Gaztelaniaz) Cordourier Real, Carlos Román; Cordourier Real, Carlos Román. (2015-12). «Participación ciudadana e instituciones: un análisis desde la teoría democrática de Robert A. Dahl» Estudios sociológicos 33 (99): 579–605. ISSN 2448-6442. (Noiz kontsultatua: 2023-03-08).
  4. Conge, Patrick. PARTICIPACIÓN POLÍTICA: CONCEPTO Y MODALIDADES. , 213 or..
  5. Conge, Patrick J.; Barnes, Samuel H.; Kaase, Max; Nelson, Joan M.; Booth, John H.; Seligson, Mitchell A.; Seligson, Mitchell A.; Booth, John H.. (1988-01). «The Concept of Political Participation: Toward a Definition» Comparative Politics 20 (2): 241.  doi:10.2307/421669. ISSN 0010-4159. (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  6. psicologia social, politica y comunitaria. .
  7. a b Sanchez, Emilio. (2001). Análisis de las motivaciones para la participación en la comunidad. Universidad de Granada, 63-64 or..
  8. Bowlby, J. (1969). Attachment and love: Vol. I. Nueva York: Basic Books.
  9. murray, H.A. (1938). explorations in personality. new york oxford university press.
  10. rodriguez, M.. (1993). factores motivacionales y psicosociales asociados a distintos tipos de accion politica. .
  11. Aberbach, J.D. (1970). Political trust and racial ideology. American Political Science Review.
  12. (Gaztelaniaz) «Confianza en los partidos políticos» Crónica Vasca (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).
  13. Powell, G. Bingham. (1981). «Review of Political Action: Mass Participation in Five Western Democracies.» American Journal of Sociology 87 (2): 505–507. ISSN 0002-9602. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  14. Wilson, Glenn D., ed. (2012). The psychology of conservatism. ([Nachdr. der Ausg.] London 1973. argitaraldia) Routledge ISBN 978-0-415-66165-2. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  15. Peruzzotti, Enrique. (2008-06-01). «La democracia representativa como política mediada: repensando los vínculos entre representación y participación» Debates en Sociología (33)  doi:10.18800/debatesensociologia.200801.001. ISSN 2304-4284. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  16. Silva, Juan Claudio. (2001-04). «Ciudadanía: entre el debate crítico, la lucha política y la utopía» Ultima década 9 (14): 91–111.  doi:10.4067/S0718-22362001000100006. ISSN 0718-2236. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).[Betiko hautsitako esteka]
  17. a b c d Contreras, P. (2019). Democracia y participación ciudadana: Tipologia y mecanismos para la interpretación. , 178-191 or..
  18. a b Caballero, Francisco Sierra. (2021-07-01). «EL RETORNO A ATENAS:» Lex mercatoria, derechos humanos y democracia (Consejo Latinoamericano de Ciencias Sociales. CLACSO): 339–374. ISBN 978-987-813-002-6. (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]