Pasteur efektua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Pasteur efektua hartzidura alkoholikoaren inhibizioan datza ingurunean oxigenoa dagoenean. Jakina denez, legamiek (anaerobio fakultatiboak direnak) glukosaren hartzidura alkoholikoa burutzen dute oxigenorik ezean. Oxigenoaren aurrean, aldiz, aipatutako hartzidura nabarmen gutxitzen da. Louis Pasteur mikrobiologo frantziarrak bere izena daraman efektu hau antzeman zuen 1857an.

Beste modu batez esanda, Pasteur efektuak hartziduren jarduera ahultzen dela baldintza anaerobioetatik baldintza aerobioetara pasatzerakoan adierazten du. Hots, oxigenoarekiko fakultatiboak diren mikrobioak hobeto moldatzen direla oxigenoarekin oxigenorik gabe baino, eta ahal badute glukosa modu aerobikoan oxidatuko dutela beti.

Pasteur efektuak beste ondorio bat dakar: baldintza aerobikoetan legamiek glukosa gutxiago kontsumitzen dute. Izan ere, oxigenoaren aurrean glukosa gutxiago kontsumitu behar da energiaren kopuru bera lortzeko (gogoratu energia gehiago lortzen dela glukosaren oxidazio aerobikoan glukosaren hartziduran baino).

Horrek esan nahi du ingurune anaerobio batean legamiek edo bakterioek glukosa asko kontsumitu behar dutela hazteko, ingurune aerobikoan glukosa gutxiago behar duten bitartean.