Perpaus kausal

Wikipedia, Entziklopedia askea

Perpaus kausala —zenbaitetan kausa-perpaus edo kausa perpaus ere deitua— ZERGATIK galderari erantzuten dioten perpaus txertatu adberbialaren motetako bat da.

-ELAKO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-ELAKO atzizkiaz hornitua dagoen perpausa izenlaguna izan daiteke izen bati lotua dagoenean (ikus perpaus osagarri izenlagunak). Baina aditz bati lotua ere agertzen da gehienetan:

  • a. Isilik egoten ez dakielako gertatu zaio hori.
  • b. Gogoak eman didalako erosi dut marka honetako txandala.

Perpaus horien egitura guztiz gardena da: [Perpaus jokatua + -ELAKO]. Postposizio-sintagma, beraz. Postposizio-sintagma horrek perpaus nagusian adizlagun baten lekua eta funtzioa betetzen du. Balioari dagokionez, berriz, kausala dela esaten, ZERGATIK galderari erantzuten baitio:

  • - ZERGATIK esan duzu gezurra? - Zigortuko nindutela pentsatzen nuelako (esan dut gezurra).

ZERGATIK galderari erantzuten badio, pentsatzekoa da -ELAKO perpausak galdegaia izateko joera izango duela. Hala da: -ELAKO perpaus kausala galdegai izan ohi da. Horretan bereizten da, hain zuzen, bestelako kausaletatik: BAIT- edo -ENEZ (GERO), esate baterako, kausalak izanik ere, ez dira galdegai izan ohi. Horregatik, sarritan, perpausaren barnean tartekatuak aurkitzen dira azken horiek, maiz koma artean. Edo, esaldiaren hasieran, mintzagai gisa. Ohartzeko, honako perpaus hauek azter daitezke:

  • a. KURTSOA GAINDITU EZ DUDALAKO gelditu naiz oporretara joan gabe.
  • b. KURTSOA EZ BAITUT GAINDITU, oporretara joan gabe gelditu naiz.
  • c. Oporretara joan gabe gelditu naiz, KURTSOA EZ BAITUT GAINDITU.
  • d. Oporretara joan gabe gelditu naiz, KURTSOA EZ DUT GAIN- DITU ETA.
  • e. KURTSOA GAINDITU EZ DUDANEZ GERO, oporretara joan gabe gelditu naiz.

-ELAKO perpausak aditzak adierazten duen ekintzaren KAUSA zein den esaten du. Besteek, berriz, gehiago dirudi baieztapen baten ARRAZOIA edo JUSTIFIKAZIOA, ESPLIKAZIOA, ematen dutela aditzera.

-ENEZ (GERO)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Halakoen osaera honako hau da: [ [ … aditza ] -enez + (gero)]. Hots: GERO postposizioaren eta instrumentalaren gainean eraikia dago. - ENEZ edo -ENEZ GERO morfemak daramatzan perpausak ere adizlagunaren funtzioa betetzen du perpaus nagusian:

  • a. Etorri naizenez gero, bisita bat egingo diot Josebari.
  • b. Eskatu egin digunez, eman egin diogu.

Halakoen ordain dira, hizkera arruntean ohiko diren [NOLA … -EN] gisako esapideak:

  • a. Nola Bilbora noan, partidua ikustera geldituko naiz.
  • b. Nola eskatu egin didan, eman egin diot.

Horrelakoek ere, nolabait, kausa adierazten dute. Baina, batzuetan, kausaltasun hori baino areago nolabaiteko moduzkotasuna adierazten dute.


Mintzagai gisa ageri ohi dira. Hori, batez ere, -ENEZ soilaz baliatzen direnen kasua da:

  • a. Geroago jakin nuenez, Mirenek ez zuen kurtsoa gainditu.
  • b. Agustinek dioenez, maitasunak indar handia du.

Horrelakoek, -EN BEZALA / -EN LEGEZ gisa ere eman daitezke:

  • a. Gure aitak dioen bezala, lanik gabe ez dago ogirik.
  • b. Esan nizun legez, oporrak Ameriketan igaroko ditugu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]