Edukira joan

2. Pianorako sonata (Chopin)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pianorako sonata 2. zbk (Chopin)» orritik birbideratua)
2. Pianorako sonata (Chopin)
Jatorria
Sorrera-urtea1839
IzenburuaSonate, en si bémol mineur, pour piano
Ezaugarriak
Genero artistikoasonata-forma
TonoaB-flat minor (en) Itzuli
Deskribapena
Honen parte daFuneral Marches (en) Itzuli
Piano Sonatas (en) Itzuli
Bestelako lanak
MusikagileaFrédéric Chopin

IMSLP: Piano_Sonata_No.2,_Op.35_(Chopin,_Frédéric) Allmusic: mc0002390967 Edit the value on Wikidata

2. Pianorako sonata Frédéric Chopin poloniar musikagileak 1837an konposatu zuen musikalan bat da. 1840an Alemaniako Leipzig argitaratu zen. Ziurrenik konposaketa honetako zatirik ezagunena hirugarren mugimendua edo Hileta martxa delakoa da, gaur egun mundu osoko hileta martxarik ospetsuena delarik, heriotza, hiletak eta atsekabearekin lotu ohi da.

Egitura eta analisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sonatak lau mugimendu ditu:

  1. Grave – Doppio movimento (Si bemol minorSi bemol maior)
  2. Scherzo (Mi bemol minor, Sol bemol maiorren dauden trio eta kodarekin)
  3. Marche funèbre: Lento (Si bemol minor, Re bemol maiorren dagoen trioarekin)
  4. Finale: Presto (Si bemol minor)
I. Grave - Doppio movimento

I. Grave – Doppio movimento

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

5–7 minutu (errepikapenaren arabera)

Johannes Brahmsek editatutako Breitkopf & Härtel argitalpena (1878). Edizio honetan Doppio movimento-ko errepikapen-barra falta da, hortaz aurkezpenaren errepikapena Grave-n hasi beharko litzatekeela adierazten du.

Lehenengo mugimendua Si bemol minorren eta 2/2 konpasean dago, eta eraldatutako sonata-forma du, gai nagusia duen lehenengo subjektu-taldea ez baita berraurkezpenean itzultzen. Grave markaturiko lau konpaseko atariko labur eta anbiguo batekin hasten da obra, eta kadentzia perfektu baten bidez tonikara ebatziz eta Doppio movimento baten bidez tempoa bikoiztuz hasten da lehen subjektu-taldea, lehenik akonpainamendu figura urduri bat aurkeztuz. Lau konpas geroago tema nagusia hasten da, agitato adierazia, eta honi piano eta sostenuto markaturiko bigarren subjektuak hartzen dio lekukoa, Re bemol maiorren. Garapenaren hasieran aurrez aurkeztutako gai guztiak agertzen dira, baita aurrerago berria dirudien tema bat ere, baina izatez bigarren temaren zati baten inbertsioa dena. Garapenaren klimaxean Chopinek hiru elementu ezberdin bateratzen ditu aldi berean: Grave atarikoaren motiboa eta gai nagusia bi eskuetan, tartean hirukotxoak direla. Berraurkezpenean, aurrez aipatu bezala, lehenengo subjektu-taldea ez da itzultzen, beharbada Domenico Scarlattiren teklaturako sonatetan aurki daitekeen sonata-forma bitar zaharragoak eraginda; beraz, berraurkezpena bigarren subjektuarekin hasten da, orain Si bemol maiorren (tonikaren paralelo maiorra). Hamabi konpaseko stretto batek osatzen du koda, eta mugimendua fff (fortississimo) markatutako hiru Si bemol maior akorderekin amaitzen da.[1]

II. Scherzo

6–7 minutu

Scherzoaren irekiera

Bigarren mugimendua tempo argibiderik gabeko scherzo bat da, Mi bemol minorren eta 3/4 konpasarekin. Askoren ustez tempo argibide falta honek lehenengo mugimenduarekiko tempo aldaketa eza adierazten du, honen amaierak eta scherzoak biek zortzidun eta akorde errepikatuak dituztelarik.

Mugimenduak scherzo-trio-scherzo forma ohikoa du, trioa Sol bemol maiorren dagoelarik. Indar dinamiko eta erritmiko izugarria izanda, mugimenduak Beethovenen scherzoen tradizioa darrai, baina minuet formaren eraldaketa baino mazurkarena dirudielarik. Più lento markatutako trioa, aldiz, melodia sinple, sentsual eta kantagarri batean oinarritzen da. Scherzoaren itzuleraren ostean, trioaren gaia laburki berraurkezten da kodan, hortaz mugimendua tonalitate erlatibo maiorrean amaituz.

III. Hileta-martxa

III. Marche funèbre: Lento

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

8–9 minutu

Marche funèbre-aren irekiera

Hirugarren mugimendua, frantsesezko Marche funèbre izenak dioen moduan, hileta-martxa bat da, tarteko trioak aldiz doinu pastoral bat duelarik. Mugimendua sonataren tonalitate nagusian dago, Si bemol minorren alegia, eta 4/4ko konpasa du. Trioa, berriz, Re bemol maior erlatiboan dago. Lento tenpo izendapena 1840ko lehen argitalpenaren ostean izan zen gehitua. Mugimendua Si bemol notaren errepikapenean datzan melodia batekin hasten da, atzetik Si bemol (hirudunik gabe) eta Sol bemol maior akordeak txandaka akonpainatzen dutela. Alan Wakerrek dioenez, errepikatutako nota hoiei darraion melodia lehen mugimenduaren atzekoz aurreratutako gai nagusia da. Trioa, erlatibo maiorrean, nokturno erako melodia bare batean datza.

Marche funèbre-a bere baitan Chopinen konposizio ezagunenetarikoa da, heriotzaren ebokazio arketipikoa bilakatu delarik. Hainbak instrumentaziotarako moldatua izan da, gehienbat orkestrarako. Ezagutzen den lehenengo orkestra-egokitzapena Napoléon Henri Reberrek egin zuen eta 1849ko urriaren 30ean Chopinen beraren ehorzketan jo zen, Parisko Père Lachaise hilerrian. Henry Wood zuzendari ingelesak Marche funèbre-aren bi orkestrazio burutu zituen, lehena lau alditan jo zuten The Proms-en 1895 eta 1904 artean. 1907ko abuztuaren 17ko First Night of the Proms-erako (Proms-en lehen gaua), Woodek bi egun lehenago idatzitako bigarren bertsio bat zuzendu zuen, Joseph Joachim biolin-jotzaile ezagunaren heriotza zela eta burutu zuena. 1933an, Sir Edward Elgarrek Marche funèbre-a orkestra osorako moldatu zuen, eta haren lehen emanaldia urtebete geroago izan zen, konpositorearen beraren oroimenezko kontzertuan.

IV. Finale: Presto

IV. Finale: Presto

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1–2 minutu

Finalearen irekiera

Presto markatutako finale laburra, 2/2ko konpasean, forma bitarra duen perpetuum mobile bat da. Sotto voce e legato markatutako zortzidun paraleloz soilik dago osatuta, amaierako fortissimo Si bemol zortziduna eta Si bemol minor akordea salbu, tartean isilunerik edo beste erritmorik izan gabe. Mugimendu honetan, Chopinek "kromatizismo konplexu baten bidez hiru edota lau ahotsetarako harmoniak lerro monofoniko batean burutzea lortzen du". Garrick Ohlssonek adierazi zuenez, mugimendua "apartekoa da, erromantizismo berantiarrari, XX. mendeari eta atonaltasunari begiratzen baitio."[2] Horrez gain, Leikinen iritziz finalea "ziurrenik Chopinek inoiz idatzi duen piezarik enigmatikoena" da, eta Anton Rubinsteinek adierazi omen zuen laugarren mugimendua "haizea dela, hilarrien inguruan uluka".[3] Chopinek bere partituretan pedal argibideak sarri idazten bazituen ere, finale honetan bat bera ere ez zuen idatzi azkeneko konpasera arte.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jonson (1905), p. 124
  2. «Episode 44: Chopin's Unruly Children» radiochopin.org.
  3. Thompson, Damian. «Courage, not madness, is the mark of genius» The Daily Telegraph.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]