Primus inter pares

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Primus inter pares latinezko esaldiak, egun ere hizkuntza askotan erabili eta euskaraz literalki lehena parekoen artean esan nahi duenak, gobernu edo buruzagitza mota bat adierazten du, non buruzagi bat bere meritu edo ezaugarri nabarmenengatik edo besteen onespenez agintea hartzen duen, jatorriz edo karguz herrialde edo erakundeko beste pertsonaia nagusien parekoa izan arren.

Antzinako Erroman du jatorria, Julio Cesar kontsula hala zen hasiera batean, senatuak denbora baterako agintari izateko eskuordetuta. Aldiz, Oktavianotik aurrera, hori bukatzen hasi zen, primus inter pares izatetik enperadoreek augustus titulua hartu zuten, senatuaren gainetik kokatzen zituen markatzailea, nahiz eta artean formalki senatuaren oniritzia bilatzen zuten. Enperadorea jite jainkotiarra hartzen joan zen. Erdi Aroan, primus inter pares oso hedatutako printzipioa zen Europako herrien egitura politikoan, hala nola Nafarroan edo Eskozian, harik eta Behe Erdi Aroan eta, bereziki, Pizkundearen etorreraz, erregearen botere absolutuaren ideia nagusitzen hasi zen arte.

Egun ere herrialde askotako gobernu eta erakundeetan erabiltzen da. Adibidez, erakunde bateko kideen artean, bozeramaile moduan zaharrena aukeratzen denean, primus inter pares aukeraketa modua erabili dela esan daiteke.