Edukira joan

Raphaël Louis Rafiringa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Raphaël Louis Rafiringa

Bizitza
JaiotzaAntananarivo1856ko maiatzaren 1a
Herrialdea Madagaskar
HeriotzaFianarantsoa (en) Itzuli1919ko maiatzaren 19a (63 urte)
Jarduerak
Jarduerakmisiolaria eta idazlea
Santutegia
Maiatzaren 19
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna
Erlijio-ordenaKristau Eskoletako Anaiak

Raphaël Louis Rafiringa, jaiotzez Firinga, (Antananarivo, 1856ko maiatzaren 1a – Fianarantsoa, 1919ko maiatzaren 19a) Kristau Eskoletako Anaien kongregazioko kide, hezitzaile eta katekista madagaskartarra izan zen.

1856ko maiatzaren 1ean (beste datuen arabera, azaroaren 3an) jaio zen[1] Antananarivoko Mahamasina auzoan[2]. Lehen semea galdu zuen aitak bigarrenari Rakotonirina («nahi izana») izena jartzeko asmoa zuen, baina azti bat aurka agertu zenez, Firinga («zabortegi») jarri zion izena arriskutik babesteko[1].

Hamar urte zituela, Firingak madagaskartarrak kristautzera etorri ziren Kristau Eskoletako Anaien kongregazioko hiru misiolari katoliko ezagutu zituen, eta kongregazio honek sortutako eskolan sartu zen. 1869ko urriaren 24an bataiatu zuten Raphaël izenarekin. Izen malgaxeari ra- aurrizkia gehitu zion, «jauna» esan nahi duena[1].

1876an, Kristau Eskoletako Anaien kongregazioan sartzeko eskaera egin zuen. 1879an lehen botoak eman zituen, kongregazioko anaien artean lehen madagaskartar bihurtuz, eta Louis bigarren izena jarri zioten[1][2].

1883an, atzerriko kleroa Madagaskarretik kanporatu zutenean, Raphaël Louis Rafiringa anaiak hartu zuen uharte osoko komunitate katolikoaren gidaritza. 1889an betiko botoak eman zituen[1].

1902an Akademia Malgaxeko kide oso bilakatu zen. 1903ko maiatzaren 2an, Merezimendu Zibilaren Ordena eman zioten Frantzia eta Madagaskarren arteko bakearen alde egiteagatik[1].

Vy Vato Sakelika isilpeko elkarte abertzaleko kide izatea leporatu zioten, eta horregatik espetxeratu eta auziperatu zuten estatuaren aurkako konspirazioa leporatuta. Salaketa frogatu ezin izanagatik, aske utzi zuten. Hala ere, espetxean igarotako denborak haren osasuna kaltetu zuen, eta 1919ko maiatzaren 19an hil zen Fianarantsoan[3]. 1933an gorpua Antananarivora eraman zuten[1].

Beatifikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko ekainaren 1ean, Benedikto XVI.a aita santuak Raphaël Louis Rafiringa dohatsu izendatu zuen[4]. Haren eguna maiatzaren 19an ospatzen da[5]. Beatifikatutako bigarren malagastar bihurtu zen, lehena Victoire Rasoamanarivo izan baitzen 1989an[5].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g (Frantsesez) Carugno, Italo. (2009). Bienheureux Frère Raphaël-Louis Rafiringa : premier lasallien de Madagascar. Rome jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-11-25) (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).
  2. a b (Frantsesez) Blot, Bernard; Delval, Raymond. «Rafiringa, Raphaël (Frère Raphaël-Louis)» Dictionary of African Christian Biography jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-03-05) (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).
  3. (Italieraz) Chaparini, Mario. (2015). «Il ragazzo de la savana che divenne fratello» Lasalliani (Roma) 44: 24..
  4. (Frantsesez) «Frère Raphaël Rafiringa béatifié dimanche à Madagascar» Innovative Media 2008-06-04.
  5. a b (Frantsesez) «Bienheureux Raphaël Louis Rafiringa» Nominis jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-07-28) (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]