Reigateko misterioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Reigateko misterioa
Datuak
IdazleaArthur Conan Doyle (1893)
Argitaratze-data1893
GeneroaDetektibe eleberria
Jatorrizko izenburuaThe Adventure of the Reigate Squire
HerrialdeaErresuma Batua
IlustratzaileaSidney Paget
BildumaSherlock Holmesen memoriak

Reigateko misterioa, jatorrizko ingelesezko izenburua The Adventure of the Reigate Squire, Arthur Conan Doyle eskoziar idazleak argitaratutako Sherlock Holmes detektibe ospetsuari buruzko kontakizun laburra da. 1893an kontakizun labur eta solte modura The Strand Magazine aldizkarian argitaratu zen. Ondoren eta urte berean, aldizkari horretan argitaratutako Sherlock Holmesi buruzko beste hainbat kontakizun laburrekin batera, Sherlock Holmesen memoriak liburuan argitaratu zen.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Watsonek lagun baten landa-etxera eraman du Holmes, Frantzian kasu luze baten ondoren atseden hartzera. Haren anfitrioia Hayter koronela da. Duela gutxi, lapurreta bat izan da hurbileko Actondarren landa-etxean, non lapurrek hainbat gauza lapurtu baitzituzten, baina ez ezer baliotsurik. Geroago, hilketa bat gertatuko da beste etxe batean, Cunninghamdarrenean; William gurdizaina da biktima.

Forrester inspektorea arduratu da ikerketaz, eta aztarna fisiko bat dago: paper urratuaren zati bat aurkitu dute Williamen eskuan. Bertan hau dago idatzita: "hamabiak laurden gutxitan eta harrituta beharbada". Holmesek berehalako interesa hartzen du oharrean.

Azaleratuko den lehen gertakarietako bat da Actonen eta Cunninghamen artean badagoela auzi luze bat, Cunninghamen eskueta dauden lur batzuen inguruan. Holmesek elkarrizketa egin die Cunninghamdar bi gizonei, aitari eta Alec semeari. Alecek Holmesi esan dio lapurra ikusi zuela Williamekin borrokan eta hark tiro egin eta William hilik erori zela.

Holmesek badaki baliagarria izango litzatekeela Williamen eskutik lortutako nota horren gainerakoa lortzea. Hiltzaileak Williami kendu ziola uste du, zati bat hilda haren eskuan zegoela konturatu gabe. Holmesek adierazten du ohiz kanpokoa dela Cunninghamen etxean gertatutako lapurreta, Cunninghamdarrak oraindik esna zeudelako eta lanparak piztuta zituztelako. Holmesek, orduan, akats bat egiten du iragarki bat idaztean, Cunninghamdarren aitak bere letraz zuzentzeko.

Holmesek behin eta berriz esan du Cunninghamdarren geletan bilatu behar duela. Alecen gela ikusten du, eta, ondoren, aitarena. Han, mahai txiki bat jotzen du, ur-pitxer bat eta laranjaz beteriko plater bat botatzen ditu lurrera, eta Watsonen baldarkeria dela esaten du.

Holmesek hori aprobetxatzen du aitaren glogelatik alde egiteko eta geroago, "Lagundu!, Lagundu! Hiltzailea!" oihu egiten du. Watsonek lagunaren ahotsa ezagutzen du eta, Forresterrekin batera, Alecen gelara doa. Han Alec eta bere aita Holmesekin borrokatzen ari dira. Holmesek Forresterri dio biak atxilotzeko William hiltzeagatik. Hasieran, Forresterrek uste du Holmesek zoratuta dagoela, baina errebolber bat Alecen eskuetan ikusi ondoren, biak atxilotzen ditu. Errebolber hori William hiltzeko erabili zen arma zen.

Holmesek adierazi du konturatu zela nota bi gizonek idatzi zutela, hitzak txandakatzen. Berak sumatu zuen idazleetako bat gaztea zela eta bestea zaharragoa, eta biak erlazionatuta zeudela. Holmesek ikusi zuen Cunninghamen historia faltsua zela, Williamen gorputzak ez baitzuen hauts-erredurarik, eta, beraz, ez zioten tiro egin hurbildik, Cunninghamek zioen bezala. Holmesek esan zuen nahita egin zuela akatsa iragarkian, Cunningham zaharrak "hamabi" hitza eskuz idatz zezan, oharraren zatiarekin alderatzeko.

Cunningham zaharrak dena onartu zuen. Badirudi Williamek bere bi nagusiei jarraitu ziela Actonen landa-etxean sartu ziren gauean (Holmesek ondorioztatu du haiek zirela lapurrak, Acton jaunaren legezko erreklamazioa babesten duten dokumentuen bila, baina ez zituzten aurkitu). Orduan, Williamek xantaia egin zien, eta haiek hura hiltzea erabaki zuten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]