Edukira joan

Salbamendu eta sorospen

Wikipedia, Entziklopedia askea

Salbamendu eta sorospen terminoak uretako instalazioetan eta uretako espazio naturaletan erreskate simulazioetan aritzen diren sorosleen trebetasunak erakusten dituen kirol bat adierazten du. Espainiako kirol erakargarria izateari esker, munduko klub nazional historikoen helburu profesionala da. Kirol hau egiten dutenek igeriketa kualifikazio oso altua dute ingurune honetan, eta fisikoki eta psikikoki prestatuta daude edozein larrialdi edo premia larriren aurrean esku hartzeko.

Gaur egun, salbamenduko eta sorospeneko kirol teknikariak dira profesional gaitu bakarrak, bai uretako instalazioetako eta uretako espazio naturaletako sorosleei dagozkien konpetentzia profesionalak betetzeko eta bai kirol hori egiten duten sorosle profesionalen eta kirolarien prestakuntza fisikora bideratutako konpetentziak gauzatzeko.

Kirol honek hainbat jarduera edo diziplina biltzen ditu, besteak beste: igeriketa hegatsekin eta hegatsik gabe, urpekaritza, uretan pertsonak arrastrean eramatea, lehen sorospenak, hondartzako lasterketa, salbamendu-oholdun surfa, salbamendu eskiarekin arraunean egitea, hondartzan erreskatea materialarekin eta materialik gabe eta abar. Kirol honetan aritzen diren sorosleek prestakuntza fisiko handia dute eta igeriketa, salbamendua eta sorospena irakatsi dezakete, sorosle lanak egin eta abar.

Salbamenduko eta sorospeneko kirol modalitatearen jatorria 1878an dago, Marseillan Salbamenduko[1] Lehen Nazioarteko Kongresua antolatu zenean. Salbamenduko alderdi guztietan interesa duten pertsonak bildu ziren eta salbamenduan interesa duten elkarteak arautuko zituen nazioarteko erakunde bat sortzea planteatu zen.

Kirol "ez ofizial" bezala parte hartu zuen Parisko Olinpiar Jokoetan 1900ean[2].

Proba fisikoak edo gaitasun probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uretako sorosle lanbidean jarduteko diploma edo prestakuntza-ziurtagiria lortzeko, azterketa teoriko batzuk gainditu behar dira eta lan profesional honen izaeragatik, baita uretako eremuan (igerilekuan eta/edo itsasoan) aurrera eramaten diren proba fisiko batzuk ere.

Probak herrialdearen arabera aldatzen dira, baita garatzen diren eskualdearen arabera ere (probintzia, estatua, komunitatea...), kasu bakoitzean dagokion legera egokituz.

Kirol-probak edo lehia probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uretako sorospena, lanbidetzat ez ezik, kiroltzat ere har daiteke. Azken kasu horretan, kirol-proba batzuez hitz egin dezakegu, eta horien artean bi mota bereizten dira: igerilekuko probak eta ur irekietako edo hondartzako probak. Espainia mailan, igerilekuko probetan, neguan zein udan lehiatzen da, eta ur irekien probak uda sasoirako erreserbatuta geratzen dira.


Munduko txapelketa batean jokatuko diren salbamendu eta sorospen proba ofizialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Igerilekuko probak Ur irekietako probak
Bakarkakoak Erreleboak Bakarkakoak Erreleboak
  • 200 m Oztopoak
  • 100 m Soroslea
  • 100 m Salbamendu konbinatua
  • 200 m Super Soroslea
  • 50 m Manikiaren arrastrea
  • 100 m Manikiaren arrastrea aletekin
  • 4 x 50 m Obstakuluak
  • 4 x 50 m Erreskateko hodiarekin
  • 4 x 25 m Manikiaren arrastrea
  • Soka jaurtiketa
  • Esprinta
  • Banderak
  • Oholarekin lasterketa
  • Korrika, igeri, korrika
  • Skiarekin lasterketa
  • OceanMan/ Ocean woman
  • Erreleboak hodiarekin
  • Sprint erreleboak
  • Erreskate erreleboak oholarekin
  • Ocean erreleboak

[3]

Igerilekuko banakako probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

200 m oztopo bidezko igeriketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehiakidea uretan sartzen da jauzi batekin eta 200 metroko ibilbidea egiten du urpeko oztopo baten azpitik 8 aldiz igaroz. Proba bukatzeko, igerilekuko helmugako horma ukitu behar du. 4 minutu eta 15 segundotan ukituz, denbora ona egin duela esan daiteke.

100 m soroslea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehiakidea uretan sartzen da jauzi batekin eta 50m estilo librean igeri egiten ditu, normalean krola aukeratzen da, hegatsak eta erreskate-hodiak eramanez. Horma ukitu ondoren, lehiakideak erreskate-hodia ziurtatzen du manikiaren inguruan eta hodiarekin eramaten du amaierara arte. Proba, lehiakideak helmugako horma ukitzen duenean amaitzen da. Proba gainditu ahal izateko, manikiak ez du ura aurpegiarekin ukitu behar arrastatua den momentuan. Ura ukituko balu, deskalifikazioa emango litzateke eta egindako denborak ez luke balioko.

100 m salbamendu konbinatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, parte-hartzailea jauzi batekin sartzen da uretan eta 50m estilo librean igeri egiten ditu; ondoren, bira egiten du eta uretan murgilduta dagoela biraketa hormatik 17,5 metrora dagoen urpeko manikiraino joaten da. Metro horietan, igerilariak ezin du airea hartu.

Parte-hartzaileak 5 metroko bilketa lerroaren barruan ateratzen du manikia azalera eta, helmugako hormaraino arrastatzen du.

200 m super soroslea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehiakidea jauzi batekin sartzen da uretan, 75m estilo librean igeri egiten du, ondoren urperatu eta urpean dagoen maniki bat jasotzen du. Lehiakideak manikia 5 metroko bilketa lerroaren barruan ateratzen du eta biraketa hormaraino eramaten du. Horma ukitu eta bertan uzten du manikia.

Uretan, lehiakideak hegatsak eta erreskate-hodia jartzen ditu eta 50m estilo librean igeri egiten ditu. Horma ukitu ondoren, lehiakideak manikiaren inguruan hodia ziurtatzen du 5 metroko lerroaren barruan eta helmugako pareteraino arrastatuko du.

50 m manikiaren arrastea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehiakidea jauzi batekin sartzen da uretan eta 25m estilo librean igeri egiten ditu. Orduan, hondoratutako maniki bat jaso eta azalera ateratzen du 5 metroko bilketa lerroaren barruan. Lehiakideak manikia arrastatzen du helmugako pareta ukitu arte.

100 m manikiaren arrastea hegatsekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehiakidea jauzi batekin sartzen da uretan, eta 50m estilo librean igeri egiten ditu hegatsak eramanez. Hondoratutako maniki bat jasotzen du eta azalera ateratzen du 10 metroko bilketa lerroaren barruan. Lehiakideak manikia arrastatzen du helmugako pareta ukitu arte. Proba honetan, bilketa distantzia handiagoa da, hegatsek desplazamendu handiagoa sortzen dutelako eta abiadura azkarragoa izatea eragiten dutelako.

Taldekako probak igerilekuan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

4 x 50 m oztopoen erreleboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehen lehiakidea uretan sartzen da jauzi batekin, eta 50m estilo librean igeri egiten ditu, bi oztoporen azpitik pasatuz eta horma ukitzen du. Bigarrenak, hirugarrenak eta laugarrenak, lehendabiziko lehiakidearen prozedura errepikatzen dute.

4 x 50 m errelebo konbinatua (erreskate-hodia)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehenengo lehiakidea uretan sartzen da jauzi bat eginez eta 50 m estilo librean igeri egiten ditu, hegatsik gabe.

Lehenengo lehiakideak horma ukitu ondoren, bigarren lehiakideak salto egiten du eta 50 m estilo librean igeri egiten ditu, hegatsekin.

Bigarren lehiakideak horma ukitu ondoren, hirugarren lehiakideak 50 m estilo librean igeri egiten ditu erreskate hodiarekin. Hirugarren lehiakideak horma ukitzen du eta laugarren lehiakidea uretan dago, gutxienez esku bat ertzari helduta eta hegatsak dituela.

Laugarren lehiakideak arnesa hartzen du eta hirugarren lehiakideak biktimaren papera egiten du, erreskate hodia bi eskuekin hartuz. Laugarren lehiakideak, 50 metro arrastratzen du biktima. Biktimak oinekin lagun diezaioke erreskatatzaileari azkarrago joateko.

4 x 25 m manikiaren arrastea erreleboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txandaka lau lehiakidek, gutxi gorabehera, 25 metroko maniki bat arrastatzen dute.

Soka jaurtiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora mugatua duen proba da, jaurtiketa egin aurretik soka uretan murgilduta dago, eta hortik kanpo dagoen lehiakideak jaso eta pisurik gabe jaurti behar dio uretan dagoen taldeko kideari. Kidea, gutxi gorabehera 12,5 metroko distantziara dago eta sokatik tiratuz jasotzen du helmugako hormaraino, gehienez 45 segundu daude proba osoa betetzeko.

Ur irekietako banakako probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zozketa bidez esleitutako kale bana dute lehiakideek. Irteera eman eta lehiakideek 90 metro korrika egiten dituzte helmugara iritsi arte. Kirolariaren bularrak helmugako marra pasatzean esan daiteke iritsi dela lehiakidea, beraz, bularrak erabakitzen du denbora. Lehiakideek oinen gainean amaitu behar dute proba, bertikalean.

Lehiakideak ahoz behera etzanda jarriko dira, eskuak bata bestearen gainetik dituztela, behatzak kontrako eskumuturren parean, gorputza zuzen, irteera lerroarekiko perpendikular eta orkatilak elkarrekin. 20 metro egiten dituzte korrika, bertikalki lurperatutako bandera bat lortzeko. Beti lehiakideak baino bandera gutxiago egon behar dira, bandera lortzen ez duten lehiakideak kanporatuak izango dira.

Korrika, igeri, korrika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irteera seinalea entzundakoan hasten da, lehiakideak 300 metro egiten ditu korrika eta uretara iristen da. Uretan, 200 metro inguru igeri egiten du buiek mugatutako ibilbide batean, hondarrera itzultzen da eta beste 300 metro egiten ditu korrika, hondartzan bi banderaren artean amaitzen da proba.

Oholarekin lasterketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiakideak irteera lerroaren barruan edo atzean egoten dira hondarrean, bakoitza 1,5 metroko tartearekin. Irteerako seinalearekin, lehiakideak uretan sartzen dira, euren oholak jaurtitzen dituzte eta buiek markatutako ibilbidea arraunean egiten dute. Ondoren, hondartzara itzultzen dira eta helmugako marra zeharkatzen dute.

Lasterketa eskiarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiakideek eskiarekin buiek markatutako ibilbidea osatzen dute eta itzuli egiten dira. Skiaren edozein atalek helmugako lerroa zeharkatzen duenean, gainean muntatuta zein helduta bukatzen da.

Oceanman/oceanwoman

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiakideek 1400 metroko ibilbidea egiten dute, eta probak igeriketako posta bat, oholeko posta bat, eskiaren posta bat eta azken esprint bat barne hartzen ditu.

Ur irekietako taldeen probak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salbamendu erreleboak erreskate hodiarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Talde bakoitzeko lau lehiakidek parte hartzen dute proba honetan: biktima bat, erreskate hodia duen igerilari bat eta bi sorosle.

Erreskate-hodiak eta hegatsak hondarrean uzten dira, urertzetik 11 metrora gutxi gorabehera, ibilbideko buien lerroan. Biktimek itsasoan igeri egiten dute (edo eraman egiten dituzte) esleitutako buiaraino. Buia belaunaren sakoneratik gutxienez 120 metrora dago.

Erreskate-hodia duen igerilaria bere irteera posizioan kokatzen da, esleitutako buiarekin lerrokatuta eta hondarrera begira. Irteerako seinalea entzutean, korrika egiten dute, erreskate-hodia eta hegatsak hartzeko; bakoitzak nahi duenean jartzen ditu eta biktimarengana igeri joaten da.

Buia ezkerraldetik pasatu behar dute (hondartzatik begiratuta), buiaren atzean zain dagoen biktimari hodia ziurtatzeko. Biktimak hodia ondo kokatuta duenean, lehiakideek (erloju-orratzen noranzkoan) buia biratzen eta biktima hondartzara eramaten dute.

Igerilaria biktimaren bila doan bitartean, irteera epaileak talde bakoitzeko bi sorosleei irteera lerrora deituko die. Igerilaria biktima hondartzara eramaten hasi ondoren, bi sorosleak uretan sartu eta biktima hondartzara eramaten laguntzen diote igerilariari. Biktima arrastaka eraman edo leporatu behar da iristen denean.

Esprint erreleboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau lehiakidek osatutako talde batek lekukoa eraman behar den errelebo bat osatu behar dute, 90 metroko ibilbidea eginez. Hasteko, bi lehiakidek beren lekua hartzen dute ibilbidearen mutur bakoitzean, esleitutako kalean.

Irteeraren ondoren, lehiakide bakoitzak ibilbidearen posta bat osatuko du, esku batekin heldutako lekuko batekin. Lehenengo, bigarren eta hirugarren postak amaitzean, lekukoa hurrengoari pasatuko dio. Lehiakide guztiek beren posta oinen gainean eta posizio bertikalean amaitzen dute.

Erreskate erreleboak oholarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proba honetan, taldeko kide batek 120 metro igeri egiten ditu esleitutako buiara helduz. Bertan, bigarren datorren kideak oholarekin jasotzen du. Biek ertzera arraun egiten dute eta hondarretan dagoen helmugako marra igarotzen dute oholarekin.

Taplin erreleboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau lehiakidek, igeri, ohola, skia eta esprintez osatutako ibilbidea egingo dute lehiaketa bakoitzaren hasieran zozketa bidez zehaztutako posten sekuentzian. Esprinteko posta beti azkena egiten da.

Errelebo hirukoitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sei lehiakidez osatutako talde batek (gizonezkoen igeriketa, emakumezkoen igeriketa, gizonezkoen ohola, emakumezkoen ohola, gizonezkoen skia eta emakumezkoen skia) lehiaketa bakoitzaren hasieran zozketa bidez zehaztutako posta sekuentzia batean betetzen du ibilbidea. Taldeak berak aukeratuko du adinaren arabera emakumezko edo gizonezko batekin hasi nahi duen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Estudio del deporte salvamento y socorrismo, descripcion, historia, reglas, modalidades, competiciones | la web de todos los deportes» web.archive.org 2010-11-29 (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  2. «'@' PARIS 1900 SUMMER OLYMPIC GAMES | Games of the II Olympiad | Medals Table Paris 1900 | Paris France» www.quadrodemedalhas.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  3. COMPETITION RULE BOOK. International Life Saving.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]