Santa Liberata

Wikipedia, Entziklopedia askea
Santa Liberata

Bizitza
JaiotzaGallaecia, ezezaguna
Herrialdeaezezaguna
HeriotzaGallaecia, 139 (egutegi gregorianoa) ( urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra
Familia
AitaLucius Castelius Severus
Anai-arrebak
Jarduerak
Santutegia
Uztailaren 20

Santa Liberata edo Santa Wilgefortis katolikoek gurtu izan duten santua da, baina ez dago ofizialki kanonizatutako santuen artean, eta bere martiritza eta istorioak seguruenik mitikoak dira.

Historia mitikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendearen inguruan sortu zen bereganako debozioa, eta gaizki ezkondutako emakumeen zaindaritzat jo izan da. Tradizio horiek herri-irudimenak elkartutako kondaira batzuen konbinazioaren emaitza dora. Gainera, bi leienda desberdinetan gauzatu izan dira, batetik Galizian gailendutako istorioa, eta bestetik Alemaniakoa.

Galiziako bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galiziako kondairak dioenez, bederatzi ahizpa bikoko erditze batean jaio zen Liberata, ustez 122. urtean. Besteak ziren: Xenebra, Vitoria, Eufemia, Xermania, Marciana, Basilisa, Quiteria eta Mariña (hau ere Galizian gurtua Santa Mariña de Aguas Santas izenarekin).

Ahizpak Lucio Castelio Severo gobernadore erromatarraren eta Calsia emaztearen alabak ziren. Gobernadorea bere domeinuetan bidaian ari zen bitartean, emazteak bederatzi haurrez erditu eta infideltasungatik arbuiatuko ote zuten beldur zela, neskak hiltzeko agindu zion Sila izeneko neskameari, Miñor ibaian ito zitzala. Baina Sila kristaua zen, eta ez zituen haurrak hil, familia kristauen esku utzi zituen neskak, bataiatu egin zituzten eta fedean hazi ziren.

Adin nagusikoak zirenean, beren aitaren aurrean agertu behar izan zuten, kristauak izatea leporatuta. Gobernadoreak, bere alabak zirela jakinda, uko egitera gonbidatu zituen, luxuz eta erosotasunez inguratuta bizi ahal izatearen truke. Neskek ez zuten kristautasuna arbuiatu, kartzelaratu zituzten, eta ihes egitea lortu zuten arren, harrapatu zituzten eta martiritzan denak hil[1]. Alegiaren arabera, Liberata izan zen erromatarrek gurutziltzatuta hildako lehen emakume kristaua[2].

Galizian Baiona herrikotzat jo izan ditu ahizpak tradizio katolikoak, eta herri horretan eliza bat ere badu, Liberata gurutziltzatua eta bere bederatzi ahizpak erretaula batean erakusten dituena. Uztailaren 20an gurtzen da Baionan; data horretan, Sigüenzatik lekualdatu zituzten erlikiak 1515ean[1].

Alemaniako kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniako kondairaren arabera, berdin ziren erditze bereko bederatzi ahizpa biki, baina VII. mendean bizi izan zela esaten da (500 urteko aldea). Kasu honetan, Gallaecia eta Lusitaniako erregea zuten aita, eta honek Siziliako errege mairu batekin ezkonarazi nahi zuen Liberata (zentzurik gabeko datazioak dira)[3].

Liberatak ez zuen infidelarekin ezkondu nahi, birjina izango zelako botoa egin zuen, eta Jainkoari eskatu zion izaki itsusia bihurtzeko. Otoitzari erantzunez, ilea hazi zitzaion gorputzean eta bizarra musuan. Era berean, jateari utzi zion Liberatak, anorexia kasu baten deskribapentzat jo izan dena. Aldaketa hauen ondoren errege mairuak uko egin zion ezkontzari. Ezkontza behartuen kontrako mekanismo defentsa gisa anorexia agertzea kronologikoki bat dator 15. mendeko Europako testigantzekin, Liberataren gurtza zabaldu zen aroarekin. Era berean, anorexiaren ondorioetako bat izan daiteke aurpegiko ileak haztea, birjina bizardurnaren istorioarentzako beste oinarri bat[4].

Alemaniako alegia hauetan Wilgefortis esaten zaio santuari. Etimologia herrikoi batek Wilgefortis izena latinezko virgo fortis izenetik eratortzen du: ‘birjina sendo’. Baina posibleago da Hilge Vartz formatik eratorria izatea izena (aurpegi santua), istorioa Italiako Volto Santo di Lucca iruditik etor litekeelako[3]. Volto Santo edo aurpegi santu hau Kristo gurutziltzatu baten eskultura zurezkoa da, Italiako Lucca hirian gordetzen dena Erdi Arotik. Tunika luze batekin jantzitako irudi bat da, ez-ohikoa gurutziltzaketen ikonografian, eta emakumezko jantzitzat hartu zitekeen hortaz (emakume bizardun gurutziltzatu bat, alegia). Era berean, Wilgefortisi egotzitako mirari bat, arrabita-jole bati oinetako bat opari eman ziola irudiak, errepikatua agertzen da Wilgefortisen alegia batzuetan[5].

Liberata galiziarra, zortzi ahizpekin; eta Wilgefortis alemana, bizarduna eta arrabita-jolea oinetan duela. Liberata galiziarra, zortzi ahizpekin; eta Wilgefortis alemana, bizarduna eta arrabita-jolea oinetan duela.
Liberata galiziarra, zortzi ahizpekin; eta Wilgefortis alemana, bizarduna eta arrabita-jolea oinetan duela.


Beste izen batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Wilgefortis, Vilgefortis, Virgefortis.
  • Livrade (Frantzia).
  • Santa Librada (gaztelaniaz).
  • Uncumber (Ingalaterra).
  • Kümmernis, Kummernis (Alemamia).
  • Oncommer, Ontcommer, Ontkommer, Ontkommena, Ontcommene (Herbehereak).
  • Komina.
  • Comera.
  • Cumerana.
  • Múnia (Bartzelonan, galdutako gurtza).
  • Vierge Forte (Proventzan).
  • Dignefortis.
  • Reginfledis.
  • Hulfe.
  • Eutropia (Grezian).
  • Starosta (Txekia).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) «Liberata, Santa» Catholic.net (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).
  2. Zarateman. (1988-10). Informazio panela: Baiona - Capela de Santa Liberata. (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).
  3. a b (Ingelesez) Cherry, Kittredge. (2021-07-20). «Saint Wilgefortis: Holy bearded woman fascinates for centuries» Q Spirit (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).
  4. (Ingelesez) Lacey, J. Hubert. (1982). «Anorexia nervosa and a bearded female saint» ResearchGate (British Medical Journal) (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).
  5. Friesen, Ilse E.. (2001). The female crucifix : images of St. Wilgefortis since the Middle Ages. Wilfrid Laurier University Press ISBN 0-88920-939-1. PMC 65183838. (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).