Santa Marina Haundi baserria
Santa Marina Haundi baserria | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Saiatzeko aldaera | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Albiztur |
Koordenatuak | 43°06′23″N 2°10′29″W / 43.10639°N 2.17472°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea - |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa pizkundetar arkitektura |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001520 |
2 | |
Santa Marina Haundi baserria, baita ere Santa Marina etxea, ospitala, Santamana baserria edo Jauregi baserria izenez ere ezaguna, Gipuzkoako Albiztur udalerriko Santa Marina auzogune txikian dagoen baserria da, mendi magaleko zabaldi batean. Bertatik, paisaia zabal batez gain, Gipuzkoako hegoaldeko hainbat herri ikus daiteke.
1996ko irailaren 9an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Santa Marina Haundi baserria auzoguneko elizaren parean dago, bideaz beste aldera. Neurri handiko bolumena da, auzoko eskalan. Oinplano laukizuzena du, zabalera baino sakonera handiagokoa eta ekialdera begira dago. Hiru solairu ditu, behea, lehenengoa eta estalkipea eta, planta guztia estaliz, bi isurialde desberdineko teilatua, fatxada nagusiarekin hormapikoa egiten duena.
Eraikin konplexua da, elkarri atxikitako bi zati desberdin bereiz baitaitezke bertan: alde batetik, garai batean landa jauregi bat izan zatekeenaren hondakinek osatutako gorputz bat, non XVI. mendeko gehienez lehenengo laurdeneko berezko ojiba bao ikus daitezkeen, 20 edo 25 bat urte geroagokoekin nahastuta, eta bestetik, tipologiaren aldetik baserritzat jo daitekeen zatia. Azken honen egiturak XVI. mendeko amaierako edo XVII.eko hasierako hamarkadetakoa ematen du baina XVI. mendeko hasieran ohikoagoak ziren elementuak ere baditu. Ez da simetrikoa; izan ere, ezkerreko aldean hiru hormarte ditu eta eskuinean bi eta azken alde honetatik lehen aipatutako gorputzari atxikitzen zaio. Gainera, argi eta garbi ikusten da baoak irekitzeko egindako zalantzazko jarduera puntual batzuez gain, baserrian berritxuraketa handiak egin zirela, batez ere fatxada nagusian; izan ere, fatxada hori osatzen zuen zurezko egiturako txarrantxaketa batzuk kendu eta trinkotu eta bao berriak egin ziren.
Agirien bidez jakin denez, Santa Marina etxea erre egin zen 1580. urtean eta Juan Aizalde arotza izan zen baserria berreraikitzeko ardura izan zuen kontratista. Lan bikaina egin zuen eta sakonetara antolatutako 5 hormarteko egitura eraiki zuen, zurezko pieza bakarreko zutabeetan oinarritutako beste horrenbeste arkuperi esker. Eskuineko eta atzeko fatxadetako beheko solairuetako harlanduxkoko fabriketako itxura paregabeari erreparatuz, hargin onak izan zituela antzematen da, fabrika horiek XVI. mendeko lehenengo erdian Pikardiako maisu harginek baserririk onenetan egindakoen antza baitute.
Gaur egun Santa Marina Haundi baserria hondatuta badago ere, dituen kalteak konpongarriak dira eta ez dira eragozpen izan behar bere babeserako eta bere ikerketan sakontzeko, batez ere barruko aldean eta bukaerek ezkutatzen dituzten fatxadako elementuetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).