Siheyuan
Siheyuan (txineraz 四合院) Txinako etxe tradizionalen izena da; barruan patio angeluzuzen bat edo gehiago dutenak.
Beijingen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pekinen, patio karratudun etxeak 1264an egiten hasi ziren lehenik, Yuan dinastiaren garaian; izan ere, hiria berreraikitzen hasi ziren orduan, Gengis Khanek suntsitu ondoren. Atea hegoaldera begira zutelarik, siheyuan erara antolatutako etxe multzoen jarraitasunak ―hau da, siheyuan bat beste bati loturik, eta hau beste bati...― sortu zituen hutong izeneko kale estuak, Beijingeko urbanizazio modu arrunta bilakatu arte.[1] Siheyuan ereduak arrakasta handia izan zuen, batez ere mandarinen artean, eta XX. mendera arte etengabe hobetu zen haren arkitektura. XX. mendean, siheyuan auzo asko eraitsi egin ziren, haien lekuan bizitoki dorre handiak eraikitzeko, nahiz eta auzo tradizional horietako biztanle talde batzuek erresistentzia handia izan. Hirigintza molde oso berezia da, siheyuan guztiak plan beraren arabera antolatzen direlako: lorategi bat erdian, tradizioz Rhamnaceae landare loredunez osatua, fruta arbola batez lagunduta, eta haren inguruan gela egitura bat, egitura patriarkaleko familiaren barruan lerrunaren eta hierarkiaren arabera banatu eta esleitutakoak.[2]
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Siheyuan konposizio arkitektoniko laukizuzen bat da, erdian patio bat duelarik, gehienetan karratua. Bizilagunen intimitatea babesteko, sarrerako ate nagusiaz kanpo ez dago beste zirrikiturik etxe itxi hauen kanpo hormetan; soilik altueran dauden leiho txikiak, oinezkoen begiradatik ihes egiteko. Sarrerako atea, gainera, deszentratua egon ohi da, eta ondoan beste ate lagungarri bat izan ohi du, beti itxia. Etxearen irekidurak barrura begira daude, patiora, eguzkiaren izpiak hartzeko diseinatuta, baita neguan ere. Egitura horrek, berez, aukera ematen die bizilagunei Beijingeko eskualdean ohiko diren hareaz betetako haize bortitzetatik babesteko, eta benetako bereizketa bat egiten du barrualdearen eta kanpoaldearen artean. Patioa familiaren harremanetarako lekua izateaz gain, ohikoa da bertan edukitzea fruta arbolez, lorez eta hostotza oparoko beste landare batzuez landatutako lorategi txikiak, edo karpak igeri egiteko urmael txikiak.[3]
-
Siheyuan baten korridorea, Beijing (2012).
-
Siheyuan baten sarrera atea, Beijing (2012).
-
Siheyuan baten barruko lorategia, Beijing (2012).
-
Siheyuan batzuk goitik ikusita, Beijing (2005).
-
Siheyuan batzuk Wuhua barrutian, Kunming (2015).
Gelen hierarkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Siheyuan baten gelen kokapena eta funtzioa nahiko kodetuta daude. Han etniaren ingurune kulturalak bere balioen arabera egokitu zuen bizitoki mota dau. Gelak era zorroztean esleitzen zitzaizkion biztanle bakoitzari, maila, adina edo ahaidetasunaren arabera. Txinako alderdi askotan bezala, lau puntu kardinalek garrantzi handia zuten banaketa horretan. Hala, hegoaldera begira egoteagatik argi eta bero gehien jasotzen duen iparraldeko eraikinean arbasoen tenplua eta harrera gelak eraikitzen ziren. Aiton-amonak ekialdeko hegalean bizi ohi ziren; gurasoak, mendebaldeko hegalean, hain atsegina ez izanagatik ere, Txinako irudikapenetan boterea irudikatzen baitzuen. Beraz, han kulturaren sistema hierarkiko bat dago, funtsean. Etxe nagusiaren atzeko aldea, sarrerako atetik urrunen dagoena, neskentzat erreserbatzen zen, antzina oso babestuta baitzeuden eta kanpoko inork ez baitzituen ikusi behar. Etxe nagusitik igaro gabe kalera atera ezin zirenez, hor ikusten ahal da nolako menpekotasun mailaz bizi ziren emakume gazteak. Azkenik, hego-mendebaldeko hegalean jartzen ziren zerbitzuak, eta, beraz, ez zieten kalterik egiten komuneko usainaren ondorioz.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Firley, Eric; Stahl, Caroline. (2011-03-07). The Urban Housing Handbook. John Wiley & Sons ISBN 978-1-119-98998-1. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
- ↑ (Ingelesez) «Siheyuan, Famous Chinese Courtyards Examples» web.archive.org 2023-05-19 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
- ↑ «Siheyuan - Classic Chinese Architecture | Interior Design by Bareo» web.archive.org 2021-10-18 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
- ↑ (Ingelesez) Darya Tratsiakovich. (2018). Chinese Siheyuan Architecture. Transformation of Siheyuan during 20-21st Centuries and Its Sustainability in the Future. Stockholms universitet (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).