Edukira joan

Hutong

Wikipedia, Entziklopedia askea
Barneko patioa siheyuan batean. Bertara joateko, hutong batetik sartu behar da.
Hutong baten airetiko ikuspegia, Beijingeko kanpaiaren dorrearen inguruetan, 2007an.

Hutong hitzak (txineraz 胡同) Pekingo kalezulo estuz osatutako auzo txiki bat adierazten du; izen bera dute halako auzoetako kaletxo estuek. Hutong bati ematen zaion izena, adibidez, «Adreiluz egindako pagodaren kalezuloa» edo Zhuanta Hutong (北京旅游网) kaletxo multzo bati dagokio, haien barruan daudelarik siheyuan asko (hau da, patio baten inguruan elkartutako etxebizitzak). Hutong erako kale estuak dira komunikazio bide nagusiak Beijingeko erdialdeko etxebizitzen artean. Halako auzoen muga bereizten dute kale nagusiek, eta multzoak osorik begiratuta, ohar gaitezke siheyuanen antzeko egitura kontzentratua sortzen dutela.[1] Hirigintza tradizionala gorde duten beste hiri batzuetan ere badira hutong erako antolamenduak,hala nola Pingyaon.

Hutong kaletxoak Beijingeko sinboloetako bat dira, 700 urte baino gehiagoko historia baitute. Izan ere, hutongak Yuan dinastiaren garaian eraiki zituzten. «Hutong» hitza худаг, khudag mongolieratik hartua da, «putzua» esan nahi duena. Ura eguneroko bizitzako elementu garrantzitsu bat izan da beti; beraz, etxebizitzak eraiki izan dira erabilgarri dauden putzuen arabera. Hutongak pixkanaka sortu ziren, zenbait kalexka bilduz.

Hiri Debekatuaren ekialdean eta mendebaldean kokatutako hutongak aristokratentzat eta Qing dinastiaren elitearentzat erreserbatu ziren.[2] Korridore eta kalexka haiek berehala izan ziren ospetsu, etxe bakoitzak bere patioa baitzeukan, batzuetan ez bakarra, hiru ere bai.[3]

Hutongen eraikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hutong kaletxoak ekialdetik mendebaldera begira daude, siheyuanen eta etxebizitzen irekidura nagusiak hegoaldera begira egon daitezen, horrela feng shuiaren eskakizunak betetzen baitziren. Siheyuanak, patio karratukoak, adreiluz egiten dira. Etxe tradizional hauek patio karratuetara irekitzen dira, herri txikietako giroari eutsiz. Pekingo auzo gehienak siheyuan bat beste batekin elkartuz osatu ziren, eta hura beste batekin, eta horrela hurrenez hurren hiri osoa sortu arte.

Siheyuan baten egitura.

Kalexkak eta patioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txina zaharrean, kaleen eta kalezuloen definizioa oso zorrotza zen. Kalezuloak (hutong) barne sarbiderako sareak ziren, hiribideek ebakitzen dituzten bloke handietara iristeko. Batzuetan, korridore luzeak izaten dira, egurrezko atez markaturiko hormak izaten dituzte, patio karratuko etxeetara ematen dutenak (siheyuan). Kale hauetan denda eta komun publikoak daude.

Kalezuloen zabalerak araututa zeuden. Hutong batek gutxitan egiten du zabalean 9 metro baino gehiago, eta batzuk 3 edo 4 metro baino ez. Gaur egun, hutongak estuak dira, 4 m eta 70 cm artekoak, eta oraindik hiriko auzo batzuk zeharkatzen dituzte. Hala ere, Pekin abiadura handiko urbanizazio prozesu baten mende bizi denez, higiezinen espekulazioak eragin izugarria dauka, etxebizitza tradizionalak desager daitezen eta haien ordez egitura modernoak eraiki daitezen.

Hutongak arriskuan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hutongak iraganean zabaldutako arkitektura tradizionalaren ikur izan diren arren, desagertzen ari dira gaur egun, Pekin hiriaren bilakaeraren ondorioz. Agintarien iritziz, mantentze falta kronikoaren erruz eta garraiobide modernoetarako desegokiak direnez, kalezulo gehienak suntsitu dituzte azken urteotan. Hutong gehienak abiadura oso azkarrean eraitsi ziren 1990 eta 2010 bitartean.

2016. urtetik aurrera, Pekingo agintaritzak hiria babestu eta berritzeko plan batean sailkatu ditu auzo zahar horietako batzuk. Beste adostasun bat sortu da ondare horren balioa aintzat hartua izateko. Horrela, garai bateko hutong auzoak indarrez berritzen dira gaur egun, edo berreraiki ere egin daitezke, baina ez da beste suntsipenik onartzen.

Hutong kalezuloak leku turistiko bihurtu dira, harmonia naturalari esker: kaleak eta jatetxe txikiak zuhaitzen hostoen itzalpean gelditzen dira. Udaberrian, hiribide masifikatuetatik urrun, bizikletaz ibil daiteke bertatik.

Hutong batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nanluoguxiangeko kalezuloa, Yuan dinastiaren garaikoa (2016).

Denboran zehar gutxiago edo gehiago berrituta egonda ere, antzinako Pekingo hiri bizitza gogorarazten dutenez, gero eta turista gehiago bildu ohi dira hutong kalezuloak ikustera. Hauek dira hutong ezagun batzuk:

  • South Gong eta Drum Lane (Nanluogu Xiang - 南锣鼓巷).
  • Skewed Tobacco Pouch Street (Yandai Xiejie - 烟袋斜街).
  • Yangmeizhu Xiejie (杨梅竹斜街).
  • Liulichang (琉璃厂).
  • Gulou (鼓楼).
  • Lingjing Hutong (灵境胡同).
  • Sanmiaojie Hutong (三庙街胡同), zaharrena.[4]
  • Zhuanta Hutong (北京旅游网).
  • Mao'er hutong (北京旅游网).
  • Wudaoying Hutong (五道营胡同).
  • Fangjia Hutong (北京旅游网).
  • Dashilan auzoa eta Tan'er Hutong.

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • GEO aldizkaria, 2003 (289. zk.): «Beijing, Txinako atea»
  • C. Blunden eta M. Elvin (1987) «Pekin, kapital inperiala» in Txinako atlasa. (ISBN 978-2734403625)
  • Addison Godel Evans eta Jacqueline Gargus (2015) Archtectural Guide: China. DOM publishers, 400 or.. (ISBN 978-3869223483).
  • Fu Xinian, Guo Daiheng, Liu Xujie, Pan Guxi,Qiao Yun, Sun Dazhang (2005) L'Architecture chinoise. Arles, Philippe Picquier, 368 or. (ISBN 978-2877307895).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Evans et al (2015), 15 or.
  2. Xinian et al. (2005), 262. or.
  3. Xinian et al. (2005), 302. or.
  4. (Ingelesez) «How Many Hutongs are There in Beijing?» web.archive.org 2023-06-12 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]