Soltan Achilova

Wikipedia, Entziklopedia askea
Soltan Achilova
Bizitza
JaiotzaTurkmenistan, 1950 (73/74 urte)
Herrialdea Turkmenistan
Jarduerak
Jarduerakargazkilaria eta erreportaria

Soltan Achilova (Turmenistan, 1950) kazetaria eta fotokazetari turkmenistandarra da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontularia prestakuntzaz eta bost seme-alabaren ama, Soltan Achilovak berandu xamar deskubritu zuen kazetaritza, 58 urte inguru zuela: bere etxea suntsitu izanaren testigantza eman nahi izan zuenean hasi zen. Jarraian, eguneroko bizitzako zenbait gizarte-arazo dokumentatzen hasi zen, hala nola edateko uraren eskasia, jateko produktuak erosteko ilara luzeak, osasun-arazoak, desjabetzeak edo ezintasunak dituzten pertsonen aurkako diskriminazioak.[1][2] Radio Free Europe/Radio Liberty irratiarentzat hasi zen lanean orduan, eta bere erreportajeak klandestinoki bidaltzen zituen atzerrira, Interneterako sarbiderik gabe baitzen eta bere telefono-linea entzuketapean.[3]

Bere hastapenetan, 2008an, agintariek galdeketa egin zioten bi egunez, herrialdeko politikarekin kritikoegia zela leporatuta. Akreditazioa eskuratu arte bere erreportajeak ez zituela gehiago bidaliko Radio Free Europe-ra promes egitearen truke askatu zuten. 2013an, artean eman gabe zegoen akreditazioa.

2016ko urriaren 25ean, poliziak galdeketa egin zion. Ondoren, eraso egin zioten, eta bere materiala lapurtu, Asgabat hiriburuko supermerkatu baten aurrean argazkiak ateratzen ari zela. Human Rights Watch-en ustez, intimidazio-ahalegina izan zen gertaera hura.[1] 2017ko uztailean, Radio Azatly irratiarentzat (Radio Free Europe-ren irrati korrespontsal bat) lanean ziharduela, gizonek fisikoki eragotzi zioten argazkiak ateratzea, heriotza-mehatxuak egin zizkioten. Erasotzaile horietako bat polizia gisa aurkeztu zen, eta hainbat egunetan jazarri zuen, argazkiak ateratzeari uzteko aginduz.[4] 2018an, nazioarteko konferentzia batera Tbilisira zihoala, geratu egin zuten aireportuan, eta jakinarazi zioten lurraldetik irteteko debekua zuela. Mugarik Gabeko Erreportarien arabera, hamar bat eraso fisiko jasan zituen 2016an eta 2017an.[5]

2021ean, Radio Free Europe-rekin zuen lankidetzari amaiera eman zion, eta Khronika Turkmenistanarekin ("Turkmenistango kronikak") hasi zen lanean, egoitza Vienan duen erakunde independentea. Bideo bidez, gaitzespen publikoak bidali zizkion Gurbanguly Berdymukhammedov presidenteari, aurretik bidalitako eskutitzak ez baitzituen onartu posta-zerbitzuak. Haren kritikak Asgabat hiriburuko biztanleek neguan izandako berokuntza- eta ur-eskasiari buruzkoak ziren, besteak beste.[6] 2022an, Serdar Berdymukhammedoven presidentetza berriaren pean, zeina konprometitu baitzen herritarren eskubideak errespetatzera, Soltan Achilovak presioak jasaten jarraitu zuen, beste kazetari eta emakume batzuek bezala.[7]

Aitortza atzerrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2021ean, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Foroak eta Zinemaldi Festibalak (FIFDH) ohoratu egin zuen, prentsa-askatasunaren munduko sailkapenean azken aurreko postua duen herrialdean egindako lana aitortzeko. 2021eko edizioa eskaini zitzaion: bere izena darama.[3]
  • 2021ean Martin Ennals sariaren finalista izan zen. Aldi hartan, animazio-film labur bat eskaini zitzaion, grabazio batean ahozko haren testigantzarekin.[8][9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]