The Gods Themselves

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
The Gods Themselves
Datuak
Idazlea Isaac Asimov
Argitaratze-data 1972
Generoa Zientzia fikzioa
Jatorrizko izenburua The Gods Themselves
Argitaletxea Doubleday Itzuli
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Orrialdeak 288
ISBN 0-385-02701-X ISBN 0-385-02701-X
OCLC 53101079
Sariak Hugo, Nebula eta Locus

The Gods Themselves (Jainkoek beraiek) Isaac Asimovek 1972an argitaratutako eleberri ospetsua da. Hasieran aldizkarietan argitaratutako hiru narrazio labur ziren, eta gero Asimovek eleberri bakarraren egitura eman zien. Nobela honek sari desberdinak jaso zituen, ezagunenak Hugo, Nebula eta Locus sariak. Nobela honekin Asimovek nobela generoa berreskuratu zuen hamabost urte pasa ondoren.[1]

Nobela banatzen den hiru atalak leku eta aldi ezberdinetan kokatzen dira, baita bi unibertso ezberdinetan ere. Argumentu nagusian, hilzorian dagoen unibertso paralelo bateko biztanleen konspirazio moduko bat agertzen da: gure eguzkia supernoba bat bihurtu eta hortik sortutako energia bildu nahi dute, euren erabilerarako eta bizirik jarraitu ahal izateko.

Asimovek berak esan zuenez liburua, eta batez ere honen bigarren atala, berak inoiz sortutako obrarik onena izan zen.[2]

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuaren egitura Friedrich Schiller (17591805) poeta alemanaren aipu baten inguruan antolatzen da: «Mit der Dummheit kämpfen Götter selbst vergebens», hau da, "Ergelkeriaren aurka jainkoek beraiek alferrik borrokatzen dute". Liburuaren hiru atalek hortik hartzen dute izenburua:

  • 1. "Ergelkeriaren aurka..."
  • 2. "...Jainkoek beraiek..."
  • 3. "...Alferrik borrokatzen dute?" Galdera ikurra Asimovek sartu zuen.

Euskararen aipamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberri honetan Asimovek etorkizuneko euskararen egoera aipatu zuen. Aipamen hau 2100. urtean jazotzen da.

Iruzkina liburuaren lehenengo atalean dago, laugarren kapituluan. Bertan Bronovski izeneko ikertzaile bat etrusko hizkuntza ikertzen ari da, ordurako aspaldian desagertua: "itxuraz inguruko hizkuntzekin ahaidetasunik gabea, oso arkaikoa eta indoeuroparra ere ez zirudiena". Etruskoaren jatorria ezagutzeko ezintasunean, euskara aztertzen hasiko da: "orduan beste hizkuntza bat aztertzen hasi zen, hau ere ingurukoekin inongo loturarik gabekoa, arkaikoa eta indoeuroparra ez zena, baina oraindik ondo bizirik zegoena eta etruskoak bizi izan ziren lurretik ez oso urruti hitz egiten zena. Zer lotura izango luke euskararekin?".

Bere ezaugarrien artean, berez oso hizkuntza zaila dela esaten da, eta bi mila urtetan eboluzionatu eta gaztelaniak asko kutsatu duela. Ikertzaileak "garai bateko Italiako iparraldeko eta garai bateko Espainiako iparraldeko" biztanleen arteko hainbat konexio kultural aurkitzen ditu. Azkenik, biak, etruskoa eta euskara, zelten aurreko hizkuntza batetik etor zitezkeenaren hipotesia azaltzen du. Lan honekin Bronovskik arrakasta izan eta mundu osoko filologoak harrituta utzi zituela aipatzen da.

Liburua idatzi zen garaian (1972) hizkuntzaren etorkizuna ez zen hain baikorra eta Asimoven baieztapena, hau da, 2100. urtean euskara bizirik egongo zela aurreikustea, itxaropenerako ideia gisa har zitekeen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Miquel Barceló: Ciencia ficción. Guía de lectura. Nova, 1990, 409.or.
  2. I. Asimov: A Memoir. Isaac Asimov. Bantam Books. 1995. 251. or.