Toledoko VII. kontzilioa
Toledoko VII. kontzilioa Hispania Bisigodoko zazpigarren kontzilioa izan zen. 646ko azaroak 18an hasi zen Txindasvinto erregeak deitua, eta 41 gotzain izan ziren parte hartu zutenak (pertsonalki edo delegazio bidez).
Traizioari buruzko legea eskumikazio zigorra gehituz errudunentzat. Atzerrira erregearen edo godoen aurkako aktibitateak egiteko joaten zen edo laiko bati hala egiteko eskatzen zion klerigo oro, eliz hierarkian zuen kargua inporta gabe, mailaz jeitsia eta penitente iraunkor bihurtua izango zela erabaki zen (jaunartzea soilik heriotzaren orduan emango zitzaion); klerigo orok debekatua zuen penitenteari sakramentuak ematea, eta hala egiten zuena, erregearen agindu zuzenpean bazen ere, anatematizatua izango zen, eta onuratua izan zenaren zigor berberak jasoko zituen, errudunaren ondasunak Altxorrera pasako ziren, eta erregeak bere ondasunak itzultzea erabakitzen bazuen, soilik gehienez ere ehuneko hogei itzuli ahal izango zitzaion.
Kontzilioko I. kanonean, gotzainek, laiko bat matxinatu eta bere burua errege izendatzen bazuen, horretan lagundu zion gotzain edo apaiz oro eskumikatua izango zela adierazten zuten. Usurpatzaileak benetan errege bihurtzea lortzen bazuen, eta, beraz, horretan lagundu zioten klerigoak zigortu ezin baziren, usurpatzailea hil ondoren zigortuak izango ziren.
Kontzilio honetan Bragako Artzapezpiku bezala San Fruktuoso izendatua izan zen, Dumiumeko gotzaina zena. Urte berean izendatu zen beste bat 657an Aita Santua izango zen Eugenio II.a izan zen, kontzilioa ospatu zenean Zaragozako artxidiakonoa zena eta Toledoko gotzain metropoliar bezala izendatua izan zena.
Kontzilioko arau bitxi batek Erresumako hiriburutik gertuko elizbarrutietako gotzainek urtean zehar hilabete bat behintzat Toledon pasa behar zutela ezartzen zuen, erregearenganako erreberentziagatik eta errege egoitzaren ohorez eta Gotzain metropoliarraren kontsolamendu bezala. Probintzia guztikoak hogei baino gehixeago izango ziren, hogeitabat, gehi metropoliarra, zerrenden arabera. Bederatzi gotzaindegi zeuden Betikan, hamabi inguru Lusitanian, zortzi inguru Galizian, hamalau bat Tarraconensen eta zazpi Narbonensen, dagozkien artzapezpikutzaz gain. Gotzaindegi batzuk agian aldi batekoak izan ziren, ezagun guztien zerrenda laurogeitabira iristen bait da.
Kontzilioan ermitau erratuek zuten jokaera okerraren gaia jorratu zen. Egiten zituzten bidegabekeriak eragozteko eta horien ondorioz jasotzen ziren kexuak ekiditeko euren ordenako komentuetan egon behar zutela erabaki zen.
Kontzilioak Galiziako gotzainek parrokia bakoitzerako bisita eskubideengatik bi soldata baino gehiago ezingo zutela jaso, eta eliza monastikoak ordaintzetik at egongo zirela erabaki zuen. Bere urteroko bisitetan, gotzainak ezingo zuen berrogeitamar pertsonak baino gehiagok osatutako segizio bat eraman, ezta parrokia bakoitzean egun bat baino gehiago eman ere.
Aurrekoa Toledoko VI. kontzilioa |
Toledoko kontzilioak 646 |
Ondorengoa Toledoko VIII. kontzilioa |