Kaixo Galder,
Hezkuntza Atarian Ondarea ezagutu eta katalogatu izeneko proposamena aspalditik dago zabalik. Ez dakit nork zabaldu zuen, zuk edo nik, baina zuk egin zenuela uste dut. Eta ideia ona dela eta garatzea dugula pentsatu dut.
Gogoratzen dut 2017. urtean egon zela Ondarea gaiarekin argazkiak Commons-era kargatzeko lehiaketa bat.
Gogoan dut nola ibili ginen, esate baterako, Etor eta biok, lau umerekin, Bilbon zehar argazkiak egiten lehiaketarako erakutsi zen katalogoari jarraiki. Umeak oso pozik ibili ziren argazkiak egiten. (Baina gero, egia esan, argazkiak Commons-era kargatzea eta argazki-oinak idaztea, ez zen umeentzat batere erakargarri izan, eta Etorrek eta biok egin behar izan genuen).
Ideia zuk proposatu zenuela uste dudanez, ez dizut zapaldu nahi. Laguntzeko prest nauzu.
Argazki-lehiaketetan erabili ohi diren gai honekin, eta beste gaiekin ere, proposamen didaktiko erakargarriak egin daitezke:
1.- egin argazkiak eta kargatu (argazkiak edo bideoak) Commons-era,
2.- kargatzerakoan, gehitu etiketak + idatzi argazki-oinak; idatzi azalpenak.
IDEIEN ZAPARRADA
Ondarearen gaiarekin bezala, naturaren inguruko gaiekin ere hainbat proposamen egin litezke: fosilen argazkiak, EHko kobazuloen argazkiak, zomorroenak (intsektuak, koleopteroak, tximeletak), ugaztunak, txakur arrazak, EHko zuhaitzak (orriak, enborrak, arbolak bere osotasunean, arbolen loreak; udaberrian), EHko perretxikoak (udazkenean), EHko hegaztiak, txoriak; EHko anfibioak, EHko narrastiak, EHko lore autoktonoak eta endemikoak, EHko fruituak, EHko kaleetako plaken argazkiak (gero biografietan-eta txertatzeko), estatuak, monumentuak, baselizak...
Etiketak hautatzea, eta argazki-oinak idaztea, ikaslearen bigarren edo hirugarren hizkuntzan ere, kontua ondo girotuz gero, nahiko lan erraza eta erakargarri izan daiteke ikasleentzat. Hainbat konpetentzia landu daitezke batera, ikasleak taldeka antolatuz...