Txantiloi:2008-48 Nabarmendutakoa
Iruñeko entzierroa, Iruñeko festa nagusietan, Sanferminetan, burutzen den ekitaldi edo erritu ezagunena da, zalantzarik gabe. Bertan, arratsalde horretan ospatuko den zezenketan parte hartuko duten zezenak euren lo-lekutik zezen plazara eramaten dira. Entzierroa arrisku handiko jarduera da, bere funtsa zezenen aurrean lasterka egitea baita, hauen adarretara ahalik eta gehien hurbilduz. Zentzu honetan, entzierroa ez da joku bat, tauromakia ariketa konplexu bat baizik, bere teknika eta barne araudi espezifikoak dituena, edozein kasutan, errespetatu beharrekoak.
Iruñeako entzierroa egunean behin izaten da, uztailaren 7tik uztailaren 14a bitartean, biak barne (uztailaren 6an ez dago entzierrorik). Erritua goizeko 8:00etan hasten da, suziri baten jaurtitzearekin. Ondotik, Santo Domingoko ukuiluetako ateak ireki eta zezen saldoa maldan gora abiatzen da, ondoren Udaletxe Plazatik pasa eta Mercaderes kalea zeharkatzen dutelarik. Honen bukaerara heldu aurretik, Estafeta kalea hartzen dute bihurgune bortitz bat egiten. Kale luze hau bukatuta Telefonicako zati hesitua egiten dute ahalik eta, kailejoia gurutzatuz, zezen plazara sartu arte. Guztira 825 metroko ibilbidea da. Ibilbideak zati ezberdinak ditu, eta parte bakoitzak bere ezaugarri propioak.