Txantiloi:2017-43 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

2011ko maiatzeko Espainiako protestak edota M-15 Mugimendua, nazioartean ingelesez "Spanish Revolution", euskaraz "Espainiar Iraultza", espainiar estatuan, 2011ko maiatzaz geroztik eta 2012 urteko amaierara bitartean izan zen protesta eta gizarte mugimendua izan zen, hasieran hainbat hiritan kanpaldi iraunkorrak eginez aste batzuetan zehar eta politikoen eta interes ekonomikoen aurkako protesta-ekintza zuzenak ondoren, benetako demokrazia eta erreforma politiko eta sozioekonomiko sakonak exijitzeko. Protestetan parte hartzen zuten pertsonei gaztelaniaz Ciudadanos Indignados (euskaraz, Hiritar Haserretuak) deitu zitzaien. Protesta mugimenduak modu autonomoan garatu zen, bere baitan inongo talde edo erakunderen parte hartze nabarmenik gabe eta antolakuntza horizontal eta lauso batez. Hasierako ekimena maiatzaren 15ean Espainiako hainbat hiritan Democracia Real Ya taldeak eta atxikitako beste hainbat elkartek deituriko elkarretaratzeak izan ziren. Bertan milaka pertsona bildu ziren, sare sozialen bidez antolaturik, Espainian benetako demokrazia eskatuz, bi alderdi politiko nagusien (PSOE eta PP) ustelkeria eta nagusigoa, gazteen langabezia altua, gobernuak finantza krisia dela eta bankuei emaniko diru-laguntza salatuz eta beste hainbat aldarrikapenekin batera.