Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Artizarra

Artizarraren eta Lurraren tamaina.
Artizarraren informazioa audio moduan

Artizarra eguzki-sistemako bigarren planeta da, edo, zehazkiago esanda, eguzkitik hurbilen dagoen bigarrena, Merkurioren ondoren eta Lurra baino lehen.

Artizarra eta Lurra nahiko antzekoak dira tamainan, eta, Lurra bezala, planeta solidoa da eta atmosfera ere badu; haren gainazala harri basaltikoz osatuta dago.

Geologiari dagokionez, hainbat sumendi daude bertan eta euria egiten duenean, ez da ura izaten erortzen dena, azido sulfurikoaren antzeko zerbait baizik.

   Ba al dakizu   
Inork ezin du Artizarra bisitatu: haren atmosferako presioa Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoa da; hau da, hara joanez gero, erabat zanpatuta geratuko ginateke. Gainera, atmosferako hodeiak azidoak dira.

Artizarraren errotazioa eguzki-sistemako beste planeta gehienen alderantzizko norabidean gertatzen da. Horrek esan nahi du eguzkia mendebaldetik altxatzen ikusiko litzatekeela bertatik eta ekialdetik sartzen, hots, Lurraren kontrako moduan. Gainera, errotazio-periodoa oso handia da: egun-gau ziklo batek (Artizarreko eguzki-egun bat) 116,75 Lurreko egun irauten du; eta Lurreko urte batek, Artizarreko 1,92 egun.

Artizarrak badu argirik?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artizarreko atmosfera oso trinkoa da; gainera, berotegi-efektuko gasez osatuta dago batez ere (karbono-dioxidoa, adibidez); horregatik du oso tenperatura handia (460ºC inguru).

Hodei ugari daude, oso ilunak eta trinkoak, eta ez diote sartzen uzten eguzki-argiari; alderantziz, eguzki-izpiak islatu egiten dira bertan. Horregatik ikusten dugu zeruan gauean edo iluntzean; baina ez planetak argia duelako, islatzen duelako baizik, gure ilargiak bezala. Eta, izan ere, ilargiaren ondoren, zeruan ikus dezakegun objekturik argitsuena da.

Euskarazko izenak badu horrekin zerikusirik; argi-izarra esan nahi du, zeruko "izarrik argitsuena" balitz bezala. Baina, noski, izen hori ez da zientifikoki zuzena: ez da izarra, planeta bat baizik.