Wikipedia, Entziklopedia askea
Diskoboloa, diskoaren jaurtiketa.

Olinpiar Jokoak duela 2.700 urte baino gehiago hasi ziren Olinpian, Greziako hego mendebaldean. Greziarrek asko maite zuten kirola, eta Olinpiar Jokoak antzinaroko kirol ekitaldirik garrantzitsuena ziren. Lau urtean behin, 50.000 pertsona inguru joan ohi ziren mundu greziar osotik jokoak ikustera eta parte hartzera. Antzinako jokoak jaialdi erlijioso bat ere baziren; Zeusen izenean jokatzen ziren, jainkoen erregearen izenean.

Ez zegoen urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominarik. Irabazleei hosto-koroa bat ematen zieten, eta baita heroien gisako ongietorria egin ere beren herrian. Kirolariak euren hiriaren ospearengatik lehiatzen ziren, eta irabazleak jainkoen gogokoak zirela esaten zen.

Jokoak hasi aurretik, mezulariak bidaltzen zituzten “su-eten sakratu” bat edo bakea iragartzeko. Horrek esan nahi zuen gerra oro eten behar zela, jendeak Olinpiara segurtasunez bidaiatu ahal izateko.

Joko guztiak Zeusen omenez ziren. Bisitari mordoa joaten zen Zeusen tenplua ikustera. Barruan, jainkoen erregearen urrezko eta bolizko estatua erraldoi bat zegoen.

Olinpiar Jokoetako ekitaldi nagusia ez zen kirol-ekitaldi bat, sakrifizio bat baizik. Jokoen hirugarren egunean, 100 idi sakrifikatzen eta erretzen zituzten Zeusen aldarean.

Aldare hori ez zegoen harriz eginda, sakrifikatutako idien soberako errautsez baizik. K.a. 200 inguruan, errauts pilak sei metroko altuera zuen!

Olinpiar Jokoetan gizonek, mutilek eta neska ezkongabeek bakarrik har zezaketen parte. Ezkondutako emakumeek debekatuta zuten. Baimenik gabe sartzen harrapatuz gero, mendi batetik bota zitzaketen zigortzeko.

Alabaina, emakumeek Jokoetako gurdi-lasterketetan zaldiak eduki zitzaketen, eta emakume ezkongabeek euren jaialdi propioa zuten Olinpian lau urtean behin.

Heraia deitzen zen jaialdi hori, eta Heraren (Zeusen emaztearen) omenez egiten zuten. Irabazleei oliba-adar koroak ematen zizkieten, gizonei zein emakumeei. Baina antzinako Grezian, Espartako emakumeei bakarrik interesatzen zitzaien kirola.

Zein ziren Greziako Olinpiar Jokoetako kirolak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasterkariak.

Lasterketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasterketak izan ziren Olinpiar Jokoetan sartu zuten lehen proba. Atletek 192 metroko pista batean alde batetik bestera egiten zuten korrika estadioan.

Lasterketaren aurretik, lehiakideak harrizko marra batean lerrokatzen ziren. Inor lehenago irteten saiatzen bazen, deskalifikatu egiten zuten, eta tranpak egiteagatik jipoitu.

Lasterketarik gogorrenak Hoplitodromos zuen izena. Ekitaldi hartan, korrikalariek armadurarekin eta ezkutu batekin egiten zuten lehia; 25 kiloraino pisatzen zuten!

Diskoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proba horretan, kirolariek harrizko edo metalezko disko bat botatzen zuten ahalik eta urrunen.

Diskoa gaur egun erabiltzen ditugunak baino askoz handiagoa eta zapalagoa zen, eta ia bikoitza pisatzen zuen ziurrenik.

Jabalina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jabalina-jaurtiketa.

Antzinako jabalinak egurrezko makila zorrotzak ziren, eta metalezko punta zuten batzuetan. Atletek larruzko uhal bat ipintzen zioten, urrunago iristen saiatzeko. Jabalina jaurtitakoan uhala askatu eta biraka jartzen zuen jabalina.

Luzera-jauzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako luzera-jauzia gaur egungoaren oso desberdina zen. Ez zegoen abiada hartzerik, eta jauzilariek haien burua propultsatzeko “haltera” izeneko pisuak kulunkatzen zituzten besoetan.

Kirolariei laguntzeko, txirula jotzen zuen gizon bat egon zitekeen. Musikaren erritmoa erabiltzen zuten euren jauzia eta pisuen kulunkatzea neurtzeko.

Borroka eta boxeoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo jokoek bezala, antzinaroko Olinpiar Jokoetan borroka eta boxeoa egiten ziren. Hala ere, askoz bortitzagoak ziren!

Ekitaldirik gogorrena pankrationa zen. Ia araurik gabeko borroka zen. Aurkariari hozka egitea edo begian hatzak sartzea zen debekatuta zegoen bakarra.

Boxeoa ere gogorra zen. Borrokalariek larruzko eskularruak eramaten zituzten, eta boxeolariak bere aurkaria jotzen jarraitu zezakeen lurrera bota ondoren ere.  

Zaldi lasterketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroko Olinpiar Jokoetan zaldi-lasterketak eta gurdi-lasterketak egoten ziren.

Lehiaketa horiek hipodromo izeneko pista batean egiten ziren. Aulkirik ez zegoenez, ikusleek inguruko muinoetatik ikusten zituzten lasterketak.

Lehiakideek pistari 12 itzuli ematen zizkioten. Lekurik arriskutsuenak bi bihurguneak ziren, zaldizkoek lerrorik onena lortu nahi zutelako kurbarako. Hala ere, zaldien jabeak hartzen ziren irabazletzat, eta ez zaldizkoak.