Apollo 11 espazio-ontzi iparramerikarrak Ilargira eraman zituen lehen astronautak 1969an. Espazio-ontzia Floridako Kennedy lurmuturretik (orain Cañaveral lurmuturra), jaurti zuten uztailaren 16an. Lau egun ondoren, Neil Armstrong, Apollo 11ko komandantea, Ilargiaren gainazala zapaltzen zuen lehen pertsona bilakatu zen. Apollo 11 misioa Apollo programan garatu zen, NASAk 60ko hamarkadaren lehenengo urteetan hasitako proiektu bat, Ilargira iristea helburu zuena.
Uztailaren 16an jaurti zenetik uztailaren 24an Ozeano Barera bueltatu zenera arte, mundu osoko ehunka milioi pertsonak ikusi ahal izan zituzten telebistan Apollo 11ren hegaldiaren momentu garrantzitsu guztiak.
Apollo 11 espaziora bultzatzeko, 110 metro altuko jaurtiketa-ibilgailu erraldoi bat erabili zuten, Saturno V suziria. Espazio-ontzia lehendabizi lurraren orbitara iritsi zen, eta gero, Saturno suziriak bere hirugarren etapan Ilargirantz bultzatu zuen. Apollo 11n Armstrong eta bere kide ziren Edwin "Buzz" Aldrin eta Michael Collins zeuden.
Uztailaren 19rako, astronautak ontziaren abiadura moteltzen hasi ziren Ilargiaren orbitan sartzeko. Apollo 11 orbita ia zirkular batean sartu zen, Ilargiko gainazaletik 100 eta 122 kilometro bitarteko distantziara. Uztailaren 20ko goizean, Armstrong eta Aldrin Columbia ontziko aginte-modulutik Eagle ilargiratze-modulu desmuntagarriraino arrastatu ziren interkonexio tuneletik. Gero, 12. orbitako amaiera aldera, Apollo 11 espazio-ontzia bi espazio-ontzi bereizitan banatu zen. Columbia zatia Collinsek gidatzen zuen, eta Eagle edo Arranoan Armstrong eta Aldrin zeuden.
Eagleko bultzada sistema abiaraztean, bi astronautak orbita ia zirkularretik orbita eliptikora aldatu ziren. Ilargira gehien hurbildu zirenean, 15.000 metrotara baino ez zeuden. Momentu horretan, motorra berriro piztu zuten Ilargiko gainazalera jaisteko fasea hasteko. Gainazaletik 150 metrora zeudela, Armstrong eskuz maniobrak egiten hasi zen arrokaz beteriko krater batean ez pausatzeko. Hala ere, motor nagusiak kontrol automatikopean jarraitu zuen.
Armstrongek ilargiratzeko egokia zen eremu bat topatu zuen. Estatu Batuetako ekialdeko (EDT) udako ordutegiko arratsaldeko 4:17etan Armstrongek irrati bidez NASAko misioaren kontrolera deitu zuen, Texasko Houstonera, eta ilargiratzearen berri eman zien honako hitz hauen bidez: “Houston, hemen Lasaitasun Basea. Arranoa ilargiratu egin da”. Eagle Mare Tranquillitatis delakoan pausatu zen, eremu laua izateagatik hautatu baitzuten.
Ia 7 ordu geroago, Armstrong modulutik Ilargiko gainazaleraino jaitsi eta honako hitz historiko hauek esan zituen: “Hau urrats txikia da gizakiarentzat, baina jauzi erraldoia gizateriarentzat”. Ilargiaren gainazala “hauts finez estalita” zegoela eta mugitzeko zailtasunik ez zegoela esan zuen. Handik 20 minutura, Aldrin batu zitzaion.
Astronautek bi ordu igaro zituzten Ilargiko gainazaletik ibiltzen. Hainbat tresna zientifiko zabaldu zituzten: Ilargiraino iristen zen eguzki-haizearen osaera neurtzeko tresna bat zen haietako bat; bestea Lurreko behatoki astronomikoetatik laser izpiak jasotzeko gailu bat zen, bi gorputzen arteko distantzia zehatza neurtzeko. Gainera, 23 kilogramo inguru arroka eta zoruko laginak bildu eta argazki asko egin zituzten. Bitartean, irrati bidezko etengabeko komunikazioa mantendu zuten NASAko misioaren kontrolarekin.
Ondoren, Armstrong eta Aldrin Ilargi-modulura itzuli ziren. Ilargian 21 ordu baino gehiago egon ostean, astronautek Eagleren suziriak erabili zituzten modulua Ilargi-orbitara jaurtitzeko. Hainbat maniobra eta gero, Eaglek eta Columbiak bat egin zuten eta pixka bat geroago, Lurrerako bidaia hasi zuten.
Apollo 11 uztailaren 24an iritsi zen Lurrera, Ozeano Barera, Hawaiitik 1.400 km mendebaldera. Astronautak berrogeialdian jarri zituzten berehala susperraldi-itsasontzian eta Houstonera eraman zituzten. Berrogeialdiak iraun zuen bitartean, medikuek astronauten osasuna kontrolatu zuten, Ilargian gaitzen bat harrapatu ote zuten ikusteko. Berrogeialdia abuztuaren 10ean bukatu zuten.
Ordutik aurrera, Apollo 11ko hiru astronautek nazioarteko bira batean parte hartu zuten eta txalo ugari jaso zituzten unibertsoaren giza esplorazioan aro berri bat irekitzen egindako lanagatik.
Columbia modulua Washington, D.C.-n dago orain, Espazio eta Airearen Museo Nazionalean.
Irudi batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Misioaren intsignia.
-
Saturno V suziria.
-
Columbia modulua Eagle-tik egindako argazkian.
-
Eagle modulua, Columbiatik egindako argazkian.
-
Ilargiratzearen bideoa.