Txikipedia:Telesforo Aranzadi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Telesforo Aranzadi, 1930eko argazki batean.

Telesforo Aranzadi Unamuno (Bergara, Gipuzkoa, 1860 - Bartzelona, 1945eko otsailaren 12a) Euskal Herriko antropologo bat izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak Madrilen egin ondoren, farmazian (1882) eta zientzi naturaletan (1889) doktoratu zen. Bitartean antropologiaz zaletzen hasia zen eta 1891. urtean, hogeita hamaika urte zituela, Parisko Antropologia Elkarteak sari bat eman zion ikuspegi antropologikotik euskaldunei buruz egindako ikerlan batengatik. Irakasle izan zen Granadako Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitatean. Antropologia, Etnologia edo Natur Zientzien alorreko Elkarte askotako kide izan zen.

1905. urtetik aurrera, Euskal Herriko leize, harrespil eta trikuharriak aztertzen hasi zen. 1917an Jose Migel Barandiaran ezagutu zuen, eta Enrique Egurenekin batera Aralarko trikuharriak ikertu zituen

Hego Euskal Herri osoan egindako lanez gain, Iberiar Penintsulan ere lan asko egin zuen. 1936. urtean bere aurkikuntza garrantzitsuenetakoa egin zuen: Euskal Herrian ordura arte inoiz aurkitu izan zen burezur zaharrena, hain zuzen. Itziarren eginiko aurkikuntza horrek Madeleine Arora arte eraman zuen euskaldunen antzinatasuna.

G. Humboldt, Frizzi, Haberlandt eta beste zenbaiten lanak gaztelaniara itzuli zituen. Antropologia , etnografia eta geografia alorreko lan ugari argitaratu zuen atzerriko zein Espainiako aldizkari espezializatuetan. Bertako aldizkarietan ere artikulu asko argitaratu zuen, «RIEV», «Euskalerria», «Euskalerriaren alde», «Yakintza», «Hermes», etab. Liburuen, artikuluen eta beste argitalpenak bilduz, guztira hirurehun idazlan eman zituen argitara.

Espainiako Gerra piztu zenean, Bartzelonara itzuli zen eta bertan hil zen, 85 urterekin.


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]