Wikipedia, Entziklopedia askea

Arte modernoa

Eduki-taula

Van Gogh, Probentzako errepide bat gauez (1889).

Arte modernoa artearen teknika tradizionalei uko egiten diena da, gehienbat 1860tik 1970era arteko mugimendu artistiko asko biltzen dituena. Egia esanda, edozein arte mota har daiteke arte modernotzat, pintura, eskultura, arkitektura eta argazkigintza barne.

Pintura modernoa Inpresionismoarekin hasi zen, Frantzian, XIX. mende bukaeran. Inpresionisten aurretik, mezenasek edo erakunde aberatsek benetakoak ziruditen eszenak eskatzen zizkieten artistei irudikatzeko. Artistek erregela zorrotzak jarraitu behar zituzten, artelan bakoitza eszena nagusi baten irudikapen perfektua izateko. Arte mota hori arte figuratiboa deitzen da. Inpresionistak ordea, hortik aldendu ziren. Gai errealista baten kopiak egin ordez, argiaren efektuetan eta kolorean zeuden interesatuta. Horrek abiapuntu berri bat eman zien inpresionisten ondoren etorri ziren artistei. Claude Monet, Mary Cassatt eta Vincent Van Gogh, adibidez, inpresionistak ziren.

Postinpresionistak (Inpresionismo ondokoak) argi eta garbi modernoagoak ziren. Haien lana inpresionismoaren luzapen bat izan zen, baina oso arte bereizgarria sortu zuten. Haien arteko gaiak tradizionalak ziren, hala nola paisaia eta erretratuak, baina pintura horiek konposatzeko moduak bihurtzen zituen lan horiek hain desberdin. Postinpresionistek kolore ez naturalak erabiltzen zituzten, edo pintura modu ezohikoan aplikatzen zuten. Teknika berri horiei esker, artistek mundua ikusteko modu berezia partekatu ahal izan zuten. Adibidez, Vincent Van Goghek kolorezko lerro dardarti eta kurbatuak erabili zituen paisaia naturalari emandako erantzun emozionalak adierazteko.

Arte abstraktuaren garapena Postinpresionismoarekin hasi zen. Postinpresionismoaren ondorengo hurrengo hamarkadetan, artistek artearen eta itxura naturalen arteko aldea nabarmendu zuten. Azkenik, arte abstraktua sortu zen. Arte abstraktuan ―arte ez ez-figuratiboa ere deituan― ez da mundu errealeko ezer irudikatzen. Horren ordez, formak, lerroak eta testurak erabiltzen ditu, eta kolorean zentratzen da.

1890eko hamarkadaz geroztik, arte modernoaren oinarrian dauden hainbat mugimendu eta estilo sortu ziren. Mugimendu berri horien parte dira neoinpresionismoa, sinbolismoa, kubismoa, espresionismoa, dadaismoa, surrealismoa, pop artea eta minimalismoa. Artista moderno ezagunenetako batzuk Pablo Picasso, Jackson Pollock, Andy Warhol, Tamara de Lempicka edo Mentxu Gal dira.



eta