Arteria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Giza bihotza eta aorta izeneko arteria.

Arteriak odola bihotzetik gorputzeko organo guztietara garraiatzen duten hodiak dira.

Oxigenoz eta elikagaiz kargaturik dagoen odola («odol garbia», alegia), gorputzetik barreiatzen dute. Bihotzaren taupadei esker iristen da organo guztietara.

Arteriek pareta lodiak dituzte, sendoak baina elastikoak, presio handia jasan ahal izateko.

Arteria nagusia aorta da, bihotzetik ateratzen dena.

Desberdinak al dira zainak eta arteriak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arteriek odol oxigenatua garraiatzen dute bihotzetik gorputzeko organo guztietara; zainek, berriz, organoetatik bihotzetara itzultzen dute odola, karbono dioxidoz beterik, oxigenoa galdu eta gero («odol zikina», nolabait esanda). Odol hori, gero, biriketatik pasatuko da, arnasten dugunean hartzen dugun oxigenoa jasotzeko.

Arteriek presio handiz ponpatzen dute odola bihotzetik; horregatik behar dituzte pareta lodiak, presio hori hobeto jasan ahal izateko. Zainek, aldiz, presio txikiagoz itzultzen dute odola bihotzera, eta, horregatik, haien paretak meheagoak izaten dira.

Zainek, bestalde, halako balbula batzuk izaten dituzte barrutik, ilargi-erdi itxurakoak, odola norabide egokian joateko eta atzera ez joateko.

Arterietatik dabilen odolak kolore argiagoa izaten du, oxigenoa duelako; aldiz, zainetatik dabilena ilunagoa izaten da, oxigenorik ez duelako, hain zuzen.

Zirkulazio-aparatua irudikatzen duten marrazki eta grafikoetan, arteriak gorriz jartzen dira eta zainak urdinez, batzuk eta besteak erraz bereizteko.


Taula honetan laburtuta ikus ditzakezu zain eta arterien desberdintasunik garrantzitsuenak:

Arteriak Zainak
Zer dira? Odola bihotzetik gorputzeko organo guztietara garraiatzen duten odol-hodiak Odola kapilarretatik bihotzera itzultzen duten odol-hodiak
Zer egiten dute? Oxigenoa duen odola (“odol garbia”) garraiatzen dute Karbono dioxidoa duen odola (“odol zikina”) garraiatzen dute
Nolakoak dira? Pareta lodi eta sendoak dituzte, presioa jasateko Pareta meheagoak dituzte, presio txikiagoa izaten dutelako
Balbulak dituzte? Ez Bai