Wikipedia, Entziklopedia askea

Birika

Arnasketaren une desberdinak eta biriken eta diafragmaren mugimenduak: arnasgora, airea hartzen dugunean; arnasbehera, airea kanporatzen dugunean.

.

Birikak arnas-aparatuko organoetako batzuk dira, arnasteko erabiltzen ditugunak. Birikei esker, arnasa hartzean, bizi ahal izateko behar dugun oxigenoa jasotzen dugu airetik; arnasa botatzean, berriz, karbono dioxidoa askatzen dugu. Gasen truke hori (oxigenoa eta karbono dioxidoa gasak baitira) albeoloetan gertatzen da; hau da, biriken barruan dauden atal txiki-txikietan.

Zelulek oxigenoa behar dute energia sortzeko; lan horretan, zelulek karbono-dioxidoa ekoizten dute. Birikak dira oxigeno eta karbono-dioxidoaren truke horretaz arduratzen diren organoak. Gainera, bihotza babesteko ere balio dute.

Arnastutako oxigeno hori odolera joaten da, gero gorputz osora zabaltzeko. Eta arnasketa egitean kanporatzen duguna odolak dakarren karbono-dioxidoa da.

Non daude birikak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birikak bularraren barruan ditugu, bihotzaren bi aldeetan. Bi dira, itxuraz antzekoak, baina ez berdinak; izan ere, eskuinaldekoa pixka bat handiagoa da ezkerraldekoa baino, ezkerraldekoak bihotzari lekua utzi behar diolako.

Birikak pleura izeneko mintz batek biltzen ditu, infekzio eta gaixotasunetatik babesteko.

Biriken behealdean diafragma izeneko muskulu bat dago. Arnasketa errazteko helburua du: diafragma uzkurtu eta zabaldu egiten da horretarako; era horretan, diafragma beherantz zabaltzen denean, bular-kaxa delakoa handitu egiten da eta birikak handiago egin daitezke, airea hartzen dutenean. Aldiz, diafragma uzkurtzen denean, airea biriketatik irteten da.