Zirkulazio-aparatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Zirkulazio-aparatuaren arteriak (gorriz) eta zainak (urdinez); bihotza ere ikusten da, laranja kolorez.

Zirkulazio-aparatuak oxigenoa eta elikagaiak eramaten ditu gure gorputzeko toki guztietara. Odolaren bidez egiten du garraio hori.

Gure gorputzeko zelulek oxigenoa eta elkagaiak behar dituzte funtzionatu ahal izateko. Horrenbestez zirkulazio-aparatuak arnasa hartzen dugunean hartutako oxigenoa eta jaten dugunean hartutako elikagaiak zelula guztietara eramaten ditu.

Zirkulazio-aparatuaren elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotza odola gorputz osoan zehar mugiarazten duen motorra edo ponpa da. Bihotz taupadek odolaren mugimendua sortzen dute.

Odola zirkulazio-aparatuan zehar mugitzen den likidoa da, arteria, zain eta kapilarretan zirkulatzen dena. Oxigenoa eta elikagaiak garraiatzen ditu, besteak beste.

Arteriak, zainak eta kapilarrak hodi edo konduktu txikiak dira (kapilarrak txikienak). Odola hodi horietatik zirkulatzen da. Gorputz osoan daude eta zelula guztietara iristen dira. Oxigenoa hartzen dute biriketan eta elikagaiak jasotzen dituzte hesteetan (eta gorputzeko toki guztietara eramaten dituzte).

Gorputzeko arterietan odolak oxigenoa garraiatzen du, eta gorputzeko zainetan karbono dioxidoa (azken hau zelulek sortzen dute euren metabolismoaren ondorioz)

Odolaren zirkulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odolak, bihotzak bultzaturik, gorputz guztian egiten duen ibilbideari deitzen zaio zirkulazioa. Ibilbide hori bikoitza da:

  • Biriketako zirkulazioa: fase honetan, bihotzean karbono dioxidoz kargaturik dagoen odola birika-arteriatik atera eta biriketara heltzen da; han, karbono dioxidoa uzten du eta arnasketan hartu dugun oxigenoaz kargatzen da; azkenik, bihotzera itzultzen da birika-zainetik.
  • Zirkulazio orokorra: odola, oxigenoz beteta, bihotzetik irteten da aorta izeneko arteriatik eta gure gorputzeko atal eta zelula guztietara iristen da, oxigenoa garraiatuz; handik, karbono dioxidoa jaso eta bihotzera itzultzen da.

Bestalde, heste meharretik pasatzen den odolak digestioan lortu ditugun mantenugaiak jasotzen ditu.

Giltzurrunetara heltzen denean, odola iragazi eta garbitu egiten da; han utzitako hondakinak gernu edo txizaren bidez kanporatzen dugu.