Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👂 Entzun!
Definizio laburra Diximed proiektuan.
Zelula prokariotoaren egitura.

Bakterioak zelula bakarraz osatuta dauden izaki bizidun batzuk dira, organismo unizelularrak, alegia. Mikroorganismoak dira (mikrobioak ere deituak) eta gure planetako izaki bizidun ugarienak dira. Ez dute nukleorik. Badira mikrobio batzuk nukleoa dutenak, adibidez legamiak, baina horiek ez dira bakterioak.

Bakterio batzuek gaixotasun infekziosoak eragin ditzakete, eta horregatik, patogenoak direla esaten da (grezieratik pathos = "gaixotasuna" eta genein = "sortu"); baina asko onuragarriak dira gizakiarentzat; are gehiago, oso onuragarriak dira sinbiosia gertatzen denetan edota zenbait industri prozesutan. Bestalde, materiaren zikloetan (karbonoaren zikloan zein nitrogenoaren zikloan) parte hartzen dute, eginkizun garrantzitsua dutelarik. Lurreko ekosistemetan betetzen duten zeregina oso garrantzitsua da. Horregatik, esan ohi da bakteriorik gabe ez litzatekeela posible izango gizakirik, animaliarik edo landarerik ere egotea.

Animalien zelulak baino 50 aldiz txikiagoak dira, 1 mikrometro inguru, hots, metro maten milioirena. Horregatik, nahiko zaila izaten da mikroskopio optiko batez behatu ahal izatea. Bakterioek kromosoma bat baino ez dute.

Bakterioak mota guztietako habitatetan aurki daitezke: lurzoruan, uretan, airean, bai eta beste bizidunen barruan ere. Habitat gogorrenetan ere bizi daitezke, bestelako bizidunik egon ezin den lekuetan: 0Âș C-tik beherako tenperaturetan bezala, baita 100Âș C-tan ere; itsaso sakonean, 5.000 metrotik behera, ikaragarrizko presioak jasanez; habitat azidoetan (pH=1) eta urik gabeko tokietan, etab.

Noiz aurkitu ziren?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Louis Pasteur izeneko zientzialari frantses batek frogatu zuen XIX. mendearen bukaeran bakterioak existitzen zirela, eta zientzia berri bat sorrarazi zuen: Mikrobiologia. Pasteur baino lehen, sorkuntza espontaneoaren teoria zen nagusi, hau da, bizidunak materia bizigabetik sor zitezkeela zioen teoria biologikoa. Zientzialari honek berak aurkitu zuen bakterioak hiltzeko modu bat, batez ere kontserbetarako edo esnerako: pasteurizazioa.

Zein mota daude?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterioak mota desberdinekoak dira. Adibidez, oxigenoaren beharraren arabera, bi multzotan banatzen dira:

  • Aerobioak: oxigenoa behar dutenak.
  • Anaerobioak: oxigenorik behar ez dutenak.

Itxuraren arabera, aldiz, honelakoak izan daitezke:

  • Baziloak: luzangak, eta 1 eta 10 ”m (mikrometro) bitarteko diametrokoak.
  • Kokoak: biribilak, eta 1 eta 2 ”m (mikrometro) bitarteko diametrokoak.
  • Espiriloak eta bibrioak: kiribilak edo kakotx itxurakoak.

Zertaz elikatzen dira?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterioak materia organikoz elikatzen dira: azukrea, almidoia, zelulosa, proteinak, koipeak, karbohidratoak... Horretarako, entzima batzuk sortzen dituzte, molekula handiak degradatzen (suntsitzen) eta molekula sinple bihurtzen uzten dienak haietaz elikatu ahal izateko.

Nola ugaltzen dira?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organismo asexuatuak dira (ez dute sexurik), eta zatiketa zelularraren bidez ugaltzen dira, beren burua erdibituz alegia: zelula batek (bakterio ama deitua) bi zelula berdin (zelula kume deituak) sortzen ditu; hauek amaren ondare genetiko berbera dute, eta haiek ere zelula ama bihurtzen dira, etab.

Zenbat bakterio mota daude?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Escherichia coli, gure hesteetan bizi den bazilo bat.

Ez dakigu zenbat bakterio mota dauden. Gizakiok 25.000 inguru aurkitu eta deskribatu ditugu, baina baliteke milioi bat espezie egotea ere. Zaila da, bakoitza isolatu, landu eta aztertu behar delako. Hala ere, badira oso ezagunak diren batzuk, adibidez:

  • Lactobacillus bulgaricus: jogurtak ekoizteko erabilia dena.
  • Bordetella pertussis: kukutxeztula izeneko gaixotasuna eragiten duena.
  • Escherichia coli: gure digestio-hodian bizi dena.
  • Streptococcus pneumoniae: pneumoniak eragiten dituena.
  • Salmonella: infekzioak eragiten dituena digestio-aparatuan